ARRANTZALEEN ETXEBIZITZAREN ARAZOA XX. MENDEAREN LEHENENGO ERDI ALDEAN. Santurtziko kasua (IV)

1948an, Luis Diaz Guerrak eta Carlos de Miguelek Santurtzirako arrantzaleen auzune eder baten egitasmoa idatzi (ezerezean geratu zena) eta bost urtera, Manuel Bastarretxe arkitektoak plano berriak egin zituen xede berarekin. Kontua

ehun eta bi etxebizitza eta bi denda eraikitzea zen, “Santurtziko Arrantzaleen San Pedro Kofradiaren auzunea” osatuz. Bi etxebizitza-mota irudikatu zituen, hiru eta lau gelakoak eta 70,28 eta 70,90 m2-ko azaleradunak hurrenez hurren. Dendek, berriz, 70,78 m2-ko azalera izango zuten.

Bloke baten fatxada nagusia.

Pisuak Itsas Institutu Sozialak eraiki behar zituen, 4.983.173,05 pezetako aurrekontua erabiliz, eta zenbateko horri urbanizatzeko erabili beharreko 464.511,93 pezeta gehitu behar zitzaizkion.

1942ean Diaz-Guerrak eta de Miguelek erredaktatu zuten aurreko egitasmoarekin alderatuta, oraingo honetarako erabaki zen etxeak ez zirela arrantzaleen jabegopekoak izango, errentan hartuta baizik, zeinaren zenbatekoa egitasmoak berak zuen kalkulatuta, nola-eta 3,2 koefizientea ezarriz etxebizitza eta urbanizazioen balio osoen gainean.

Lehenengo blokearen fatxada, gerora Esteban Bilbao izena izango zuen etorbidearen ondoan (gaur egun Iparragirre etorbidea). Bertan taberna eta denda ikusten dira.

Alokairuetarako honako prezio hauek aurreikusi ziren:

Hiru gelako etxebizitzak: 110,96 pezeta hileko.

Lau gelako etxebizitzak: 118,25 pezeta hileko.

Denda: 111,75 pezeta hileko.

Aurreko egitasmoarekin alderatuta, zeinean blokeek bi altuera zituzten, honetan lau altuera dituzte alboetan eta bost erdiko blokean. Bastarretxek euskal estilo berrian oinarrituta diseinatu zuen auzunea, erdiko blokearen buruan pinakuluak ezarri zituen eta miru-buztaneko teilatuak eta itxurazko bilbadura albo bietan. Horrez gain, etxeek zurezko balkoiak eta harri faltsuzko dobelekin egindako arkudun atariak zituzten.

Atzeko fatxada.

1950eko abuztuaren 27an bedeinkatu eta entregatu zen arrantzaleen auzunearen lehenengo etxe-taldea. Egun horretan bertan Karmengo Amaren monumentua ere inauguratu zen, eta prozesioetan erabiltzen zen Karmengo Amaren irudiari herriko urrezko eta brillantezko domina ezarri zitzaion, urte batzuk lehenago Aurora Vildosola zenari ezarri zioten domina berbera. Auroraren ahizpa Carmenek egin zuen eskaintza, eta Karmengo Amari jantzi zioten itsasadarretik eta autobusez etorritako erromes karmeldarren eta zenbait agintariren aurrean. Besteak beste, Esteban Bilbao Korte Frankisten presidentea egon zen han, izan ere, bere izena jarri zitzaion etxebizitzetatik Zierbenaraino doan etorbideari.

Entregatu zen lehenengo taldeari “Giron” izena jarri zitzaion Jose Antonio Girón de Velasco buruzagi falangistaren omenez, eta hurrengoei Diputación, Ayuntamiento eta “Riestra”, azken hau Genaro Riestra Bizkaiko Gobernadore Zibil falangistaren omenez, 1947ko greban izandako errepresioaren eragilea bera, aurreko hilean zendu zena.

This slideshow requires JavaScript.

Jai-egitarauan denetik egon zen: prozesioa, batelen estropada, eta zenbait emanaldi, besteak beste, “Dindirri” euskal dantza-taldearena, zenbait musika-bandena eta arrantzaleen abesbatzarena.

Urte berean, irailean, Udalak urbanizazio-egitasmoa (ura, argia…) onetsi zuen auzunerako. Bi kale berri egin ziren, bata, orduan Esteban Bilbao deitzen zen etorbidea, Mamarigako erdigunearekin lotzen zuena (gurdien bidean, elizaren ipar-mendebaldean, Monasterio Murrieta familiarenak izan ziren lursailetan), eta bestea Itsasoko Ama kalearen luzapena izan zena, finka horren iparraldeari eragiten ziona. Hona hemen eurak eraikitzeko aurreikusi zen zenbatekoa: 394.524 pezeta.

Etorbidearen taldeko bi saltokiak, gaur egun etxebizitzak dira.

Horrela bada, mende laurden bat pasatu zen aferaren hasieratik etxeak eraiki ziren arte. Izan ere, 1925ean Euskal Itsas Arrantzarako Batzordeak arrantzaleen etxebizitzak hobetzeko arazo larriari heldu eta etxebizitzak egitea proposatu zen, bi altuerako etxeak alegia, 100 bat metro karratukoak, baratza edota kortarako eta arrantza-tresneriarako lursaildunak, arrantzaleen jabegopekoak eta kooperatiba gisa eraikiak eurak, non bazkideek aurrezkiak eta lana ezarri beharko zituzten eta erakundeek laguntza emango zien. Asmo horren bidean, 1942an Carlos de Miguelek arrantzaleen auzunearen alde batean 226 etxebizitza eraikitzeko proiektua hartu zuen bere gain. Azken egitasmo hau desberdina zen, oinarrizko kontuei eutsi zien arren, hala nola, jabegoari eta lursail funtzionalari, aldaketak izan zituen eta: Langileen kooperatibei uko egin zitzaien, ez zelako inola ere Gerra Zibilaren ostean indarrez ezarri zuten Estatu Berriaren gustukoa. Arazoa, esan bezala, 1950ean ebatzi zen 70 m2-ko 102 etxebizitza eraikiz, alokairu erregimenekoak.

Arrantzaleen auzunea gaur egun, Google Maps-en kaptura batean.

Liburutegi Nagusia (E.B.C.)

2020/07/01

Arrantzaleen etxebizitza berri dotoreen irudia herriaren gustukoa izan omen zen; izan ere, 1946ko Asilo Ospitaleko zozketaren propagandarako liburuxkan haren erdiko eraikina agertzen zen. Lehen saria 10 pisuko eraikin bat zen, eta argi dago ez dela gaurko artikuluan aipatu duguna eta, bide batez esanda, gure herrian behintzat ez dagoela.

Liburutegi Nagusia (E.B.C.)

Utzi iruzkina