Bost-Sei-Zortzi: 568. Santurtzi sutan

Santurtzi sutan egon zen, handik urte batzuetara Gernika eta beste herri eta hiri batzuk sutan egongo ziren bezala, eta sutan egon zen 1874ko martxoaren 25ean

gobernuko itsas-armadak 568 obus bota zituelako bertan.

Oraindik ditugu gogoan 1936ko abuztuan CAMPSAko tankeen sua eragin zuten “Velasco” destruktorearen erasoak (1), 1937ko maiatzean tanga horiek beroriek erre zituzten hegazkin alemaniarrenak edo urte bereko apirilaren 29an herrian 8 lagun hil eta 17 zauritu zituztenak.

CAMPSAko tangen sutea “Velasco” destruktore faxistak bonbardatu ostean. 1936Ko abuztuaren 16a.Irudiaren iturria: girjalvo.com

CAMPSAko tangen sutea “Velasco” destruktore faxistak bonbardatu ostean. 1936Ko abuztuaren 16a.Irudiaren iturria: girjalvo.com

Hala ere, Portugaleteko setioak edo Abantoko borrokek estali egin dute gure herrian gertatutakoa, Santurtzi erabat suntsitu zuten kanoikadak ahaztuz. Izan ere, ez da asko hitz egiten 1874an itsas armada liberalak Somorrostroko bataila izenaz ezagutzen den horren operazio militarretan egindako bonbardaketez.

Bilbotarrek oraindik dituzte gogoan urte horretan izandako hirurogeita hamar eguneko setioan bateria karlistek hiribildura bidalitako 5.369 bonbak (2). Geuk ere gogoratu beharko genuke martxoko egunsenti batean eskuadra liberalak Abran agertu eta 568 kanoikada bota zizkiola ia defendatu ezin zitekeen herri bati.

Testuingurua

Bonbardaketa hirugarren guda karlistan (3) gertatu zen, 1872 eta 1876 urteen artean. Artean ezegonkortasun politikoa zen nagusi, besteak beste, Carlos Maria Borboitarrarren jarraitzaileak Amadeo Saboyaren monarkiaren aurka altxatu ziren eta. Horren ostean, 1. Errepublika ezarri zen, zein bertan behera geratu zen 1874an Pavia jeneralaren jazarraldi militarraren ondorioz. 1874an Alfonso XII.ak borboitarren monarkia ezarri zuen berriro.

Lehenengo guda karlistan bezala, errege-nahiak eta estatu nagusiak ezinbestekotzat jo zuten Bilbo hartzea. Hiribilduari eusten saiatuko zen ejertzitoa geldiarazteko bi defentsa-lerro ezarri zuten Ezkerraldean, Kastrexana goietan eta Somorrostro haranean hain zuzen.

Santurtzi, artean Ortuella barne 1.260 biztanleko herrixka, karlisten esku geratu zen.

Kostaldeko Santurtzi herrixka 1888an, berau suntsitu zuen bonbardaketa eta 14 urtera Jose Manuel Oraak egindako planoaren arabera. Julen eta Goio Bañalesen interpretazioa. Etxe eta txalet gutxi batzuk, lorategiak eta baratzak, San Jorge eliza eta Itsasoko Amaren baseliza. Irudiaren iturria.: somo.blogcindario.com/

Kostaldeko Santurtzi herrixka 1888an, berau suntsitu zuen bonbardaketa eta 14 urtera Jose Manuel Oraak egindako planoaren arabera. Julen eta Goio Bañalesen interpretazioa. Etxe eta txalet gutxi batzuk, lorategiak eta baratzak, San Jorge eliza eta Itsasoko Amaren baseliza.
Irudiaren iturria.: somo.blogcindario.com/

Bilboko setioa apurtzeko, 1874ko otsail eta apiril artean, gobernuaren aldeko tropak hirutan saiatu ziren lerro karlistak suntsitzen. Borrokaldi zital horri Somorrostroko bataila deitu zitzaion. Horren laburpentxoa 1. eranskinean duzue irakurgai.

Hiru borrokaldi hauetan gudaroste liberalean ezkerreko hegalari frontea suntsitzen laguntzera etorritako eskuadra batek Santurtzi bonbardatu zuen. Lau kanoi zaharrek soilik babesten zituzten gure herria eta Portugalete, karlistek zeukaten artilleriaren zatirik handiena Bilbo bonbardatzeko eta Somorrostro defendatzeko behar ziren eta.

Somorrostroko bataila martxoaren 25, 26 eta 27an. Irudiaren erdiko aldean errege-nahia eta bere jenerala kokaguneei begira. Itsasoan eskuadrak lerro karlistak desegingo ditu. Eskuinaldean San Fuenteseko baserria. Irudiaren iturria: “El Estandarte Real”

Somorrostroko bataila martxoaren 25, 26 eta 27an. Irudiaren erdiko aldean errege-nahia eta bere jenerala kokaguneei begira. Itsasoan eskuadrak lerro karlistak desegingo ditu. Eskuinaldean San Fuenteseko baserria.
Irudiaren iturria: “El Estandarte Real”

Santurtzi odol-ospitalea

Santurtzi frontearen atzealdetik gertuen zegoen herria zen, horregatik gudarosteek bertan hartzen zuten atseden. Baina gure herria batez ere, odol-ospitale gisa erabili zen, izen hori jartzen baitzitzaien frontetik hurbil ezartzen ziren behin-behineko mediku-zerbitzuei.

