Las Barrietaseko meatze-aztarnak (Sopuerta)

Txirrindulari eta mendi-ibiltari askok ezagutzen dute Burdinazko Mendien Bide berdea, aspaldiko trenbidean barrena doan 

bidea. Trenbide horretan Bizkaiko meategietako burdina garraiatzen zuten itsasadarrean edo itsas-bazterrean zeuden karga-lekuetara XIX. Mendearen bukaeratik aurrera.

Cecilia eta Maria meategietako karga-portuak

Bide berde horren hasieran eta Olabarrieta auzoan daude gaurko artikuluan azalduko zaizkigun meatze-aztarnak: bi karga-portu. Elkarrengandik oso hurbil daude eta Alen mendiko Maria eta Cecilia meategietakoak ziren. Egitura biak aspaldiko Castro-Traslaviña trenbidearen ondoan eraiki zituzten.

Cecilia meategiko karga-portua, bide berdearen ondoan

Cecilia meategiko portua 1898an eraiki zuten eta harrigarria da tamaina. Mea 700 metro gorago zegoen meategitik portura plano makurtuaren bidez heltzen zen eta portura heltzean bagonetetara sartzen zuten. Maria meategiko karga-portua, berriz, txikiagoa zen eta 300 metro gorago zegoen meategitik jasotzen zuen burdina, ondoan zegoen iturburu batean garbitutakoan; honetan ere plano makurtuaren bidez egiten zuten.

Bizkaiko burdinaz kargatutako trenak Castro Urdialeseko portuan zegoen karga-portura heltzen ziren, itsasontzietako bodegak betetzeko eta Europa eta batez ere Ingalaterrako beharrak asetzeko.

Maria meategiko karga-portua, aspaldiko trenbidearen ondoan

Maria meategia, karga-portuaren xehetasuna. Maldan gora zegoen iturburuko ur-jauzia ikusten da.

Bizkaiko industria ondarearen azpiegituretako arrasto horien ondoan, azalpenak eta irudiak dituzten panel ederrak jarri dituzte, zeinetan funtzionamendua azaltzen duten. Jarraian doazen irudiak panel horietakoak dira.

Castro-Traslaviña trenbidea zaila izan zen eraikitzen. 20,5 km zeukan eta 1966ra arte ibili zen erabilgarri, bidaiari eta zama garraiatuz. Hasierako tren-makinek, Alemanian eraiki zituztenek, Castro-Urdiales, Sopuerta eta Galdames izena zuten. Aspaldiko trenbide haren tarte bat Bide berdea izateko egokitu dutenez, erabilera berria du. Izan ere, gaur egun aisia osasungarria erakundeek eskaintzen dute eta jende ugarik bereganatu du.

Burdinazko mendien Bide Berdea

Bizkaiko bide berde horrek Enkarterriko 42,5 kilometro egiten ditu aspaldiko trenbidean. Aipatutako trenbideaz gain, Sestao-Galdames trenbideko eta Campoamorreko meatzeko garbitokitik Kobaronera zihoan trenbideko tartea ere hartzen ditu.

Ibilbidea, lau tunel dituena, Artzentaleseko Traslaviñako geltokian hasi eta Kobaronen bukatzen da. Bide berde gehienen modura, nahiko laua da eta ez du zailtasun handirik; gainera, tarteka egin daiteke bidean zehar zenbait sarbide daudelako.

Ibilbidean barrena badira meatzaritzarekin lotutako hainbat interesgune, besteak beste, aspaldiko herrixkak eta tren geltokiak, karga-portuak, labeak, Meatzaritzaren museoa eta El Pobaleko burdinola. Halaber, ingurumen-balio handiko lekuak zeharkatzen ditu, Barbaduneko padurak edo itsaslabarrak. Aisi osasungarria, kulturala eta dibertimenduzkoa pasatzeko aukera ona zalantzarik gabe.

 

Liburutegi Nagusia (E.B.C.)

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s