Ramón Artagaveytia: Santurtziko seme baten semea Titanic-en

Badira urte batzuk Josu Hormaetxea idazle bizkaitarrak “Pasajeros del Titanic. El último viaje de Ramón Artagabeytia” 

liburua aurkeztu zuela Bermeon.

Josu Hormaetxea oso gizon arduratsua da, bereziki gogoko duena ahazteko bidean ditugun figura historikoak berriro gurera ekartzea. Horietako bat Ramon Fermín “Artagaveytia” da, oso pertsonaia garrantzitsua XX. mendearen hasieran Montevideoko gizartean. Izugarri aberatsa, dandy itxurakoa eta politikan kontserbadorea zen. Ramon Bernardo Aragaveytia santurtziarra zuen aita, zeinak dirutza irabazi zuen Uruguain lan gogorra eginez (Rio de la Platako Erregeordetzaren Ekialdeko Bandan bizi izan zen, eta han enpresa bat sortu zuen, Montevideoko Puerto del Buceon aritzen zena).

Ramon Ferminen aita, Ramón Bernardo de Artagaveytia Urioste (Santurtzi, 1796-Montevideo, 1856).
Argazkiaren iturria: geni.com

Ramon Bernardo Maria Josefa Gomez Calvorekin ezkondu zen 1826ko azaroaren 25ean eta hamar seme-alaba izan zituzten, euretako bat Ramon Fermin zen, Ramon izenaz ezaguna, gure istorioaren protagonista.

Ramon Bernardo Maria Josefa Gomez Calvorekin ezkondu zen 1826ko azaroaren 25ean eta hamar seme-alaba izan zituzten, euretako bat Ramon Fermin zen, Ramon izenaz ezaguna, gure istorioaren protagonista.

Ramon Artagaveytiak bitan bizi izan zuen ontzi bat hondoratzearena. Lehenengoa, Titanic-en ezbeharra baino berrogei urte lehenago gertatu zen. Hartan “America” baporea La Plata ibaian hondoratu zen. Bigarrenetik, berriz, ez zen bizirik irtengo, 74 urte zituela hil baitzen Titanic hondoratu zenean.

“Duela berrogei urteAmerica” ontzian bizi izan nuena ikaragarria izan zen”, idatzi zuen.  Titanic-en zituen aurrerapen teknologikoek liluratuta, Guaminin zuen Enrique lobari horrela idatzi zion: “Ezin duzu imajinatu, Enrique, telegrafoak ematen duen lasaitasuna. “America” ontzia hondoratu zenean, Montevideoren aurre-aurrean geunden arren, inork ez zion gure laguntza-eskaerari erantzunik eman… Portutik ez gintuzten ikusten, bidali genituen argi-seinaleek ere ez zuten inongo erantzunik eragin. Oraingo honetan, telefonoa ontzian dugula, ez da horrelakorik gertatuko”.

Familiari ere idatzi zion: “Titanic “benetako ontzia” da. Azkenean, bidaiatzeko aukera izango dut, eta batez ere, lasai lo egiteko…”. Tragediaren ostean, denbora luzez Manuel anaia egunero abiatzen zen Montevideoko portura, Ramonek tragedia gainditu eta herrira itzuliko zelako esperantzaz, baina amets hori ez zen inoiz gauzatu.

Duela 20 urte Josu Hormaetxeak Titanic ontziari buruzko berri bat irakurri zuen prentsan. Bi datu geratu zitzaizkion buruan iltzatuta: Bata, Titanic-eko bidaiari bat Bilbon ibili zela transatlantiko handian ontziratu aurretiko egunetan; eta bestea, Bilboko Kale Nagusiko Arrese gozo-dendan egon zela makina bat gozoki erosten, ustez, bidaiarako.

Josuk Arresen galdetu zuenean, jabeetako batek esan zion bazuela pasadizoaren berri, baina ez zekiela nortaz ari zen. Informatika, eta bereziki Internet, herri xehera heldu zenean, Josuk Titanic-en bidaiarien zerrenda bilatu zuen. 2.208 izenetatik bik eman zioten arreta, euskal abizenak zituztelako: Ramon Fermin Artagaveytia eta Manuel Uruchurtu mexikarra. Bietako baten biografia ikertzea erabaki zuen eta Artagaveytia aukeratu zuen alfabetikoki lehenengoa zelako.

Manuel R. “Uruchurtu” abokatu eta legegile mexikarra.
Argazkiaren iturria: diariodepuan.com.ar

Buru-belarri jarri zen La Bilbaina eta Bidebarrietako liburutegietan ikertzen. Eta Euskal Herrian ikerketa-lana amaitu zuenean, bidaiatzen hasi zen aztarna berrien bila.

