“Bizkaiko boto-eskaintzak, itsasoaren inguruko sinesmenak” Bisita gidatua

Cartel de la exposiciónEkainaren 23an, osteguna, 19:00etan, Ondare aretoan (Maria Diaz de Haro, 11) santurtziar batzuok “Bizkaiko boto-eskaintzak, itsasoaren inguruko sinismenak” erakusketaren bisita gidatuan parte hartu genuen, Santurtziko Liburutegien Sareak antolatua.

Xabier Armendariz itsas-historialari eta erakuslearen komisarioaren azalpenei esker itsasoari buruzko erakusketaz gozatu genuen, zein hamar urte luzeko lan eskergaren emaitza izan den. Itsasoko boto-eskaintzek informazio garrantzitsua ematen dute hainbat diziplinatan, hala nola, ontzi-arkitekturan, etnografian, antropologian eta ontzigintza-historian.

This slideshow requires JavaScript.

Erakusketak zer esan nahi duen ulertu ahal izateko antzinako garaietara jo behar dugu. Hasiera batean, itsasoan bizi ziren jainkoei askotariko elementuak eskaintzen zitzaizkien itsasaldi ona eta lehorreratze ziurra izateko.

Ondare Aretora heldu gara (Bilbo)

Ondare Aretora heldu gara (Bilbo)

Kristautasuna heltzean interpretazioa aldatu egin zen: Jainkoak zeruan bizi ziren, munstroak eta deabruak, berriz, itsasoan. Horrela bada, erabat beharrezkoa zen santu edo birjinaren bati gomendatzea, Jainkoaren aurrean euren alde egin zezaten itsasaldiaren arrisku ugaritik salbu ateratzeko. Laguntza honen truke objektu baliotsu bat emateko konpromisoa hartzen zen: boto-eskaintza. Gaztelaniazko exvoto hitza latinezko “exvoto suscepto” esamoldetik dator, zeinen itzulpen zuzena “botoaren ondorioz” den. Hortaz, kontratua hautsiezina zen eta, gainera, publikoa izan behar zuenez, herritar guztiek jakin behar zuten zein ordutan eta non jasoko zen jainkoaren laguntza eskertzeko egindako eskaintza.

Aurkezpena eta sarrera Xabier Armendárizen eskutik

Aurkezpena eta sarrera Xabier Armendárizen eskutik

Zenbait boto-eskaintza mota daude: batetik, gratulatorioa, babesa eskatu eta berau jaso ondoren ematen zena; bigarrenik, jabalgarria, antzina nagusi zena,  itsasaldi zaila egin aurretik eskaintza egiten zenean jainkoaren babesa lortzeko; eta azkenik, oroitzapenezkoak, data zehatz batean gertatutako zerbaitengatik eskerrak emateko eta itsasoan galdutako senide eta lagun minen oroimenez egiten zirenak.

Hiru dimentsioko eskaintza-oparien gelaren ikuspegi orokorra

Hiru dimentsioko eskaintza-oparien gelaren ikuspegi orokorra

Bizkaiari dagokionez, boto-eskaintzak itsas-aldeko tenpluetan ez ezik, Urduña edo Zalla bezalako barruko aldeko herrietan ere badaude, hainbat itsas-gizonen sorterriak izan zirelako haiek. Garai hartan oinordetza-sistema estua zegoen, horrela bada, premuak baserria oso-osorik jasotzen zuenez, gainerakoek aukera gutxi izaten zuten: edo apaiz sartu, edo miliziara jo edo itsasoratu.

Mamarigako santutegia Bizkaiko itsasbidean, 1696an

Mamarigako santutegia Bizkaiko itsasbidean, 1696an

Bestalde, kontuan hartu behar da lanbroa dela-eta gutxi ikusten zen egunetan itsasgizonek talaia edo gailur nabarmenetan zeuden santutegiak erabiltzen zituztela erreferente gisa salbu lehorreratzeko. Ildo horretan nabarmentzekoa da Santurtziko kasua, izan ere, duela gutxira arteko mapa nautikoetan Santurtzi barik, Mamariga agertzen zen, Itsasoko Amaren santutegia muino batean zegoelako.

