Parkeko kioskoa

Portuko Obren Juntak kanpoko portua eraikitzeko lanetan ordura arte Santurtziren ezaugarri nagusia izan zen badia desagerrarazi zuen nasak lerrokatzeko proiektuan.

Itsasoaren ordez “betelana” zegoen, lurreko zabalgune hori udalarena barik Estatukoa zen itsasoari irabazitako eremu guztiak bezalaxe.

Ontzien porturako sarrera zen badia, gaur egun parkea dagoen tokia.
Irudiaren iturria: “Santurtzi 1900”

Lur eremu berri horiek erabiltzeko aukera begien bistakoa zen aldapaz beteriko herrian; izan ere, oso zabalak ziren, leku ezin hobean zeuden eta, gainera, lauak ziren. 1913an Udalak, kanpoko portua eraikitzearen ondorioz lur eremuak galdu zituela argudiatuz, Sustapen Ministerioari betelana lagatzeko eskatu zion lorategiak jartzeko. Erantzuna 1914ko maiatzean helduko zen, lur eremu horiek errentan emanik.

Lorategiak eta kioskoa

XIX. mendearen bukaeran, musika demokratizatu zen eta burgesiaren jauregi eta aretoetatik atera zen kalera, herritar guztien atseginerako. Orduantxe hasi ziren udal bandak sortzen eta kioskoak eraikitzen banda horiek jotzeko. Gure herrian berebiziko garrantzia zuen musikak, hona etortzen ziren udatiar ugarien aisialdirako balio zuelako. Santurtziko lehen kioskoa desmuntagarria zen eta Juan José Mendizabal plazan jartzen zuten. Eskatzen zituzten lorategi berriek leku egokia eskainiko zioten kioskoari.

Musika kiosko zaharra, Juan José Mendizabal plazan.
Irudiaren iturria: “Santurtzi 1900”

Mario Camiñaren parke eta kioskoaren proiektua. 1913

Lur eremu haien eskaerarekin batera udaleko arkitektoa zen Mario Camiñaren planoak aurkeztu ziren. Mario Camiña Beraza, Bilbokoa bera, Luis Camiñaren anaia zen, Portuko Obren Juntako ingeniari Zuzendaria eta Santurtzira uda ematera etortzen zena.

Ministeriora bidalitako dokumentazioak lorategi berrien eta musika kioskoaren diseinua zuen. Jarraian ditugun plano biak, altxaera eta oinplanoa, egitasmo horretakoak ziren, nahiz eta azkenean burutu ez ziren.

1913an Camiñak proiektatu zuen kioskoa. Altxaera

1913an Camiñak proiektatu zuen kioskoa. Oinplanoa. Diseinuan ikusten denez, beheko solairuan taberna txikia zegoen

Sustapen Ministerioaren erantzuna jasotakoan, zeinetan lur eremuak errentan ematen zituen, beste espediente bat irekitzea erabaki zuten jabegoa eskatzeko, baina…

Baina baiezko erantzuna ez zen inoiz heldu eta 1916an emakidaren epea bukatzear zegoen. Hortaz, lanak arineketan egin behar izan ziren.

Ramiro Lezaren parke eta kioskoaren proiektua. 1916-17-18

Zergatik ez badakigu ere, aurreko proiektua bertan behera utzi eta 1916ko azaroan erabaki zuten Getxoko Udaleko delineatzailea zen Ramiro Lezari eskatzea lorategi eta parkearen diseinua egiteko, lan horietan esperientzia zuelako. Gainera, lanetako finantziazioan laguntzeko aukera zabaldu zuten.

Leza jaunak arin egin omen zuen lana, izan ere, abenduaren hasieran planoak eta aurrekontuak aurkeztu zituen. Bi urtez ekintzarik burutu gabe eman ondoren, jende guztiak zeukan presa. Hilaren bukaeran sustapeneko udal Batzordeak oniritzia eman zion proiektuari eta lanak banatzearen aldekoa zela adierazi zuen: batetik, parkea eta bestetik, kioskoa. Ramiro Lezak lanak burutzeko baldintza pleguak idatzi zituen eta zuzendaritza profesionala ere hartu zuen bere gain.

Santurtzirako kiosko dotorea diseinatu zuen, zeinetan oinplano zirkularraren gainean kupula erako estalkia zegoen arkuteriaren gainean eta harrizko bederatzi zutabek eguzki-babesari heltzen zioten. Hainbeste urtetan ezaugarri nagusia izan zen harrizko baranda ez zegoen hasierako diseinuan. 2009ko eraberritze lanetan altzairu eta kristalezkoa jarri zuten harrizkoaren ordez, hasierakoaren antza handiagoa zuelako.

1917ko urtarrilaren hasieran enkantera atera zuten parkeko lana eta hilabete horren bukaeran Pantaleón Rementeriari esleitu zioten 4.512 pezetaren truke.

Lezak 1917an proiektatu zuen kioskoa. Altxaera

Lezak diseinatutako kioskoa atzeratu egin zen. Lizitatzaile faltagatik esleitu gabe geratu zen lehen enkantearen ondoren eta maiatzaren bukaeran Portugaleteko Víctor Aromari esleitu zioten 7.900 pezetaren truke.

Urte horretako abendurako bukatu zituzten parkeko lanak eta kioskokoak ea bukatuta zeuden, laneko zuzendariak gabeziak hauteman zituelako estalkian. 1918an eraikitzaileak zuzendu zituen gabeziak, eta argiak jarri ondoren bukatu zen lana.

Lezak 1917an proiektatu zuen kioskoa. 2009ko eraberritze lanetan kendu zituzten tximeleta-azkoineak

Bitxikeriak

Parkeko lehen lorezaina, lau hautagaien artean aukeratua, Telesforo Ortiz santurtziarra izan zen, “Casa Torre” jauregiko lorezainaren laguntzailea izandakoa.

Udalak parkeko lanen finantziazioan laguntzeko eman zuen aukera ez zen txarto atera: 2.095 pezeta bildu zituzten, parke eta kiosko berria egiteko balioaren % 17.

1917ko kioskoaren proiektuaren azala

Parke berria “apaintzeko” plazan zeuden hogeita bat zuhaitzak birlandatu ziren.

Errentako urteko diru-saria berrogeita hamar pezetatan ezarri zen eta Portuko Obren Juntari ordaindu behar zitzaion.

1927an parkeari “Alfonso XIII” izena ematea eta koroatzearen 25. urteurrenaren plaka jartzea erabaki zuten. Izenak, ordea, gutxi iraungo zuen, 1931n Espainiako II. Errepublika ezarriko zelako eta Alfonso XIII.ak alde egingo zuelako erbestera eta erregearekin batera parkearen izena desagertu zen.

Gerra zibilean babeslekua eraiki zuten parkeko ekialdean (kioskoa eta tren geltokiaren artean).

Babeslekua zegoela gogoratzen zuen parkeko plaka

Bizkaiko Aldundiak 1994an “Kioscos de música de Bizkaia. Bizkaiko musika kioskoak” argitaratu zuen, gure historia ondarearen elementu bitxi horien ezaugarriak bilduta. Gure kioskoa aukeratu zuten liburuaren azalean bakar-bakarrik jartzeko.

“Kioscos de música de Bizkaia. Bizkaiko musika kioskoak“ liburuaren azala

Liburutegi Nagusia (E.B.C.)

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s