Lehenengo Cherburgora jo zuen, Normandiara, Ramon Artagaveytia bertan ontziratu baitzen Titanic-en. Frantziako itsas-armadaren artxibategian behar zuen dokumentazioa aurkitu zuen. Hortik Argentinara joan zen, Josuk han familia zuen eta. Ramon lehenengoz hondoratu zen ibaia ezagutu nahian, La Plata ibaia zeharkatu zuen, Buenos Airesetik Montevideora.

Montevideon hainbat liburu-denda eta liburutegitan ibili zen, Ramon herritar garrantzitsua izanik, bere datuak jasoko zituen libururen bat topatuko zuelakoan. Baina zoritxarrez, ez zuen ganorazko ezer topatu.

Orduan, telefono-listinera jo zuen, eta hartan bai, Artagaveytia familia aurkitu egin zuen. Gure protagonistaren senide batekin egin zuen hitzordua, zeina, jakina, harri eta zur geratu zen jakin zuenean, Josu urrutitik zetorrela bere arbaso baten biografiaz galdetzera. Josu Hormaetxeak, senide horren bidez, Ramon Artagaveytiak Titanic-ek Irlandan egin zuen geldialdian bota zuen gutuna eskuratu zuen, bera hil ostean helduko zena.

Josuk ikertzen jarraitu zuen, eta Montevideoko katedralean Ramonen jaiotze-agiria lortu ostean, Liverpool eta Southamptonera jo zuen.

Lan honen guztiaren edukia “Pasajeros del Titanic. El último viaje de Ramón Artagaveytía” liburuan dago jasota.

Horrela, ikertzaile bilbotarra transatlantiko legendarioaren tragedia berreskuratu zuen, noren eskutik-eta euskal abizena zuen Titanic-eko bidaiari uruguaitar baten eskutik. Egileak horrela diosku: “Artagaveytiak, lehenengo klaseko bidaiariak, Bizkaian zuen jatorria, baina Titanic-en ontziratu zenerako Montevideoko goi mailako kidea zen”.

Ramón Artagaveytia.
Argazkiaren iturria: Enciclopedia Titánica

Hurrengo lerrootan “Pasajeros del Titanic. El último viaje de Ramón Artagaveytía” liburuaren pasarte batzuk dituzue, Bilboko Udalak jasoak. Pasarteok “Belaizean aurrera” izenburupeko kontakizunekoak dira:

“BELAIZEAN AURRERA”

Martxoa zen, goiz eguzkitsua baina haizetsua Campo Volantinean. Izan ere, haize-bolada batek ia bota zion kapela. Kale Nagusira heldu zenean, azkarrago ibili zen eta tranbia eta oinezkoen itsasoa zeharkatu ostean, helmugara heltzea lortu zuen. Gozo-dendara sartu zenean, ahots guztiak isildu eta denak geratu ziren berari begira. Lehenengo, bezeroaren dotoreziagatik, eta gero, egin zuen eskaera bitxiagatik: Kilo bat toffee-gozoki. Gehiegi andrazko bati oparitzeko. Baina denetan harrigarriena gozokien norabide misteriotsua zen: “Baten batek jasoko du Madrilen, Ameriketara itsasoz egingo duen bidaia luze batean eramateko”. Handik aste batzuetara Arrese familiak jakin zuen kutxa hori Titanic-eko bidaiari batentzat zela, Ramon Arteagaveytiarentzat, Santurtzi eta Barakaldoko semea eta iloba.

Horrelaxe eman zioten aditzera Concepción Arreseri eta berak horrelaxe kontatu zion Gonzalo ilobari. Enkargua Patrick Markuartu bere lagunaren amamak egin zuen. Handia da gero, testu ugari eta liburu bat baitaude Arteagaveytiak Titanic-en egindako bidaiaz.

Egiari zor, ezin da ziurtasunez esan Ramon izan zela toffee gozokien jasotzailea, baina badirudi horrela izan zela. Gainera, Ramonen bidaiak aurrekari berezia du, aita Santurtziko Mellon jaio baitzen 1796an. Umezurtz geratu zenean, Amerikara emigratu zuen eta 1814an Uruguaira heldu zen.

Lehenengo arraunlari aritu zen eta gero inprimategi batean, itsas bidezko lehenengo garraio-enpresa sortu zuen arte, Montevideo-Buenos Aires bidea egiten zuena. 1826an M.ª Josefa Gomezekin ezkondu zen eta hamar seme-alaba izan zituzten. Bosgarrena 1840ko uztailaren zazpian jaio zen. Ramon Fermin jarri zioten izena, hirurogeita hamar bat urte zuela Titanic-en ontziratu zen berbera. Kontua da 1871n Mar de la Platan Amerika transbordadoreak sute bat izan zuela. Zorionez, bere burua uretara botatzeko erabakiari esker bizirik atera zen; bestela, itota edo erreta hilko zen. Horrela, ordu luzeak igerian eman ondoren, kostaldera osorik eta bizirik heltzea lortu zuen. Esperientzia horrek betiko markatu zuen, baina ez zen berriro itsasoratzeko eragozpena izan. Are gutxiago, urperaezina omen zen itsasontzi baten inaugurazio-bidaiarako txartela erosteko.

