Lekeitioko Santa Katalina itsasargia eta Otoio mendiko talaia.

Ez dakit zergatik, baina itsasargiek imana dute. Paseoan zoazela dorrea ikusi eta 

horra zoaz zuzenean!

Itsasargia

Lekeition oso harro daude horrelako bat izateaz, Santa Katalina itsasargia, eta gainera bisita daiteke. Itsasargia Santa Katalina lurmuturrean eraiki zuten 1862an, 46 metroko altueran. Nahiz eta horren altu egon, itsasoa haserretzen denean, olatuak bustitzen dute.

Hasieran lur gorria zuen itsasargiak, oliozkoa, baina geroago petroliozkoaz ordezkatu zuten. 1935ean, azetilenozko argi zuria izatera aldatu zuten, linterna eta optika bera mantenduta, eta aurreko mendeko 50eko hamarraldiaren bukaeran elektrifikatu zuten. Gaur egun Bilboko Portuko Agintaritzak kudeatzen du eta 17 itsas miliaraino heltzen den linterna gris birakaria du eta 6 itsas miliaraino heltzen den sirena.

Santa Katalina itsasargi zaharraren posta txartela
Irudiaren iturria: TC

Nabigazioaren Interpretazio Zentroa

Herriko Udalaren ekimena izan zen itsasargian “Nabigazioaren Interpretazio Zentroa” jartzea eta horra heltzeko 80 eskailera igo behar duzu errepidetik, igogailua ez badabil.

Zentroan antzinatik erabili diren oinarrizko nabigazio tekniken berri ematen dute eta Lekeitio-Elantxobe bidaia birtualean praktikan jartzeko aukera ematen dute; horrela, itsasoan galduta egonik, itsasargiaren argiari esker porturatzeko sentsazioa bizi ahal da.

Gaur egungo itsasargia eta Interpretazio Zentroa.
Irudiaren iturria: Lekeitio. Itsas Ondare Zentroa

Kanpoko terrazetatik oso ikuspegi ederrak ditugu.

Informazio praktikoa, nola heldu, ordutegiak, prezioak, harremanetarako kontaktua, eta abar webgunean kontsulta ditzakezue.

Otoio mendiko talaia

Bisita Otoio mendiko talaiaraino igoz buka daiteke, zeinetan “Talaiariaren interpretazio Zentroa” dagoen.

Talaiariaren interpretazio Zentroaren barruko aldea
Irudiaren iturria: Lekeitio. Itsas Ondare Zentroa

Talaiak, normalean Udalek, Kontzejuek edo Kofradiek kudeatutakoak, kostaldean egoten ziren behatzeko eta zaintzeko tokiak ziren eta honako funtzio hauek zituzten: ontzi etsairik zebilen ikustea, naufragiorik, arrain-sardarik, balearik… eguraldiaren egoera eta ikusitakoa jakinaraztea. Eraikuntza horiek gainera, gehienak oso xumeak, portuen merkataritza-garraioaren kudeaketarako ezinbestekoak izan ziren.

XIX. mendearen bigarren erditik aurrera, itsasargi-sistema ezartzearen ondorioz eta, telekomunikazioen eta arrantzarako tekniken garapenarekin batera, lurrunezko motorrak ontziak gobernatzeko ematen zituen aukeren ondorioz, talaien gainbehera etorri zen eta XX. mendearen erdialdean abian zeuden azkenak bertan behera utzi ziren.

Otoio mendiko talaiako eraikin berria.
Irudiaren iturria: Lekeitio. Itsas Ondare Zentroa

Otoio mendiko talaia Ispasterren dago, nahiz eta bertatik egindako seinaleak Lekeitiotik baino ezin diren ikusi. XX. mendean eraikitako eraikin berria da eta hortik hurbil talaia zaharraren hondakinak daude.

Oso leku onean dagoenez, ikuseremu zabala du, Matxitxako lurmuturretik Hondarribiko Higer lurmuturrerainoko portu guztien bokaleak kontrolatzen direlarik. Handik egiten ziren seinaleak harrigarria bada ere, ez ziren inguruko portu nagusienetan jasotzen.

“Talaiariaren Interpretazio Zentroa” talaiariari egindako omenaldia da, eta bertan eguna argitzen zenetik ilundu arteko bizimodua jasotzen da, bai eta ontziekin eta herriarekin komunikatzeko zituen bideak ere.

Gure herrialdeko talaien gaineko datu gehiago jakin nahi baduzu, Eusko Jaurlaritzak 2009an egin zuen  Itsasoari so / Los ojos del mar argitalpena duzu doan deskargatzeko edo online irakurtzeko.

Talaiariaren funtzioak.
Irudiaren iturria: “Itsasoari so”. Eusko Jaurlaritza, 2009

Liburutegi Nagusia (E.B.C.)

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s