UDATIARRAK SANTURTZIN (III)

Ybarratarrak eta beste zenbait

Ybarra esan eta itsasadarraren eskuinaldera eta Negurira joaten zaigu gogoa, euskal oligarkiaren bizitokia zena. Hala ere,

José Antonio Ybarrak, familia horretako patriarka zenak, garai batean Santurtzi aukeratu zuen uda emateko.

José Antonio Muskizekoa zen, eta urte batzuetan prokuradore aritu ondoren Bilbora joan zen eta mearen merkataritzari ekin zion. Familia, Somorrostroko kontzesio askoren jabe zena, Orconera, Franco Belga, Altos Hornos, Banco de Bilbao edo Naviera Ybarra izenekin elkartuko zen.

José Antonio Ybarra de los Santosen erretratua, familiaren lehena.
Irudiaren iturria: Gananzia

Ybarratarrak, herriko udatiarrak

José Antoniok Cristóbal Murrieta herriko ongile ezagunarekin zituen lan harremanak eta bere etxera joaten zen bisitan. Horregatik aukeratuko zuen Santurtzi bigarren etxebizitza izateko.

Edonola ere, 1835ean Juan Tellituri erosiko zion etxe ederra berrogei mila kobrezko errealen truke. Sierra apaizaren (1) etxearen ondoan zegoen etxe horrek baratze handia zuen Pilotu Nagusiaren (2) eta Francisca Manuela Murrieta Villarren semea eta Cristóbalen ahaidea zen Juan Tomás de Arrarte Murrietaren soroen ondoan.

Gozamena eta negozioak, bateragarriak baitira

Ybarratarren nagusiak Cristóbalekin ezezik José Chavarri Arechagarekin ere izan zuen harremana. Azken hori María Francisca Alisal Carreras santurtziarrarekin ezkondu zen San Jorge elizan eta etxea Portugaleten eta Santurtzin zuen. Victor Chabarriren aitona ezagun horrekin, zeini jarrilleroek monumentua egin dioten, elkartu zen Ybarra 1815ean mearen garraiorako bi gabarra eraikitzeko. Harreman horiek zailak izan ziren eta hurrengo urtean desegin zen elkartea.

Santurtzin meatze sektoreko beste handi bat bizi zen: Sestaoko Jose Antonio de la Mier Pérez, Rufina Capetillorekin San Jorgen ezkondu zena. Urteak eman zituzten hirurek elkarri konpetentzia egiten eta 1827an, Nicolás María de Llanorekin batera, Ybarra, Mier y Compañía sozietatea sortu zuten, zeinek indarrean izan zen hamabost urteetan monopolizatu zuen Somorrostroko meategiak hornitzeko sektorea. Mea Bizkaiko eta Gipuzkoako burdinoletara bidaltzen zen eta Espainia (3) eta Europako beste zenbait tokitara ere bai.

XIX. mendeko olagizona
Irudiaren iturria: Ramón Ojeda San Miguel

Zailagoak izan ziren familiak Manuel Taramonarekin, beste udatiar ezagun batekin, izan zituen harremanak. Ybarratarren arabera benetako “meategietako azpikeriagilea” zen, beste batzuen hobiak bere izenean inskribatzen zituelako espedienteetako akatsak baliatuta. Taramonarekin 1878an eta 1879an epaia izan zuten “Altura”, “Trinidad” eta “Nuestra Señora de Begoña” haztegiengatik; izan ere, familiakoak ziren, baina Manuelek bere izenean inskribatu nahi zituen. Azken haztegiari buruzko Sustapen Ministerioko meategien Zuzendaritzaren epaia Taramonaren aldekoa izan zen hasieran.

Ybarratarrek laster jakingo zuten haiek ministroarengan eragiten saiatu ziren bitartean, aurkariak espedientearen ardura zuten bi funtzionario hartu zituela etxean uda emateko, Flores eta Guillén jaunak. Horrela, bi funtzionario ustel horiek herriko udatiarren zerrendara sartu ziren.

Ikusten denez, XIX. mendeko Santurtzin sardina saltzaileek fama zuten bitartean, beste batzuek lana egiten zuten beren meategi, negozio eta kobrezko errealekin.

