Seranteseko Dorrea, Joseba Tranchoren azterlana

Laster Eusko Jaurlaritzak Interes Kulturaleko Ondasun izendatuko ditu Seranteseko gotorleku militarrak. Izendapen honek instalazioei babes-maila egokia

emango die eta aldi berean, gure herriko mendiko elementu hauei merezi duten balioa ere bai. Joseba Trancho gure auzokide eta ikerlariak sakon aztertu ondoren, eta eraikin horietako bati buruzko azterlana egin du, tontorrean dagoen dorreari buruzkoa hain zuzen.

SERANTES GOTORLEKUKO DORRE AURRERATUA edo DORRE HANDIA

Serantes mendian dauden eraikin militarren hondarrek sortu duten interesa dela-eta, ikusi dut komunikabide idatzi eta digitaletan behin eta berriro agertu dela gure herriko mendiaren tontorreko Dorrea eraiki zeneko datari buruzko akatsa. Horrela bada, 1879ren ordez, 1868an eraiki zela diote.

Zergatik akats hori? Suposatzen dut jatorria “Serantes mendia” liburuan dagoela, Joseba Tranchok 1997an idatzitakoan. 31. orrialdean eraikin militarrez ari da eta horrela dio: “Lehenengo tontorreko dorrea 1868 urtera aldera eraiki zen”. Baina ordutik asko ikertu da, eta ikerketa horiek zein aurkitutako dokumentazioak ondoren argitaratu zuen lan batean akatsa zuzentzera eraman zuten, “Construcciones militares en Santurtzi” liburuan hain zuzen. 2000. urtean argitaratu zuen eta 23. orrialdean aipatu zuen 1879 urtearen amaiera aldera hasi eta 1881ean amaitu zutela eraikitzen.

Urte hauetan asko izan dira lehenengo data erabiltzen aritu direnak eta kartel, mural eta hainbat agiritan agertu dutenak akats historikoa ederki zabalduz. Badirudi Göbbels zitalak esandako esaldi ezagun hura egia dela: “makina bat aldiz esandako gezurra egia bihurtzen da”. Kasu honetan “hamaika aldiz esandako akatsak egia dirudi” eta harrigarria bada ere, gaur egun gehiago sinesten diegu liburuaren okerreko data kopiatu, moztu eta itsatsi eta zabaltzen dutenei ikerlariari berari baino. Are harrigarriagoa ikerlariak dorrea eraiki zeneko datari buruzko dokumentazioa agertzen duela jakinda.

Artikulu honen helburua akats historiko kate hau zuzentzea da. Argi dago idatzitakoa idatzita dagoela eta zaila dela desagerrarazi edo berorren ondorioak txikiagotzea etorkizunean berriro gerta ez daitezen. Horretarako, data hori zergatik den okerra azaldu eta aurrekarien berri emango dut, Serantes mendiko lehenengo eraikin militarrari buruzko datuak ere ekarriko ditut, Dorre Handia edo Seranteseko Gotorlekuko Dorre Aurreratua eraiki zeneko datari buruzko agiria hain zuzen, eta berorren deskribapena eginez amaituko dut.

Joseba Trancho López

Dorrea. Gaur egun
Irudiaren iturria: Santurtziko Udalak argitaratutako esku-orria

SERANTES MENDIKO DORRE AURRERATUA edo DORRE HANDIA

Kokapena: Serantes mendiko tontorra

Aurrekariak:

Serantes mendia Abran dago, toki pribilegiatuan, inguruko mendietatik ederto nabarmentzen da eta. Tontorretik itsasadarrerako sarrera eta Villano lurmuturretik Santoñarainoko kostaldea ikusten dira.

Horregatik, berau izan da XVII eta XVIII. mendeetan izandako gerra-gatazketan erabilitako mendi-zaintzaileetako bat.

