Larreinetako funikularra, 90 urte bete dituena.

Guztiok gustuko ditugun gauzen artean, betiko funikularrean igotzea dago zalantzarik gabe.

Eta Santurtzitik oso hurbil bi ditugu: Artxanda eta Larreinetakoa. Bigarrena Trapagan dago, hemen “El Valle” izenaz ezagunagoa den herrian.

Gezurra badirudi ere, funikularrak ez dira eraiki umeek aurreko leihoan gozatzeko aldapa gora datorkiela ikusirik edo mendian behera amilduko direlako ustean, edo ez horretarako bakarrik. Egia esan, oso garraio bitxia da, trenek igo ezin dituzten mendietako aldapa gogorrak igo ahal izateko egokitu dena.

Guregandik hurbilen dagoena, Mamarigakoa kenduta, oso erabilgarria eta doakoa izateaz gain, beste bitxikeriarik ez duena, Larreinetakoa da. Hori, Igeldokoa bezala, 2014an Eusko Jaurlaritzak Monumentu Multzoko kategoriarekin, Kultura Ondasun kalifikatu zuen.

Larreinetako geltokia eraikitzen ari ziren bitartean.
Irudiaren iturria: “Vida vasca”

Gaurkoan horretaz arituko gara, guretzat balio historiko eta soziala izateaz gain, inguruko herritarrentzat oso erabilgarria delako aisiarako eremu horretara igotzeko.

XIX. mendearen bukaeran meatze lanek biztanle asko ekarri zuten Larreineta eta La Arboledara, 5.000 lagunetik gorako zenbatekoa lortu arte. Hauek haranarekin zuten komunikazio bakarra aldapa handiko errepide bihurgunetsua zen eta hori 1901etik aurrera, lehenago mando-bidea baino ez baitzen. Funikularrari esker ordu eta erdiko bidaia 10 minutukoa izatea lortu zuten.

Donostiako Igeldo (1912) eta Bilboko Artxandako (1915) funikularren arrakasta ikusirik, gizaki eta salerosgaien garraioaren arazoari sistema horrek emango ziola konponbidea pentsatu zuten.

Larreinetako geltokia gaur egun.
Irudiaren iturria: Euskotren

Eta administrazio-kontuak oso astiro doazenez, lehen proiektua 1912an egin bazen ere, Diputazioak ez zuen 1921era arte hartu. Ez omen zen lan erraza izan; izan ere, lanetan bost urte eman behar izan zituzten 1926an inauguratu arte.

Geltoki biak, goian zegoena, La Escontrillakoa, eta behekoa, Larreinetakoa, itxura ederrekoak eta dotoreak izatea nahi izan zutenez, arkitekto eta eskultore familia (1) batekoa zen eta Bilbo hiriari bere izaera ematen lagundu zuen “modernoetako” bat izan zen Diego de Basterra (1883-1959) Bilboko arkitektoak egin zituen.

Geltokiak linearen hasieran eta bukaeran daude; «neovasco»(2) deritzon estilokoak dira eta Diego Basterra arkitektoaren proiektuei jarraikiz eraiki ziren. Antzeko diseinua dute, eta bi geltokiek fatxada nagusiaren eskuineko angeluan harlanduzko dorre txiki bana dute, arrano bat irudikatzen duen eskultura banarekin erremataturik. Makineria goiko geltokian jarri zuten eta pisatzeko baskula behekoan.

Escontrillako geltokia gaur egun.
Irudiaren iturria: Euskotren

Asmakizuna bi arrazoirengatik da berezia:

Bartzelonako Geliakoarekin batera, penintsulan pertsonak eta salerosgaiak eramateko eraiki zen bakarra da eta ez, ohi zen bezala, aisia edo turismo arrazoiengatik.

Dituen 1.179 metroek bilakatu zuten Estatuko luzeena, Bulneseko funikularra eraiki arte (2.227 metro, 2001ean).

Bidaiarientzako kutxak, horizontalean mantentzen zituen egitura baten gainean zeudenak, geltokietan zeuden garabiek desmuntatu ahal zituzten. Horrela, pertsonak garraiatzetik era guztietako ibilgailuak eramatera pasatzen ziren eta horrela errepidea saihesten zuten. Egiturak ematen zion horizontaltasunak ibilgailuen egonkortasuna errazten zuen eta zama ez jaustea saihesten zuen.

Funikularra kupelak dituen kamioia eramaten, XX. mendearen hasieran.
Irudiaren iturria: Vida vasca

Funikular gehienak bezala (3), trenbide bakarra zuen eta trenbide-aldaketarik gabeko gurutzagunea zuen ibilbidearen erdialdean. Horrek umeen gozamena ekartzen du, elkar joko dutelako beldurra ezkutaturik, bagoi bakoitza nondik joango den asmatzen saiatzen direlako (4). Trenbideak bihurgune zabalak lotzen dituen bi tarte zuzen ditu eta aldapak % 35etik % 45erainokoak dira, goiko aldean daudelarik aldaparik handienak.

Funikularra. Oraingo honetan bidaiariak garraiatzeko egokiturik.
Irudiaren iturria: Vida vasca.

OHARRAK

1. Diego Serafín de Basterra y Eguiluz eskultorearen semea zen eta Faustino de Basterra arkitektoaren eta Higinio de Basterra eskultorearen anaia. Egin zituen lanen artean, honako hauek aipa ditzakegu: Abellanedako Juntetxearen dorrearen eraberritze lanak, Euskaldunako eta Deustuko Tailerretarako etxe merkeak eta Elejabeitia etxea eta duela gutxi eraitsi duten Bilboko RAG eraikina, azken hau estilo errazionalistakoa. Abertzalea zen eta zigortu eta kartzelan sartu zuten azken gerra zibilean.

2. Neoeuskalduna XIX. mendearen bukaeran hasi eta frankismora arte irauten duen arkitektura estiloa da. Iraganeko elementuak erabiltzen zituzten beste zenbait korronte historizista batzuekin batera jaio zen eta ezaugarri nagusia zen tokiko ezaugarri garrantzitsuena arkitektonikoki irudikatzen zutela. Hortaz, neoeuskaldunaz gain, Andaluziako neomudejar estiloa edo Cantabriako menditar estiloa ditugu.
3.- Espainian aldapa handietarako trenbide horietatik hamaika mantentzen dira lanean eta horietako gehienak, sei, Bartzelonan daude.

4.- Trena beti doa albo beretik, hots, sistema erraza da. Bagoiaren barruko aldeko gurpilak lauak dira eta kanpoko aldekoek erlaitz bikoitza dutenez, beti jarraitzen du bide bakarra eta bagoi bakoitzak beti egiten du alde bereko bidea.

Gurutzagunea: mekanismoaren eskema
Irudiaren iturria :blog electricitat-viatger

Liburutegi Nagusia (E.B.C.)

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s