IRAKURZALE KLUBAREN IV. EDIZIOA

Zazpigarren saioa: Johann Wolfgang von Goetheren Las desventuras del joven Werther

Klubaren IV. edizioaren zazpigarren saio honetan Ivan Repila izan genuen berriro moderatzaile, aurreko saioan ezin izan baitzuen parte hartu “Prólogo para una guerra” bere eleberri berriaren aurkezpena izan zuelako.

Horrela bada, ezer baino lehen obraren promozioaren inguruko gorabeherak plazaratu zizkigun. Seix Barral argitaletxeak argitaratu dio, aurreko bietakoa baino dezente handiagoa den argitaletxea, aurreko biak Libros del silencio argitaletxeak argitaratu baitzituen, editorearen heriotza dela-eta argitaletxea itxi baino lehen. Horregatik, aurreko liburuek apenas izan zuten zabalkunderik. Izan ere, Ivanentzat esperientzia berria da horrelako promozioa egitea eta elkarrizketa asko eskaintzea, batzuetan egun bakar batean 16 izateraino heldu da, pentsa!!

Horrela bada, eleberria zabaltzeko lanak direla-eta hurrengo saioaren eguna aldatzea proposatu digu, hasiera batean otsailaren 7rako geratu baginen ere, egun horretan ezin izango da gurekin egon, Bartzelonan egon behar duelako. Eta hegazkinez itzultzekoa bada ere, ezustekoren bat gertatuz gero, gerta liteke saiora garaiz ez heltzea. Hortaz, Casa Torre jauregiko gela libre dagoela eta parte hartzaileok egunez aldatzeko prest gaudela ikusita, hurrengo saioa otsailaren 8rako jarri dugu, asteazkenarekin, zeinetan Lucia Berlinen “Manual para mujeres de la limpieza” irakurriko dugun, beharbada, urtearen azken liburua.

Gaurko liburuari helduz, Ivanek Goetheren figurari buruzkoak azaldu zizkigun, Alemaniako eta beharbada mundu osoko literaturan egon den idazle handienetako bat. Berez mutil bizkorra zen, baina etxe onekoa izanik, politika- eta arte-munduan ibiltzeko aukera izan zuen eta bien arteko uztarketak benetako pertsona bikaina egin zuten. Gainera, 80 urtez baino gehiagoz bizi izan zen, nahiko harrigarria garai hartan, eta izan zuen literatura eta bestelako arte-diziplina batzuetan aritzeko modua, hala nola, estetikan edo zientzian, arlo honetan aurkikuntzak eta guzti egin zituelarik.

Horrela bada, urte luzez aritu zen idazten obra oparoa utziz, zeinetan Fausto nabarmentzekoa den, sarritan zine eta antzerkira egokitutako poema. Hala ere, Repilak ez digu liburu hau bereziki gomendatu. Esan digu Goetheri buruz gehiago irakurri nahi badugu biografia irakur dezagula, izugarri interesgarria da eta.

                               imagen-2-goethe-joven      

Horren ostean, galdetu zigun ea irakurraldia gogorra egin zitzaigun, ea “torturatu” gintuen gehiegikeriaz eta harridura markaz jositako hizkuntzarekin. Egia esan, gogo itzela eragiten du horrelakoak esateko: “Oh! Lagun maiteak, hau topaketa laketgarria. Zinez xarmagarria da irakurzaletasun zoragarriaz mintzatzeko zuekin aisialdi uneak partekatzeko dudan parada hau” edo horrelako zerbait.

Eta bai, askok aitortu genuen baietz, gogor samarra egin zitzaigula irakurtzea, edo behintzat, liburuan murgiltzea, nahiz eta gero liburuari neurria hartu genion.

Ivanek aitortu zigun berari dibertigarri gertatu zitzaiola gehiegikeria handia agertzen duelako. Eta zalantzarik gabe, bere ikuspuntua guri helarazten asmatu zuen, hauxe izan baita saio dibertigarrienetako bat.

Beste batzuetan bezala, moderatzaileak ederto kokatu zigun liburua bere testuinguru historikoan eta horrek bidea eman zigun solasa goza genezan.

Neoklasizismo-korrontearen esparruan gaude, mende parte batez luzatu zen garaian, non arrazoimena goraipatzen zen, baina dagoeneko guretzat nahiko aspergarri gertatzen ari da, erabat gogaikarria alegia. Garai hartan gaur egun begi bistakoak diren kontzeptuak (Erromantizismo garaiaren ondorio izango direnak, gure gaurko saioko Werther horren eskutik hasia), hala nola, “maitasunez hil” edo “maitasunagatik nork bere burua hil” erabat ezezagunak ziren.