Hiru dimentsioko edo maketan dauden boto-eskaintzak ikusiko ditugu orain, orokorrean elizetako gangetan eskegita agertzen direnak. Zenbait egur landugabean eginda badaude ere, orokorrean, oso ontzi landuak izaten dira, ontzia xehetasun handiz artisau eta ontzi-arotzek eskalan eginda, botoa egin zuen itsasgizonaren eskaerari erantzunez. Baina itsas-historialari batentzat interesgarriena dena (eta ez garenontzat ere bai) boto-eskaintza hauek gordeta dituzten istorioak dira.

“Bilbaina” fragata

“Bilbaina” fragata

Horren adibide “Bilbaina” fragata dugu, Zallako Herrera auzoko Santa Isabel elizatik berreskuratu eta zaharberritu ondoren, ondo egindako erreprodukzioen eredua delako. Hala ere, garrantzitsuena ontzi honen atzean dagoen istorioa da: 1815ean uretaratu zen eta dokumentazioan jasotakoaren arabera, Antonio del Casal kapitain santurtziarraren gidaritzapean itsas-bidaietan, besteak beste, “ebano egurra” garraiatzen zuen (kolonietarako esklabo beltzak zirela adierazteko eufemismoa), horixe bera zelarik familia askok egiten zuen jarduna.

Edo “21 de Julio” Bricbarcak gordetzen duena. Itsasontzi hori 1876ko uztailaren 21ean, euskal foruak baliogabetu ziren egunean, uretaratu zen Bilbon eta 1931n Euskal Museoak erosi zuen. Handik urte batzuetara, zaharberritzen ari zirela, gainaldeko sabaizuloa irekitzean estatua edo jostailu baten oin txikia eta emakume erretratu bi aurkitu zituzten: batean, emakume bat ikus daiteke victoriar garaiko jantziak soinean eta bestean, neska gazte baten lehen planoa. Aztertu ondoren, pertsona bera zela ondorioztatu da. Nor zen emakume hori? Zergatik zeuden argazkiak? Nork utzi zituen? Eta oinak zer esan nahi du? Batek daki inoiz jasoko ote ditugun galdera hauen guztien erantzunak…

“21 de julio” brikaren misterioa

“21 de julio” brikaren misterioa

Ez da makala Mamarigako Itsasoko Amaren santutegiko merkataritza-fragataren istorioa eta eta Zierbenako Portuko Amaren santutegian dagoen boto-eskaintza piktorikoarekin duen lotura. 1761ean, Manuel del Cabo kapitainak enbata bortitz bati egin behar izan zion aurre, baina bizirik ateratzea lortu zuenez, botoa betetzeko Portuko Amarentzat margolana egitea agindu zuen. XX. mendearen hasieran, Manuel Calvok balio handiko eraztun bat galdu zuen, eta itsasoko amari berau aurkitzeko laguntza eskatuta aurkitu egin zuenez, etxean zeukan birraitonaren fragata bat eskaini zion esker onaren seinale. Elizako sabaitik jaitsi zutenean erakusketa baterako, popako ispiluan  Andra Mariaren irudia zegoela ikusi zuten, mantu urdina jantzita zuela, hau da,  Portuko Amaren janzkera berdin-berdina. Hortik ondorioztatu daiteke bai margolana eta bai fragata gertakari berekoak direla eta haiei esker, familia bateko historia zabaldu ahal izan da.

Manuel Calvoren boto-opariak

Manuel Calvoren boto-opariak

Bisitarekin jarraituz, boto-eskaintza piktoriko edo dimentsio bikoetara heldu gara. Hauek normalean informazio handiagoa ematen dute. Hiru atal izan ohi dute: oihalaren goiko aldean miraria ekarri duen jainkoaren irudia agertzen da edo, jainkorik ezean, argigune edo argi-izpi bat enbataren erdian; erdiko aldean, berriz, istripuaren irudia; eta beheko aldean, gertakaria kontatzen da idatziz xehetasun handiz.

