Geuk eta gure irakurleek gomendatzen ditugunak

01 Recomendaciones-PRIMERO CARLOSIrakurleok buletin honetan parte hartzea nahi dugu, zuon iritzi, iradokizun, iruzkin eta gomendioak plazaratuz. Eta egindako ahalegin guztiek saria dakartenez

liburu elektronikoen irakurgailua zozketatuko dugu parte hartzaileon artean. Anima zaitez eta parte hartu.  Zure iradokizuna posta helbide honetara bidali edo zure liburutegian eman dezakezu.

This slideshow requires JavaScript.

 

La hija del Caníbal

Aster Navas Martinez gomendatua  / Mahastietako liburutegia. La hija del Caníbal / Rosa Montero. 338 or.

Liburua amaitu nuenetik, gauza bera gertatzen zait beti, kafetegi, zinema, autobus-geltoki edo edozein gune publikotan nagoela, norbaitek komunera doala esaten badit, txarto begiratzen diot, ezin dut saihestu. Eurak naturaltasun osoz korridorean eskuin aldera (edo ezkerrera) egiten dutenean, nik atzamarrak gurutzatzen ditut. Espero dut urak bide egitea eta beste askotan gertatu zaidan moduan, susmo zentzubako hori nire gogotik aldentzea.

Kontua da Luziak, protagonistak, Ramon senarra komunean galduko duela. Bai, bai, horrela da; Luzia zain egongo da komunen parean, minututik minutura urduriago Vienarako hegazkina hartu behar zutelako, baina senarra ez da berriro ate horretatik agertuko.

Orain berri txarrak…

Horren hasiera harrigarria izanik, egileak bidean desbideratuko den kontakizuna eraikiko du; bahiketa bati buruzko istoriotik haratago, Espainiako anarkismoari buruzko dokumental eleberritua egingo du, talde terroristen finantzen azterketa, ustelkeriaren salaketa, denbora luze elkarrekin bizi izan diren bikoteei buruzko idatzia eta familia-loturei buruzko hausnarketa zorrotza, hori guztia da eleberria.

Gainera, gertakizunak eta pertsonaiak karikatura eta surrealismotik gertu egongo dira (batzuetan Eduardo Mendozaren “El misterio de la cripta embrujada” etorri zait burura), baina ikuspuntu hori etena da, orrialdetik orrialdera tonua aldatu eta batean barregarria dena hurrengoan serio tratatuko du.

Orain alde ona… Kontutxo batek egiten du eleberri hau gomendagarri: sarritan Rosa Montero zutabegilea azaltzen da eta horrelakoetan irakurlea limurtu eta hunkitzen du. Hamaika dira kazetariak egunkarietan erakutsitako maisutasunez idatzitako pasarteak, bertan goiak eta beheak hartzen dituela ahotan irakurlearen konplizitatea lortuz.

Izan ere, egileak fikzioa oinarri gisa baino ez du erabiliko. Egia esan, idatzi izan dituen liburuetan gehiago edo gutxiagotan, hobeto edo txarrago, bizitza eta literatura uztartu izan ditu. Horren adibide “La loca de la casa”, “El amor de mi vida”, “Historia del rey transparente”… Izan ere, ez zaio inporta errealitatean oinarritzea, “La ridícula idea de no volver a verle” liburuan bezala.

Eta hausnarketan murgilduta, amaitu nahi nuke esanez “La hija del canibal” liburua inertziari buruzko liburua dela: Bizitzak protagonista tren jakin bat hatu beharrean jarri du eta ez du oraindik bertatik jaisteko unea aurkitu, baina bat-batean adinak (berrogeitaka…) eta egoerak trenbidera botako dute. Eta ahaztu barik, ohartxo bat bikotekidea ezagutzen duzuela uste duzuenontzat: adi egon!!

La noche de la Usina

Liburutegi Nagusia gomendatua / Liburutegi Nagusia. La noche de la Usina / Eduardo Sacheri. 362 or.

Buenos Aires probintziako herri galdu honetan asko dira iraungitzear dauden kontuak. 2001eko banku-korralitoa ekarri zuen krisi ekonomiko gori-gorian zegoela, herritar talde batek pobreziatik atera zitzakeen proiektu bat gauzatzeko behar zuen dirua biltzea erabaki zuen. Baina aurrezkiak biltzen ari zirela, iruzur handia jasan zuten eta galdutakoa berreskuratzeko erabaki irmoa hartu zuten.

Eleberri honetan Eduardo Sacherik iruzurgileek ondo merezitako mendekuaren nondik norakoak azalduko dizkigu, bai eta jakinaraziko ere nola gauzatu zuten denon gogoan geratuko den gau garrantzitsu eta sekretu batean.

LEGO. El libro de las ideas

Liburutegi Nagusia gomendatua / Liburutegi Nagusia. LEGO. El libro de las ideas / Lipkowitz, Daniel. 312 or.

