Santurtzi 1933, CAMPSArekiko zortasunaren aurka. Liburu digitalizatua.

1933ko maiatzaren 2an Niceto Alcalá Zamora Espainiako II. Errepublika gaztearen presidentea Bilbora etorri zen karlistek 1874an Hirugarren Karlistaldian hiribilduari egindako setioa kendu zeneko eguna ospatzeko ekitaldietara, eta biharamunean gure herrira

etorri zen, garai hartako prentsan irakur daitekeenez, “Arrantza Portuko lehenengo harria ezartzeko ekitaldian” parte hartzera (1) .

Etorkizunean arrantza-portua eta atrakatzeko nasaren dartsena izango ziren obren inaugurazio-ekitaldian alkateak, Angel Begué Angulo errepublikazaleak, eskerrak eman ondoren, protokoloa hautsi zuen, eta herriari zegokion konpentsazioa eskatu zuen. Estatuko buruaren aurrean Petrolioen Monopolioaren Konpainia Errentaria Sozietate Anonimoarekiko zortasuna eta faktoria horren kokapenak eragiten zituen kalteen truke.

Errepublikako presidentea obren lehenengo harria ezartzeko ekitaldian

Kontua da 1932ko martxoaren 27ko legeak debekatu egin zuela Petrolioen Monopolioaren produktuen gaineko tokiko zerga ezartzea, eta horren ondorioz, udalerriek diru-sarrera iturri garrantzitsu bat galdu zutela.

Horrela bada, Santurtzik jarraipena eman zion egun batzuk lehenago alkateak, beste udalerri kaltetu batzuetako ordezkariekin batera, Madrileko Ogasun Ministeriora eraman zuen ekimen bati, gaia kudeatzeko eskatuz. Izan ere, kudeaketok apirilaren 27an kaltetutako udalerriek Ogasun ministeriora bidalitako gutun batean zehaztu ziren.

CAMPSAren faktorien kalteak pairatuta, 1933ko apirilaren 27ko idatzia sinatu zuten udalak

Horren osagarri, urte horretan bertan Bilboko Gráficas Zurimendi inprimategian “Las grandes factorías de la CAMPSA constituyen una servidumbre onerosa para los municipios obligados a soportarlas” izenburuko liburuxka argitaratu zen.

Liburuxkak hamalau orrialde eta zenbait ilustrazio zituen, eta berorren helburua Madrileko Diputatuen Kongresura helarazteko argudio-sorta osatzea zen diputatuen iritzian nolabait eragiteko.

Liburutegikook argitalpenaren ale bat aurkitu dugu Bartzelonako Liburutegiaren funtsetan (Biblioteca del Pavelló de la Republica), zehatz-mehatz Liga Erregionalistako Raimundo de Abadal Calderó diputatu katalanari bidalitako alea

Guk hala eskatuta, liburua digitalizatu egin da, eta gure iritziz, herriaren historiarako oso interesgarria denez, buletin honen orrietan txertatu dugu Bartzelonako Unibertsitateko taldearen baimenpean. Hemendik Bartzelonako Unibertsitateko Crai zentroari bereziki eskertu nahi diogu emandako laguntza.

Liburuxkan Santurtziko alkateak bota eta Alcalá Zamorak ezinbestez entzun behar izan zuen hitzaldia agertzen da, zeinari hitz onez erantzun behar izan zion jakina. Horrez gain, kaltetuko udalerriek Ogasun Ministeriora bidalitako idatzia, arestian aipatua bera, ere badago argitalpenean, bai eta Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babes-agiriak ere; eta amaitzeko, azaldutako argudioez aritzen da sakonago, batez ere honako hiru hauetaz:

Ez dauka zentzurik udalerriei herritarren eskakizunei erantzuteko behar dituzten diru-sarrerak kentzea, CAMPSA bezalako monopolioa den enpresa beti zergak ordaintzetik salbuetsiz; enpresak garrantzi estrategikoa duen arren, dirua irabazteko helburuz jarri zen eta.

Santurtziko faktoria

Faktoria horiek ezartzean, ez dago aukerarik bestelako industria onuragarriagoak eta lanpostu ugari sortuko lituzketenak jartzeko. Horren adierazle, Barakaldok edo Sestaok euren lurraldean ezarritako industriek sortzen dituzten zerga handien errepasoa dugu hemen (2).

Horrelako instalazio energetikoek dakarten arriskua handia da. Eta hori argi eta garbi geratu zen Santurtziko CAMPSAk gerra zibilean jaso zituen bonbardaketekin  edo butano eztandarekin .

Azkenik, eta konpentsazio gisa, faktoriak pairatzen dituzten herrietako udalei pezeta bateko kanona ordaintzea proposatu zen biltegietan sartzen zen tona bakoitzeko.

Santurtziko faktoria. Erregaien biltegiak

Argi dago herri honetako eta eskualdeko beste batzuetako biztanleek larrutik ordaindu dutela herrialdearen garapen ekonomikoan laguntza eman izana, eta gehienek uste dute herriak apenas jaso duela konpentsaziorik pairamen horren truke.

Oharrak:

    1. Kanpoko portuan arrantza-portu handia eraikitzeko egitasmoaz ari da, XX. mendearen hasieran diseinatu, baina inoiz eraiki ez zena. Beste batean arituko gara egitasmo horretaz. Gaur egun ezagutzen dugun arrantza-portu txikia aspaldi eraiki eta erabiltzen hasi zen.

    1. Argitalpenean diotenez, CAMPSAn 30 lagun baino ez ziren aritu lanean, Barakaldo eta Sestaoko itsas- eta siderurgia-industriak sortutako lanpostu kopurutik oso urrun.

Liburutegi Nagusia (E.B.C.)

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s