1640koa dugu horri buruzko lehenengo datua. Holanda eta Frantziaren arteko gerra zela-eta egunero bi talaia (zelatari) jartzen ziren Serantes mendiaren tontorrean. “Talaiariak itsas-gizon adituak izan behar ziren, eguzkia atera baino ordu bete lehenago itsasoa begiztatzen hasi eta eguzkia sartu eta ordu betera arte horretan jarraitu behar izaten zuten. Gainera itsasontzien belak ere ezagutu behar zituzten. Etsaien belak ikusita, lau edo gutxiago baziren su bat piztu behar zuten, 8 bela baziren, berriz,  bi su, 12 baziren hiru eta abar… edo bestela, zelatarietako bat jaitsi behar zen besteei  jakinaraztera” (1).

Bertan egon zitezen egurrezko etxola edo horrelako toki bat eraikitzen zitzaien, hotzetik eta eguraldi txarretik babestu eta etsaien itsasontziak ikusiz gero, sua pizteko erabili beharreko egurra gorde zezaten. Horrez gain, pentsa daiteke urteen poderioz txoko horiek konpondu eta hobetzen joango zirela.

XVIII. mendearen amaierara arte talaiak egon ziren aldizka.

Dorre formadun buzoia Serantesen tontorrean. Buzoi bat baino gehiago daude, hau bat besterik ez da.
Irudiaren iturria: Mendiak

Guk dakigula, mendia ez zen XIX. mendean helburu militarrerako erabili 1872 eta 1876 urteen arteko Guda Karlista piztu arte.

1874ko apirilaren amaiera aldera liberalek Somorrostron irabazi, Portugalete berreskuratu eta Bilboko setioa altxatu ostean, armada liberalak Bilbo inguruan eta erreka osoan kokatutako muino eta goialdeak sendotu zituen gotorlekuak eraikiz, horixe baitzen Estatuarekin lotzeko bide bakarra. Ez zegoen lurreko biderik, gainerakoa karlistek hartuta zegoelako.

Gotorlekuak 1874an eta 1875aren hasieran eraiki ziren. Kanpoko 19 gotorleku zeuden. Ezkerraldean San Roke eta Kanpantzarrekoak zeuden hiriburutik urrunen, biak ala biak Portugaleten, baina Serantes mendia gertu zegoen, eta hortik gotorleku bi horiek har zitezkeen mendean. Horrexegatik bada, erabaki zen Seranteseko muino batean (Mazo) defentsarako gotorleku bat eraikitzea.

Horrela bada, Serantesen ez zen defentsarako inongo eraikinik egon 1875eko martxora arte, karlistek Somorrostrosko batailak baino lehen egindako El Llanoko gailur eta San Pedro goialdearen arteko lubaki-lerro txiki bat izan ezik.

1875eko martxoan karlistak Mazoko goiko aldean lubakiak egiten hasi ziren, San Roke eta Kanpantzarreko gotorlekuak nolabait kontrolatzeko. Hortaz, Manuel Salamanca jeneralak, Bizkaiko tropen komandante buruak, Seranteseko kokagunea hartzeko erabakia hartu zuen. “Martxoaren 12an ekin zion operazio honi. Etsaiak ez zion aurre egin. Laster Serantes mendiko muinoa guztiz hartu zuen, eta egurrezko blokhaus bat egin zuten 40 lagunentzat. Hiru kanioi zituen eta bertan erabiltzeko 8 zentimetro luzeko atal bat zegoen. Blokhausa gezi-leihoetaraino armatu zen, bai eta garaiera horretarainoko lau metro zabaleko parapeto batez sendotu ere, ingeniari talde batek egindako proiektuaren arabera; babeserako hobi bat ere egin zen, metro kopuru bereko sakonera eta zabalera zuena“ (2).

Biharamunean, hilak 13, berriro okupatutako puntuetan lanak egiten eta elementu babesleak jartzen hasi zirenean, etsaiak eraso egin zien; liberalek aurre egiten jakin zuten baina, eta lanokin jarraitu behar izan zuten etengabe amaitu arte”.

Guda Karlista amaitu ostean, Bilboren eta itsasadarraren defentsarako eraikitako gotorleku askok balio estrategikoa galdu zuten. Batzuk bertan behera utzi ziren, beste batzuk itxi eta gutxi batzuek zutik iraun zuten. Euretako bat Mazoko gotorlekua izan zen, zeinek blokhausa zutik mantendu zuten Bolborategia eraikitzen hasi zen arte. Gaur egun oraindik ikusgai daude gotorlekua inguratzen zuen lubakiaren hondarrak.

