Santo Tomas azokaren “asmatzailearen” omenezko plaka Bilbon

Ez dago oso zabalduta, baina Bilboko Santo Tomas nekazaritza-produktuen azoka-erakusketak “asmatzaile” jakin bat izan zuen, Felix Garci-Arzeluz 

ohitura-idazle bilbotarra hain zuzen. Lan hori aitortzeko Bilboko herriak omenaldia egin nahi izan zion harrizko armarri bat ordainduz, Plaza Barriko hormetan jarri zutena.

Nekazaritza-produktuen salmenta XIX. mendearen hasierako tradizioa da. Garai hartan baserrietako jabe gehienak Bilbon bizi ziren baserriak alokairuan zutela. Urtearen amaieran Bilbora joaten ziren baserrietako jabeei urteko errenta ordaintzera eta bidaia aprobetxatuz baserriko produktu aukeratuak eramaten zituzten saltzeko, Gabonak gertu zeudenez erraz saltzen zirelako. Salmenta “Plaza Zaharrean” egiten zen, gaur egun Erribera merkatua dagoen tokian.

José Arrue. Santo Tomaserako bidean
Irudiaren iturria: Euskal museoa Bilbo

1915ean, gaur egun apenas ezagun dugun idazleari, “Klin Klon” ezizenez ezaguna bera, erakusketa ere izango zen merkatua antolatzea bururatu zitzaion. eta Plaza Barria aukeratu zuen berau kokatzeko. Erakusketak Bizkaiko nekazaritzaren garapenean laguntza ematea zuen helburu eta bertan tresneria, bibliografia, haziak eta abar aurki zitezkeen.

Urteak joan urteak etorri, azoka hazi eta beste gune batzuk hartu baditu ere (eta horrekin batera jai-giroa nagusitu), oraindik azokaren bihotza Plaza Barrian dago. Bestalde, urtetik urtera handitu egin da egun horretako jai-giroa, izan ere, 100 urte baino gehiagoz abenduaren 21ean ospatu den azoka honek jendez borborka jartzen du Bilboko Alde Zaharra.

Omenezko plaka

Azoka honen sortzailearen omenez ezarritako plaka estilo espresionistan dago egina. Ekain koben kalean dago, kale laburra bera, ia inork ezagutzen ez duena, Foru kaletik Plaza Barrira sartzeko izkinetako bat da eta.

Felix Garci-Arzeluzen omenezko armarria, Manuel Basterrak egina
Irudiaren iturria: Gurea

Ramon Etxague “Parabereko markesa” ezizenez ezaguna zen sukaldaritza-literaturako idazle bilbotar aitzindariaren senar gipuzkoarrari bururatu zitzaion omenaldia egitea. Herriak ordaindu zuen eta Aranzibia alkateak jarri zuen plaka erakusgai 1922ko uztailaren 27an idazlea hil eta gutxira. Urtetan egon da abandonatuta baina duela gutxi konpondu eta argiztatu egin da. Erliebeak, bere garaian arte neolitikoan inspiratuta zegoela zabaldu zen, bi “munstro” ditu goiko aldean, idazkiak sinatzeko erabiltzen zuen pseudonimoaren sinbolo gisa, “Klin Klon”. Armarrian hurrengo esaldia irakur daiteke: “A Félix Garci Arzelus, organizador de los mercados agrícolas de Vizcaya, ispirado (sic) costumbrista loca. Dedícase este homenaje por suscripción popular. Bilbao”.

Armarria Manuel Basterra, Serafin eta Higinio eskultoreen seme eta anaia hurrenez hurren, arkitekto eta eskultorearen obretatik (1. esteka) ditugun lan apurretako bat da.

Klin-Klon

“Txirenea”, nekazal-lehiaketen antolatzailea, idazlea, olerkaria eta musikaria.

Felix Garci-Arzeluz “Klin Klonen” erretratoa
Irudiaren iturria: Vida Vasca

Aurpegi asko dituen pertsonaia da: merkataritza-peritu eskolako irakaslea, Bizkaiko ibaien berritzailea eta nekazal lehiaketen antolatzailea ez ezik, herriko prentsan argitaratutako ohitura-ipuinak ere idatzi zituen, gero bildu eta kontakizun-liburuetan plazaratu zirenak. Ipuinetan baserritarrak, apaizak eta hizkera bitxia duten zenbait pertsonaia azaltzen zaizkigu, euskal esamoldez eta esapidez betetako gaztelaniaz mintzatzen direnak.

Klin-Klonen “Los tripaundis” ipuinaren ilustrazioa, Bilboko “La tarde” egunkarian 1914ko azaroaren 2an argitaratua.

Gaur egun batez ere El roble y el ombú zortzikoaren egile gisa gogoratzen dugu, non euskaldun eta argentinarrentzat enblematikoak diren bi zuhaitzez aritzen den. Kanta lagun baten alabari “Vidalita” kanta kriolloa abesten entzunda, konposatu zuen.

Oraindik entzun dakieke gure abesbatzei zortziko zahar hau kantatzen. Gogoan izatekoa da Florencio Constantino Bilbon 1869an sortu eta Argentinara emigratu zuen tenorrak egin zuen bertsioa, bere garaian Enrico Caruso kantari ospetsuaren lagun eta lehiakidea izan zenak.

“El roble y el ombú” zortzikoaren partituraren azala. Hitzak eta musika: Félix Garci-Arzeluz.

Zenbait bilbotarren pertsonaia kuttuna,“Klin Klon”  1869ko azaroaren 5ean jario zen gaur egun Bidebarrietako liburutegiaren aurrez aurre. 1920Ko irailean zendu zen.

Liburutegi Nagusia (E.B.C.)

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s