Murrietatarrekin ahaidetuta

Ezkontzak funtsezkoak ziren familia boteretsu horiek sendotzeko. Jose Antonio patriarkak Geromita alaba (Jerónima Ybarra Gutiérrez de Caviedes) José Joaquín Murrietarekin ezkondu zuen, Pepe izenaz ezagutzen zuten Cristóbal ongilearen anaia bakarra zenarekin. Pepe, hasieran anaiaren berriemailea izan zena Bilbon, Londresen bizi zen anaiarekin elkarlanean.

Bikoteak Santurtzin eman nahi zituenez udak, 1838an Juan José Palmeren etxea eta baratzea erostekotan zebilen hirurogeita zortzi mila errealen truke. Juan José XVII. mendetik Bilbon merkataritzari ekiten zion Bohemiako familia baten kidea zen. Hauek herriko lehenengo udatiarren artean daude.

Ikusten denez, alabak aitak urte batzuk lehenago baino prezio hobexeagoan erosi zuen soroa. Ybarratarren aberastasuna garai hartan Murrietatarrenetik urrun zegoen (4).

Zoritxarrez, erosketa burutu aurretik Pepe heriotzak harrapatu zuen Londresen asmoak azpikoz goratuz. Alargun gaztea (5) moja joan zen eta Londres eta kostaldeko herri ederra utzi zituen Azpeitiako Brigiden komentura joateko.

Santa Cruz de Basarte monasterioa Azkoitian, zeinetan José Murrietaren alarguna eta Cristóbalen koinata zen Geromita Ybarra sartuko zen.
Irudiaren iturria: Azkoitiako Udala

Santurtziko une tristeak

Ybarratarrek, zalantzarik gabe, une goxoak igaro zituzten Santurtziko etxean, baina tristeak ere bai. 1837ko uztailaren 26an Gerónima Gutiérrez de Caviedes  hil zen, zazpi seme-alaben ama eta kemen handiko emakumea bera, Bilbon oihal eta jantzi frantziarren denda zuena.

Urte batzuk beranduago, Gabriel, semeetako bat, 1855eko uda beroan Bilbo suntsitzen zuen koleratik ihesi, udako etxera joan zen familiarekin batera. Gaitzak Portugaleten harrapatu zituen eta Santurtzira bi zalgurditan heldu ziren, batean gaixoak eta bestean osasuntsu zeudenak. Gaixotasunak bi alaba hil zituen, Maria eta Isabel, San Jorge elizako hilerrian lurperatu zituztenak. Hirugarren alaba, Rafaela, zorionekoagoa izan zen eta 1984ko irailaren 30ean Juan Pablo II.ak beatifikatu zuen Erroman.

Rafaela Ybarra Arambarri beataren erretratua
Irudiaren iturria: Wikipedia

Familiako aita hil ondoren Ybarratarren ondorengo belaunaldiak itsasadarraren beste aldera joan ziren eta gaur egun Getxoko gune bikainetan daude.

Oharrak

1.- Josef Miguel Sierra San Jorge elizaren Onuraduna zela dago jasota 1825ean. Onuraduna apaizeria sekularraren barruko kargua zen eta titularrari edo onuradunari errentak ekartzen zizkion.

2.- Pilotu Nagusiak barra eta ubideko trafikoa gidatu eta arautzen zuen, normalean lehorretik, Pilotu lemazainek ontzian bertan maniobrak egiten zituzten bitartean. Pilotu Nagusiak Santurtzin bizi zen derrigorrean.

3.- Foru araubidea ezeztatu gabe zegoen eta hortaz barruko aduanak zeuden, zeinetan Bizkaiko produktuek zergak ordaindu behar zituzten munduko beste edozein aldetatik etorritako gainontzeko produktuen modura eta, zenbaitetan prezio altuagoan.

4.- Ybarratarren bigarren belaunaldiak aitaren negozioekin jarraitu zuen eta beste batzuk hasi zituen aberastasuna eta familiaren boterea handituz. Cristobal Murrietaren semeek, ordea, ez zuten gauza bera egin eta aitak sortutako Londreseko bankuak porrot egin zuen.

5.- 21 urteko alargunak 10.500 liberako ondasuna jarauntsi zuen, 1.050.000 kobrezko errealen baliokidea, eta elizako eta karitatezko erakundeen artean banatu zuen.

Liburutegi Nagusia (E.B.C.)

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s