40 lagunentzako Blokausaren proiektua eta artilleria pieza bat Serantes mendiko muinoan
Irudiaren iturria: Joseba Tranchoren artxibategia

Eraikitze prozesua

Guda Karlista amaituta, itsasadarreko eta Bilboko Abraren defentsa-sistema berrantolatu egin zen. Orduantxe erabaki zen Seranteseko Gotorlekua (Fuertea) eta mendi-tontorrean dorre aurreratu bat eraikitzea. 1879an egin ziren eraikin bien proiektua eta aurrekontua, apirilaren 25eko Errege Aginduaren bitartez.

Dorrea Gotorlekutik banatuta dagoen arren, horren eranskina da.

Horrela bada, 1879ko udazkenean hasi ziren bai Dorrea eta bai Gotorlekua eraikitzen.

1880ko urtarrilean, José Gómez Méñez ingeniari kapitain buruak, obraren arduradunak, Dorrean 8 zentimetroko pieza bat jartzea proposatu zuen, baina horretarako teilatu lauko zorua sendotu eta aurreikusita zegoen erdiko kupula kendu behar zen. Proposamena onartu egin zen. Ekainean dorrea aurreratuta zegoen, baina handik hilabete batzuetara lanak geldiarazi egin ziren funtsa ezagatik. 1881eko otsailean geldirik jarraitzen zuten.

Udaberrian berriro ekin zitzaien lanei eta 1881eko ekainaren 20ean Dorrearen artillate proba egin zen 12 zentimetroko artilleria-pieza bat botaz. Proba gaindituta, brontzez egindako 10 zentimetroko 2 pieza jartzea proposatu zuen.

Artilleria jartzeko helburua zera zen, etsaiak babesteko erabil zitzakeen amildegi eta lurraren bihurguneak eraistea eta Seranteseko hegi hori metrailaz suntsitzea.

1881eko azaroan jarri ziren Dorre eta Gotorlekuko artilleria-piezak. Dorrean 12 zentimetroko 2 pieza jarri ziren plaza kanoi gurdien gainean, ez zegoelako aurreikusitako 10 zentimetrokorik. Dorrean zegoen tropa Gotorlekuaren dotazioaren parte zen.

Dorrea Gotorlekuarekin batera egon zen lanean 1926ra arte, baina berau eraiki zenetik apenas erabili zen. Lantzean behin ikuskatu egiten zen mantenu-lanak egiteko. Ondo egon zen 1950-1960 urteetara arte, orduantxe hasi baitzen hondatzen.

Ingeniaritza Zuzendaritza Nagusia. Gotortzeko lanen proposamena.
Irudiaren iturria: Joseba Tranchoren artxibategia

Ingeniaritza Zuzendaritza Nagusia                  1878-1879 urte ekonomikoa

Itsasadarraren ezkerraldea gotortzeko lanen proposamena, martxoaren 19ko Errege Aginduaren bidez egina

Baskongadetako Ikuskatzailetza Komandantzia Nagusia

Bilboko Komandantzia

Bilbo Hiria eta itsasadarra

Serantes Gotorlekua eta Dorre aurreratua

Aurtengo maiatzaren 27an Ipar Aldeko Armadako Jeneral Buru jaun txit gorenak itsasadarreko bokalearen defentsa-lanei hasiera emateko agindu du, martxoaren 19ko Errege Agindu bidez aipatutako goi mailako agintari horri emandako baimenari jarraituz. Lehenengo lanak arestian adierazitakoak dira, zeinen proiektua aurtengo apirilaren 25eko Errege Aginduaren bidez onartu da.

Aurrekontua 157.590 pezetakoa izan da, eta horretatik  25.000 ekitaldi honetarako eskatu dira.

Lan hau 64. artikuluaren 4. adierazpenean azaldutako kontzeptupean egingo da, Jeneral buru jaun txit gorenak emandako aginduaren bidez, zeinek lanok berehala hasteko agindua eman duen itsasadarraren bokalearen defentsaren parte delako.