Arteagaveytiak Cherburgora, Normandiara, joan nahi zuen, bertan Titanic-en ontziratu eta Estatu Batuetaraino heltzeko. Jakin badakigu horrela gertatu zela abiatu aurretik, gutun bat bidali zuelako. Bertan etxeko kontuez gain, transatlantikotzar itzelaren neurriaz eta luxuez jardun zuen. Lehenengo klasean bidaiatuko zen jakina, Benjamin Guggenheim, Astortarrak, Strauss edo Bruce Ismay konpainiaren zuzendariarekin batera. Baina beste batzuk ere izan ziren han. Esate baterako, Manuel Urutxurtu, euskal jatorriko mexikarra, zeinaren mahaikide eta bidaiarikide izan zen gure Ramon.

Manuel gizon adoretsua eta bihotz onekoa zen,. Salbamendu-txalupan tokia hartzerakoan, bere lekua emakume bati utzi zion bera bertan hilko zela jakin arren. Horren truke, alargunari gertatutakoa jakinarazteko eskatu zion. Handik urte batzuetara emakumeak hitza bete zuen, eta negar-zotinka Urutxurturen alargunari egia aitortu zion. Esan zion senarra hunkitu eta bere tokia utz ziezaion, gezurra esan ziola. Egia esan, ez zuen zertan gezurrik esan, Urutxurtu eta Arteagaveytia, biak ala biak gizon zintzoak baitziren, eta euren burua sakrifikatzea hautatuko zuketen emakumea hiltzen utzi baino lehen. Arteagaveytia, 70 urtetik gorako gizon zaharra izan arren, ordu luzez egon zen itsasoan baltsa gisa erabili zuen hamakan. Horren lekukoa dugu: bere erlojua, Gorpuarekin batera erreskatatua bera. 4:53 markatzen zuen, bihotza eta erlojua, biak, isildu ziren unean; baina ez zen itzali Ramonek utzitako aztarna, bere bizitzak eta heriotzak bizirik dirautelako historian izan den hondoratze ospetsuenaren memorian, toffe-kutxatxo herdoildua gordetzen duen transatlantiko mitikoaren hondarretan.

Baina Ramon Artagaveytiaren bizitzaren historiak oraindik zuen ezkutuan beste misterio bat:

Titanic-en ezbeharrean mila eta bostehun bidaiari baino gehiago hil ziren; horietako hiru uruguaitarrak, eta hiru horietatik Artagaveytiarena izan zen biktima bila inguru hartako uretan jardun zuen  MacKay-Bennet ontziak aurkitutako gorpu bakarra. Itsasontzia hondoratu eta aste betera agertu zen Ipar-aldeko Ozeano Atlantikoan. Bere gorpua identifikatu eta arropatan zeuzkan gauzetan miatzen ari zirela gauza bitxiak aurkitu zituzten: urrezko zenbait txanpon, dirua liberatan, txekeak, labana txiki bat, kanbio-letrak, antiojoen kutxa eta erloju bat, urrezko katea zuen sakelako erloju dotore bat. Bitxiena zera da, erloju horren makineria Titanic hondoratu zeneko ustezko ordua baino bi ordu beranduago gelditu zela. Horrek frogatzen du Artagaveytia ez zela itota hil, hotzak akabatuta baizik, eta ezbeharraren ostean, nola edo hala lortu zuela ordu batzuetan ur azalean kulunkan bizirik irautea.

Ramon Artagaveytia jaunaren gorpua lehorreratu eta New Yorkera bidali zuten, eta handik itsasoz Montevideora, Uruguaik Estatu Batuetan zuen kontsularen kudeaketa tarteko. 1912Ko ekainaren 18an familiak Hilerri Nagusian zuen hilobian lurperatu zuten. Eta gaur egun hantxe dago gorpua, Ramonek berak Pariseko erakusketa batean erosi omen zuen ama birjina eder baten estatuaren babespean.

Argazkiaren iturria: Montevideo.net

Hona hemen materiala Ramon Artagaveytiaren bizitzan interesa duzuenontzat:

  • BIDEO bat
  • ENTZUTEZKO dokumentu bat. SER kateak Josu Hormaetxeari Santurtziko seme baten semearen heriotza tragikoari buruz egin zion elkarrizketa interesgarria.

Liburutegi Nagusia (E.A.B.)

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s