Punta Galeako itsasargia eta gotorlekua

Argia aspaldi itzali zuen arren, oraindik Santurtzitik bere irudi liraina ikus daiteke itsaslabarren gainean. “Printzearen gaztelua” 

ezizenaz ere ezagun den gotorlekuaren barruan eraiki zen, antzina urruti zeuden itsasontzi eta baleak ikusteko talaia bat egon zen toki berean, non suteak pizten omen ziren ontziak Bilboko itsasadarrean errazago sar zitezen.

Itsasargiaren dorrearen tontorra. Gaur egun.
Irudiaren iturria: http://ketari.nirudia.com

Jakin badakigu 1972an Bilboko Kontsulatuak Punta Galean bertan eraikia zuela farol argitsu bat zeukan dorrea, itsasontziei laguntza emateko. Mende erdia beranduago, 1843an hirugarren ordenako itsasargi bat eraikitzea kudeatzen hasi ziren arren, azkenean ez zen gauzatu.

Jatorrizko proiektuaren figura. Gotorlekua eta itsasargia itsaslabarraren gainean

Gaur egun ikusten dugun itsasargia Galeako toki ezberdinetan bata bestearen ondoren eraiki ziren guztietatik lehenengoa da. Halaxe ibili ziren toki ezberdinak probatzen, sarritan itsasargiaren argia ikustea eragozten zuen lanbroari muzin egiteko aukera emango zuen toki aproposa topatu nahian.

Honakoa 1852an piztu zen. Bere argi finko zuriak 10 miliako distantziatik ikusteko modukoa izan behar zuen. Optika 4. ordenakoa zen eta beranduago petrolioa erabiltzen hasi baziren ere, hasieran lanpara oliba-olioaren bidez elikatzen zen.

Itsasargia 1905era arte erabili zen, urte horretan eraikitako bigarrena hasi baitzen zerbitzua ematen, baina dagoeneko horren dorrea desagertuta dago, eraikinak, berriz, bertan jarraitzen du.

Jatorrizko proiektuaren figura. Altxaera.

Jatorrizko proiektuaren figura. Zati bat

Jatorrizko proiektuaren figura. Dorrearen zati bat, olio-biltegia eta bulegoa ikus daitezke.

Gotorlekua

Arestian adierazi bezala, itsasargia “Printzearen gazteluan” dago, XVIII. mendeko gotorlekua bera, eta Bizkaian gaur egun dagoen horrelako arkitektura militarren ondareetan bakarra.

Jayme Sycre koronelak diseinatua, Abra eta Bilboko itsasadarraren sarrera gotortzeko egin zen, defentsa-sistema osatzeko Algortako San Inazio eta Punta Begoñako bateria, Portugaleteko bele-bateria eta Santurtziko Campo de Bilbao, Campillo, Las Cuartas eta Gibilis bateriekin batera.

Abraren plano baten zatia, 1754koa. Bertan Galea eta Algortaren arteko kostaldearen zatia ikusten da, non gaztelua nabarmendu egiten den.

1742an hasi ziren eraikitzen eta hurrengo urtean amaitu. Harlangaitz eta harlanduzko harresi sendoak zituen eta kanoiak jartzeko 14 kuku-leiho (hasiera batean 18 zituen). Horiez gain, inguratzen duen lehorreko zatian hobi bat dauka. Barruan zenbait eraikin zeuden: biltegiak, bolborinak eta troparentzako instalazioak, besteak beste.

1795ean frantziarrek Konbentzio Gudan beraientzat hartu zuten, 1827an ingelesek suntsitu, eta herriak berriro eraiki ondoren, Guda karlistetan liberalen alde borrokatu ziren tropa ingelesek berriro suntsitu zuten.

Gotorlekua eta itsasargia itsaslabarraren gainean, zerutik ateratako argazki batean. Ikus daitekeenez, ingurua aurreko planoaren antzekoa da.

1947an Defentsa Ministerioak jabegoa Getxoko Udalari eman zion xede publikoetarako.

Eraikin taldea balio handiko toki batean dago, inguruan natura eta paisaia zoragarriak ditu eta. Hala ere, polemika ekarri du nahiko hondatuta dagoenez, “Ondarearen zerrenda gorrian” sartuta dagoelako. Udalak eta jabeek urte luzeak eman dituzte auzietan inguruko lursailak direla eta, baina badirudi garai hori joana dela, eta udala tokia birgaitu eta eraikin-taldeari erabilpen berriak emateko asmotan dabilela.

Gazteluaren atea, harresiak eta dorrea.
Irudiaren iturria: Turismovasco

 

Zelan heldu:

Santurtzitik 2. lineako metroa hartu behar da Basaurirako norabidean San Inazioraino. Bertan jaitsi eta 1. lineako metroa hartu behar da Plentziarako norabidean. Bidezabalen jaitsita, oinez joan daiteke kostaldean zehar eraikin-talderaino. Nahi izatera, aurrera ere egin daiteke nekea edo ordua dela-eta itzultzea erabakitzen dugun arte.

Liburutegi Nagusia (E.B.C.)

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s