Gerardo López de la Monjaren zenbait argazki santurtziar (1855-1945)

Gure argazkilaria 1874an heldu zen Bilbora, setio karlista desegin zuen armadarekin batera. Eta Bilbon geratu zen, susmoa zuelako

hiriak laster goraldia ezagutuko zuela.

Merkatari-lanean hasi, eta laster aduana-agente egin zen. Horri esker, ekonomikoki gora egiteko aukera izanda, Bilboko burgesia industrial eta komertzial boteretsuaren kide izateraino heldu zen.

Argazkizale amorratua zen, izan ere, bere artxibategia, kristal estereoskopiko euskarrian dauden hirurehun argazkiz gora osatuta bera, “Euskal ikasketetarako fundazio popularrean” dago zaintzapean. Argazki-funtsan familia-argazkiak daude etxeko giroan aterata, “eta batez ere lurralde osoko eskualdeetan egindako txangoetan ateratako argazki ugari. Bertan Bilboko eguneroko bizimodua ikusten da, prozesio erlijiosoak eta bereziki Abrako badiako paisaiak eta itsasadarraren ertzeetako herriak: Portugalete, Santurtzi, Areeta, garai hartan oso toki preziatuak baitziren uda partean atseden hartzeko”.

Lehenengo hiru argazkiak Susana Txabarri Perezek jaso ditu “Un Bilbao industrial en expansión, La mirada de Gerardo Gutiérrez de la Monja” izenburupeko komunikazio interesgarrian, Zaragozan 2017ko urriaren 25etik 27ra egin ziren “II Jornadas sobre investigación en historia de la fotografia” jardunaldietan, esteka honetan irakurgai.

Ume zarpailtsu-talde bat ikusten da Txurrukak nasak lerrokatzean sortu zen “El Relleno” pasealekuan. Argazkilariak erretratuan ateratzen diren umeen txirotasunaren ondoan, udatiarren seme-alabak eta atzeko aldean ikusten ditugun udako etxe dotoreak nabarmendu nahi izan ditu, egoera biak nolabait kontrajarriz. Etxetzarrak eta jauregiak dagoeneko ez daude itsasoaren pare-parean. Eskuin aldeko lehenengo eraikina San Gines txaleta da, ondoan Arana Jauregia ikusten da kolore argitan, eta haratago Oriol Jauregitzarra ilunago. 1908rako lerrokatzeko behar ziren harresiak eraikita zeuden, eta 1910erako pasealekua amaituta. Argazkia gaur egun dagoen parkearen ipar-aldean atera zelakoan gaude.

Emakume eta neskato talde bat ikusten da, ziur aski udatiarrak, arrantza-porturako bidean ontzian txangoa egin ondoren. Atzean burdinazko nasa, 1887an amaitu zena.

Arrantzale bat ontzian, eskuan tangart bat duela, ontzitik ura ateratzeko erabiltzen zen zurezko baldea.

Irudiaren iturria: Santurtzi.biz

3 argazkiko sorta, denak oso antzekoak. Traineru bat porturatzen ikusten da ,eta herritar-talde bat zain edo argazkirako paratuta. Atzean udaletxea dago, 1902an eraikia bera.

Karmengo Andra Mariren itsas-prozesioaren hamaika argazki egin zituen, fundazioaren webgunean erakusgai. Hona pare bat ekarri dugu.

Gaur egun Gutiérrez de la Monja artxibategia katalogatzen eta digitalizatzen ari dira; beraz, espero dugu laster gure herriaren iragana ezagutzen lagunduko diguten argazki gehiago izatea.

Liburutegi Nagusia (E.B.C.)

Utzi iruzkina