Itsasoko Ama elizako boto-opari piktorikoa (Santurtzi)

Itsasoko Ama elizako boto-opari piktorikoa (Santurtzi)

Santurtziko Itsasoko Amaren elizako margolanari dagokionez, antza denez ez da berez boto-eskaintza bat. 1906an pintatu zuten, baseliza berreraiki ondoren inauguratu zuten urtean hain zuzen; hortaz, xedea, ziur aski, mirariak eta Andra Mariak itsasoan ematen duen babesa islatzea izango zen

Bitxia da Pobeñan (Muskiz) dagoen Soroskundeko Amaren baseliza, bera baita oso-osorik eskaintza-oparia. 1768Ko urriaren 15ean Colon pakebotea, Pedro de Llano kapitaina zuela, Habanara egin zuen bidaietako batean enbata ikaragarri bati egin zion aurre, hain handia, non eskifaia hiltzeko zorian egon zen. Andra Mariari otoitz egin eta handik 4 egunera Habanan lehorreratu ziren. Horrela bada, koadroa eskaintza-opari gisa eman ez ezik, berau jartzeko baseliza bat eraikitzea ere agindu zuen.

Baina gauzak zer diren! inbentario hau egitean jakin genuen primeran kontserbatutako beste koadro bat zegoela, Madrileko enkante-etxe batean erosia bera. Erosleari esker, erakusketan koadro biak ikusi ahal izan ditugu.

Benetan bitxia da egile berak margotutako bi koadro berdin-berdinak egotea, euren artean 40 urteko aldea dagoelarik. Gainera benetan lagungarria gertatzen ari da koadroa zaharberritzeko egiten ari diren lana, baselizan zegoena kresalak, hotzak eta hezetasunak hondatuta egoteaz gain, jatorrizko irudia lausotuta agertzen zuen, gainetik zenbait pintura-geruza zituelako.

Soroskundeko Andra Maria (Pobeña)

Soroskundeko Andra Maria (Pobeña)

Izen handiko artistek egindako eskaintza-opari asko daude, orokorrean kalitate baxuko pinturatzat hartzen diren horietatik nahiko urrun, oso koadro onak dira eta. Horien artean Begoñako basilikan aurkitutakoa. Koadroa zaharberritzean jakin zen C. Gregoryk margotu zuela 1953an, itsas-koadroen margolari ospetsua bera, lan nagusia Londreseko National Galleryn duena. Horrez gain, Jacob Ahrend Hinrich Bötgerren ur-margoak ere badaude, zein ontziak marrazten eta itsasoko erretratuetan espezializatu zen ospe handia lortuz. Ur-margo honek xehetasun handiz erakusten du 1841ean Manuel de Siberia kapitainaren gidaritzapean “Hermoso Habanero” brigantin espainiarrak izan zuen istripua.

Jacob Börtgerren ur-margoa

Jacob Börtgerren ur-margoa

Bisita amaitzeko orain arte aipatu ez ditugun objektuak dituen bitrina bat dugu, bertan daude, besteak beste, Portugaleteko Andra Maria elizako zilarrezko ekisaindu perutar bat, zein Martin de Valdecilla almiranteak enkargatu zuen, testamentuaren diruaren parte bat berau hil ondoren (XVII. mendearen hasieran) elizari ekisaindu hau eskaintzeko aginduz, itsasoan jasotako babesa eskertzeko. Beste adibide bat Portugaleten dagoen Juan de Ugarte kapitainaren kaliza dugu edo liturgiarako erabiltzen den XVI. mendeko nabeta.

Bisitaren amaiera aldera, boto-oparien azken multzoa

Bisitaren amaiera aldera, boto-oparien azken multzoa

Ezin dugu bisita amaitu Xabier Armendarizi emandako azalpenak eskertu gabe. Uste dut hemen gauden emakume guztiok (emakumeak diot orokorrean, bi izan ezik, emakumezkoak izan garelako denak. Izan ere, txantxetan esan zigun Xabierrek ez zeritzola ondo taldeari erreferentzia maskulinoan egitea eta bere ustez, femeninoan egin behar zela) ondo pasatzeaz gain, mundu berri bat deskubritu dugula, nahiz eta Santurtzik itsas-tradizioa duen, orain arte guretzat mundu ezezaguna izan da eta.

Eta jakina, eskerrak eman nahi dizkiet Liburutegien Sareak antolatutako jarduera honetan parte hartzera animatu diren guztiei.

Santurtziko taldea

Santurtziko taldea

 

Oharra: Artikuluaren irudiak, Santurtziko Udal Liburutegien Sarearen jabetza

Liburutegi Nagusia 

Utzi iruzkina