Eta testuinguru horretan 24 urteko gazte baten 100 orrialde eskaseko lantxo bat akuilagarri bihurtu zen, eta gainera, kontzeptu moderno asko aurreratu zituen, hala nola, “autofikzioa”, zein agertuko zaigun laster irakurriko dugun Lucia Belinen liburuan, adibidez: egilearen biografiaren benetako elementuak erabili eta berrinterpretatzea, irudimenarekin nahastuz fikzio produktu bat sortzeko.

Goethe 24 urte zituela, Werther idatzi zuenean

Egia esan, Goethek berak bizi izan zuen Werther eleberriaren ardatza izango den pasadizoaren antzeko bat, engaiatuta dagoen emakume batekiko maitasun sutsua sentitu baitzuen (kasualitatez Charlotte deitzen zen, gure gaurko liburuaren protagonista bezala). Baina gainera, bere lagun bat Wilhelm Jerusalemek (Wertherren gutunak jasotzen zituen laguna) antzeko nahigabea izan zuen eta bere buruaz beste egin zuen, eskola sortuko zuen modu batez: bularraldean tiroa botaz.

Eta Goethe gazteak esperientzia horiek eleberri labur batean islatu zituen orduko gazteriarekin konektatuz, bertan islatuta ikusi omen baitzituzten euren bihotzetan taupadaka zituzten pasio guztiak, zeini arrazionalismoak ezin zien erantzunik eman.

Beraz, “Las penas del joven Werther” liburua erabat zabaldu zen, ordura arte liburu bakar bat ere zabaldu ez zen moduan (esan genezake garai hartako Moccia zela, bere “A tres metros sobre el cielo” lanarekin). Ale mordoa saldu ziren, gazteak Wertherrek liburuan janzten duen estiloko arropa jantzita ateratzen ziren kalera eta turismo-mota berri bat sortu zen, zeinen bidez Wertherzaleak egilea ezagutzera abiatu ziren (zahartzaroan nahiko gauza desatsegina Goetherentzat), horretarako Europa osoa zeharkatu behar bazuten ere, eta harrigarriena, liburuak buru-hilketa soka luzea eragin zuen protagonista imitatu nahian.

Moderatzaileak esan zuen liburu hau gauza askoren aitzindaria izan zela. Horrela bada, sentimentuak goraipatzearena norabide bikoitzekoa izan zela aipatu zuen (Werther bipolarra zela esan genezake), Goethek maitemintzea eta zoriontasunik handiena ez ezik, depresioa eta tristurarik sakonena ere agertu baitzituen, biak ala biak natura nabarmentzeko joeraz lagunduta (horrela, pozik banago zerua urdin egongo da, loreak inoiz baino lurrintsuagoak, ortzadarra inoiz baino distiratsuagoa, deprimituta banago, berriz, zeruak nirekin batera egingo du negar eta trumoiak eta oinaztargiak munduaren amaieraren iragarleak izango dira). Izan ere, hauxe da gero hain emankorra izango den munstroei buruzko beldurrezko literatura-genero osoaren abiapuntua. Adibidez, Mary Shelleyren “Franskenstein” eleberria ez zatekeen existituko Werther barik.

Azterketa estilistikoan sartuta, Repilak lanaren egitura nabarmendu du. Bi zatitan banatuta dago: lehenengoa estilo epistolarrean dago idatzita. Wetherrek une gozoa bizi du, hiritik alde egin du eta naturak eta jende xehearen xalotasunak eskaintzen dion ikuskizunarekin txundituta dabil. Orduantxe ezagutuko du Charlotte, bihotza bahituko dion gaztea.

Bereziki deigarria da neskatoa ezagutzen duen dantzaren eszena, bai eta protagonistak lagunari idazten dion gutun luzea ere, zeinetan Charlotten soinekoaren tolesaren edo buruan janzten duen apaingarriaren xehetasun txikienak deskribatzen dituen. Aipatu genuen zer nolako harria izango litzatekeen Werther bezalako lagun bat izatea, beti telefonoari atxikita bere sentimenduen gorabehera guztiak azalduz. Egia esan, gure Werther hau astun samarra da, are gehiago, mozolo hutsa. Argi asko utzi zigun Ivanek hurrengo galdera hau bota zigunean: Charlottek Werther maite du? Ez da izango gazte umezurtza, neba-arreben ardura bere gain hartu beharrak sortzen dion lanak eraginda, entretenitzen duen gazte honen konpainia eskertzen duela? Gainera, neba-arrebak zaintzen laguntzen dio. Behintzat, ematen du ez zaiola burutik pasatu ere egin Albert bere bikotekidea (amaren kutuna) uztea. Horrela bada, aipatu genuen irakurle batzuok Werther gizon erakargarri gisa irudikatu genuela eta horrek Ivan harritu egin zuen, apenas baitago pertsonaien deskribapenik.