Jarduketa hau egiteko, honako ekitaldian aurrekonturik gabea bera, hurrengo esleipena (25.000 pta.) Donostiako Komandantziak Frantziako muga defendatzeko jasoa zuenera jaitsiko da.

Madril 1879ko ekainaren 23a

      Miguel Trillo Figueroa

Deskribapena:

Oinplano karratukoa da, 6,10 x 6,10 barrutik. Kanpoko oina tronkopiramidal samarra da eta garaiera aldakorreko zapata baten gainean dago, zoruaren gorabeherak direla eta. Kanpotik harlanduz egina dago, barrutik, berriz, harlangaitzez. Hormak 1,5 m (oinarria) eta 80 cm (goiko aldea) lodi eta 8,75 m luze dira.

Eraikinaren altxaera egitura eta guzti. Hego-ekialdeko aldea
Irudiaren iturria: Joseba Tranchoren artxibategia

Beheko solairua, solairu nagusia eta teilatua zituen. Beheko solairuan bost gezi-leiho zeuden (60×33 cm) bertikalean albo banatan eta beste bat ertz banatan. Gezi-leiho guztiek adreilu trinkoz zeuden sendotuta barrutik. Gela txiki batzuk zituen sukalde, komun, uharka, biltegi eta logela gisa erabiltzeko.

Zurezko zenbait habek eusten zioten solairu nagusiari, eta horien gainean tronadura zegoen jarrita. Hiru aldetan bost gezi-leiho zituen, beheko solairukoen berdinak. Hego-ekialdean (Gotorlekuaren aldekoa) sarrera zegoen eta leihoak alde banatan. Dorrean sartzeko esku-eskailera bat zegoen, behin barruan kendu egiten zena, eta hori berori erabiltzen zen beheko solairura edo teilatura joateko.

Teilatu lauari ere zurezko zenbait habek eusten zioten, bai eta hormigoi geruza batez estalitako tronadura ere, kanoiak jaurtigaiak botatzean sortzen zituen dardarak zirela eta. Harlanduzko parapetoa zuen, non bi almena edo kanoi-zulo zeuden alde banatan. Horrez gain, bi modiloiz eutsitako matakan bat zuen alde bakoitzaren erdi aldean eta ertzetan. Matakan bakoitzaren oinarrian euri urak ateratzeko zulotxo bat zegoen.

Dorre Handia. Altxaera
Irudiaren iturria. Joseba Tranchoren artxibategia

Dorrea Oinplanoa
Irudiaren iturria: Joseba Tranchoren artxibategia

1.- Uharka / 2.- Gela / 3.- Biltegia  / 4.- Sukaldea / 5.- Komuna

Konklusioa

Serantes mendan egin zen lehenengo eraikin militarra lubaki batez inguratutako blokhaus batez (bunker antzeko bat) osatutako gotorlekua izan zen. 1875ean eraiki zen El Mazo edo Serantes Txikian izeneko mendixkan.

Seranteseko Gotorlekua eta Dorre aurreratuaren proiektua 1879an egin zen eta urte horretan bertan sartu ziren aurrekontuetan. Dorrea urte horretan hasi zen eraikitzen, Gotorlekua, berriz, hurrengo urtean, hau da, 1880an.

Oharrak

(1) “Historia general del Señorío de Bizcaya”; V. alea, XXXII. atala, 294. or. / Estanislao Jaime Labayru eta Goikoetxea

(2) “Narración militar de la guerra carlista de 1.869 a 1.876”; VI. Alea, 199-202 or. Egilea Cuerpo de Estado Mayor del Ejército. Madril 1.883-1.889

Serantes gotorlekuko dorre aurreratua edo Dorre Handia. Gaur egun

Kontsultatutako iturriak:

  • Gobierno Militar de Bilbo (Dptº de Patrimonio)
  • Instituto de Historia Militar de Madrid
  • Museo de Artillería, y Archivo Histórico de Segovia

Joseba Trancho López

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s