Legozale amorratuentzako liburua dugu hau. Bertan irakurleak figurak eraikitzeko behar duen inspirazioa sustatuko dioten eredu ugari aurkituko ditu. Ereduak gaika banatutako sei bloketan agertuko dira: ibilgailuak, eraikinak (denetikoak), espazioa, gaztelu zaharrak, abentura-tokiak (mundu bikingoa, piratak, oihana eta abar) eta bizitza errealean erabili ahal izango diren gauzak sortzea. Atalen amaieran instruktore bakoitzari egindako elkarrizketa luzeak ere badaude.

Sonatas for Violin & Fortepiano

Liburutegi Nagusia gomendatua / Liburutegi Nagusia. Sonatas for Violin & Fortepiano [Soinu grabazioa]  / Ferdinand Ries. Disko 1 (CD)

Ferdinand Ries (1784-1838) musika-historian konpositore gisa azaldu aurretik, Ludwig van Beethoven delako baten ikasle, lagun eta biografo gisa azaldu zen, bere lan aparten kopiatzailea ere izan zelarik. Eta ez zegoen horrekin oso haserre, Ferdinanek berak Bonneko maisuaren idazkari gisa agertzea baitzuen gogoko, berez piano-jole bikaina zen arren.

Baina hori guztia ez ezik, musikagile ona ere izan zen. Lan ugari konposatu zituen, orduko genero guztiak ukitu zituelarik. Horren adibide, biolin eta pianorako idatzitako sonata-sorta. Beethoven eta Mozarten eraginpean eginda, pentsa daiteke bi maisu hauen lanek itzal egingo dietela. Ez da horrela gertatzen. Are gehiago, musika paregabea sortzeko gaitasun ikaragarria duen egilea dugulako proba ere badira. Musika bikaina, pertsonala, Vienako klasizismoaren oinordea baina erromantizismoaren atarian dagoena, garai hartan ia Europa osoko kontzertu-aretoetan nagusitzen hasia zen korrontearen atarian hain zuzen.

Ariadne Daskalakis biolin-jole estatubatuarrak eta Wolfgang Brunner piano-jole alemaniarrak jo dituzte CPO zigilupean egindako grabazio honen hiru sonatak. Horren emaitza, musika dotore eta sendoa dugu, poztasuna eta xarma helarazten duena. Hala ere, op. 71 ilunagoa da eta Beethovenen indar eta irmotasun bakoa.

Old Ideas

Liburutegi Nagusia gomendatua / Liburutegi Nagusia. Old Ideas [Soinu grabazioa] / Leonard Cohen. Disko 1 (CD)

Old ideas” Leonard Cohen (1934-2016) musikagile kanadarrak estudioan grabatutako hamabigarren diskoa da, bere karrera osoan arrakastatsuena.

Musikari emanda bizi izan zen arren, genero literarioak ere landu zituen, hala nola, olerkia eta eleberria (Kabiezeseko liburutegian “El juego favorito” duzu eskuragai).

Jon Pareles New York Times egunkariko kazetariaren hitzetan “disko berantiarra da, oroitzapen eta azken urteen inguruan hausnartzeko bidea eman ez ezik,  freskotasun handia ere baduena”. Bere kantetan behin eta berriro agertzen ditu gai berberak, hurrengo hauek hain zuzen: politika, erlijioa, harreman pertsonalak, isolamendua eta sexualitatea.

Bere ahots ezin pertsonalagoak, grabe eta sakonak, berriro txundituko gaitu, letren sakontasun eta edukia nabarmenduz.

Trumbo

Liburutegi Nagusia gomendatua / Liburutegi Nagusia. Trumbo [Ikus-entzunezko materiala] / Jay Roach. (2015). Disko 1 (DVD)

Berrogeiko hamarkadan Dalton Trumbo Hollywoodeko gidoigilerik ospetsuena zen. Baina sorginen ehiza hasi zenean (Jarduera Antiamerrikarren batzordeak komunismoaren aurka abian jarritako kanpaina), Trumbori gainbehera heldu zitzaion, bera izan baitzen “Hollywoodeko hamarrak” ezizenez ezagun egin zirenetako bat, bere iritzi politikoak zirela-eta zerrenda beltzean sartu zituztenetako bat alegia. Dalton Trumbo gidoigile famatuaren biopic honetan (“Espartaco” edo “Vacaciones en Roma”) pseudonimoa erabili behar izan zuela ikusiko dugu, komunista zela egotzi zioten eta.

“Balekotik askoz ere gorago (…) Cranstoni esker, dena behar bezala dabil (…) Funtzioa garrantzitsua da salatzen den desohore politikoagatik beragatik. Bitxia bada ere, komedia tonuak lagundu egiten du”. Carlos Marañon: Cinemanía

Zinemaren izen handienetako batzuek bizi izandako infernuari buruzko narrazio leuna, ikusgarria eta tarteka umoretsua (…) Bryan Cranstonek sekulako lana egin du.” Oti Rodriguez Marchante: ABC egunkaria.

Liburutegi Nagusia

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s