Liburuaren bigarren zatiaz jardun genuenean, zeinetan Werther hirira itzuli eta lanean hasten den, nahiz eta gero uzten duen (hemen kezka soziala zirriborratu egiten da, klaseen arteko aldeak aipatzen zaizkigu eta), Ivanek Goethek erabilitako baliabide estilistiko batez ohartarazi zigun. Bigarren liburu hau ilunagoa ez ezik (pertsonaiaren gogo ilunaren isla), ez du gutunik agertuko eta narratzailearen figura azalduko da, gutunen jasotzailea hain zuzen. Horrela egileak Wertherrek ikusi ez dituen eszenak ekarriko ditu, senar-emazteen arteko elkarrizketak kasu, edo beste barik, pertsonaiaren azken une mingarriak.

Wertherren ariman emozioen zurrunbiloa gora doa etengabe (gaur egun esaten den moduan, beroaldi itzela: mozolo bailitzan irudikatzen dugu, bere dama eskularru bat eranztean eragiten diona ikusita). Lottek eta Albertek horren susmoa omen dute, ezkontzara ez gonbidatzeaz gain, dagoeneko ezkondu direnean jakinarazten diote eta. Werther dena emanda agertuko zaigu Lotte agurtzen duen eszenan, bertan poema epiko ikaragarria irakurriko du eta, Goethek aitzakia gisa erabiltzen duena garai hartako idazle bat ezagutarazteko: Ossian. Irakurgai honek Lotteren sentimenduak kitzikatuko ditu eta bere punturik gorena muxu eder bat izango da, gure ustez sexutik urrun samar dagoen zerbait, muxu huts bat baino ez da eta, Lotteren hanka-sartze bat baino ez. Baina hau, egindako akatsaz jabetuta, gelan giltzapetuko da eta ez du bere laguna berriro ikusi nahi izango. Eta nahiz eta, aurreikus daitekeen tragedia hurbil dagoela Wertherrek bere nahigabeari (edo atsekabeari, horrela itzuli izan baita sarritan liburuaren izenburua) amaiera emango dion suzko arma bat lortuko du, nork eta Albertek emana (eta bere maiteak ukitua, pistola esku artean izan du eta. Wertherrek ez du hori ikusiko baina bere morroiak jakinaraziko dio) . Den-dena ia zuzenean jasoko dugu, badirudi New Yorkeko dorre bikiena gertatu zenetik, telebistan etengabe ikusten dugun fenomenoaren aurrerapena dela: Wertherrek ia denbora errealean emango digu bere buru-hilketaren berri, agurtzeko gutuna pistola lokian jarrita duela idazten arituko bailitzan. Are gehiago, odol orbana eta erraiak ere hor daude, “gore” goitik behera aizue.

imagen-11-pistola-werther

Solasaldian izan genuen gizon bakarrak, Peiok, esan zuen ez zitzaiola batere gustatu diskurtso hori, triste eta goibel egon nahi eta minean atsegin hartze hori alegia. Bere ustez, Wertherrek porrota ezagutu zuen, bere buruaz beste egiteko moduan barne, horretan ere eskasa da eta. Horrez gain, umoretsu aipatu genuen gure pertsonaia hori gaur egungo “emoen” tribuaren aurrerapena zela… eta minarekiko mendekotasun hori Johnny Cashen “Hurt” kantan ikusten dela adibidez… gu beti loturak topatzen…

Solaskide batek unibertsitateko kide ohi baten pasadizoa kontatu zigun. Filologia ikasleak zirelarik lantxo hau landu zuten, eta ikaskide batekin txora-txora eginda zegoenez hartaz jarduteko espresio bat asmatu zuten: “Tipo hori erabat Werther dago”.

Saioa amaitzeko gure egileak bere liburua sinatu zigun, parte-hartzaile batzuek euren alea ekarri eta aukera baliatu baitzuten liburua eskaini ziezaien. Bide batez, interesatuta bazaudete, jakizue Ivanek Bilbon otsailaren 1ean (asteazkena) aurkeztuko duela liburua, Camara liburu-dendan zehatz-mehatz arratsaldeko 7:30ean.

Bere liburuak sortutako interesa ikusita, ez dugu baztertu bere “Prólogo para una guerra” eleberria Santurtzin aurkezteko aukera, non zalantzarik gabe gaurko parte-hartzaile guztiok bilduko ginatekeen. Izan ere, klubaren aparteko saioa izan liteke, ordurako irakurrita izango baitugu eta gustura komentatuko dugu egilearekin, bere garaian aurreko edizio batean “El niño que robó el caballo de Atila” liburuarekin egin genuen bezala (beharbada, laster berrargitaratuko duen eleberria). Hortxe dago iradokizuna, espero dugu fruitua ematea.

Ana G.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s