Alderdi liberalean ”Gurutze Gorria” jaioberriak artatzen zituen soldaduak, karlistek, berriz, beren-beregi horretarako sortutako taldea zuten, “La Caridad”. Bereizgarri gisa gurutze gorri baten ikurra erabiltzen zuten, baina malta-gurutze forma zuen eta erdian bihotz bat. Erizainek oihal gris eta mahuken bueltak more zuten uniformea janzten zuten eta txapel morea buruan.

Santurtzi odol-ospitalea. Argazki-grabatua. Herriaren irudiaren birsorkuntza San Jorgeko dorre zaharrean gurutze gorriaren bandera ikusten dela. Irudiaren iturria: “El estandarte real”

Santurtzi odol-ospitalea. Argazki-grabatua. Herriaren irudiaren birsorkuntza San Jorgeko dorre zaharrean gurutze gorriaren bandera ikusten dela.
Irudiaren iturria: “El estandarte real”

Ospitaleetan bi nabarmendu ziren euren neurri eta baldintzengatik, Hijas de la Cruz ikastetxea eta Nautika Eskola, biak ala biak Kristobal Murrieta fundatzaileak lagata, Londresen bizi zen filantropo santurtziarrak, zeinek itsasontzi bat pleitatu zuen alderdi bietako zaurituak lekuz aldatzeko. Ikastetxeko barnetegiko ikasleek Murrietak herrian zuen jauregi-etxean hartu zuten ostatu.

Martxoaren 19an errege-nahiak Santurtzi eta Portugaleteko ospitaleak bisitatu zituen, bertan baitzeuden otsaileko borroketan zauritutako soldaduak. Hil horren 30ean Santurtzin izandako borroketako batean granada batek Teodoro Rada brigadierra zauritu eta hil egin zuen, “Radica” karlista nafarren heroi ezaguna. Granada berak hil zuen Ollo jenerala ere.

Martxoko borroka odoltsuen ondorioz, ospitale funtzioak egiten zituzten eraikinetan ez ezik (guztira sei), herriko ia etxe guztietan aurki zitekeen zaurituren bat.

Ollo eta Radicaren heriotza. Alaminosen lamina. Felipe Fernández Rojasek egindako litografia Irudiaren iturria: Historia Contemporánea. Antonio Pirala

Ollo eta Radicaren heriotza. Alaminosen lamina. Felipe Fernández Rojasek egindako litografia
Irudiaren iturria: Historia Contemporánea. Antonio Pirala

Eskuadra liberala

1874ko urtarrilean liberalek Ipar Aldeko Itsas Armadako Indarrak sortu zituzten, Cadiz baporeak, Consuelo korbetak, Ligera, Concordia eta Buenaventura goletek, Ferrolano, Gaditano, Guipuzcoano eta Aspirante bapore txikiek eta zenbait trinkadorak eta eskanpabiak (6) osatuta, denak Victoriano Sanchez Barkaiztegiren (5) gidaritzapean. Horiez gain, Bizkaiko merkataritza-ontzi bi ere bazeuden (Cuatro Amigos eta Bilbao), mezulari gisa erabiltzen zirenak. Biak hondoratu ziren Bilbon izandako operazioetan. 1. eranskinean Somorrostroko batailan Abran aritu ziren eskuadrako ontzien nondik norako nagusiak daude jasota.

Ontzidi honek bi funtzio nagusi zituen: Batetik, blokeoa bermatu behar zuen, herri karlistetan armak sartzea eta arrantza egitea eragozteko (7) eta bestetik, bonbardaketen bidez lurreko indarrei laguntza eman behar zien.

Martxoaren 27a. Ezkerretik eskuinera: “Ligera”, “Blanca” eta “Cuatro amigos” ontziek karlistei kanoikadak botatzen. Atzeko aldean ezkerrean Serantes ikus daiteke, erdian Montaño eta eskuin-aldean Lucero.

Martxoaren 27a. Ezkerretik eskuinera: “Ligera”, “Blanca” eta “Cuatro amigos” ontziek karlistei kanoikadak botatzen. Atzeko aldean ezkerrean Serantes ikus daiteke, erdian Montaño eta eskuin-aldean Lucero.

Eskuadraren kanoikadak

Santurtzi gogor bonbardatu zuten Somorrostroko batailan izandako borroketan, III. eranskinean ikus daitekeen bezala.

Bereziki latzak izan ziren “Ligera” goletak eta “Blanca” fragatak martxoaren 25ean egindako erasoak. Blanca fragata ontzirik handiena zen, 408 soldadu eta 25 kanoi zituen. Bonbardaketa egunsentian hasi eta eguerdiko ordu biak arte luzatu zen. Egun goibel horretan herriak 568 jaurtigai jasan zituen eta ontzidiak alde egin zuenerako, jasotako kalte handiez gain, sei etxe sutan zeuden. Murrieta jauregia, “Ligera” goletaren jaurtigaien helburua, sutan egon zen gaua heldu arte eta horren ondorioz, erabat suntsituta gelditu zen. Bonbek Hijas de la Cruz ikastetxea ere suntsitu zuten (artean ospitalea), bai eta ikastetxearen kapera eta San Jorge eliza ere. Egun horretan Santurtzin neskato bat eta bi gizon hil ziren.

Hiru horiek gehi otsaileko bonbardaketetan hil zen beste neskato bat izan ziren Somorrostroko batailak Santurtzin eragindako hildako guztiak. Hainbeste obus jasota, zinez dira biktima gutxi. Horren arrazoia beharbada zera da, ondoren egon ziren hegazkin-erasoak ez bezala, jaurtigai hauen indarra txikia zela, baina horrez gain, urrunetik ikus zitekeela eskuadra noiz zetorren eta horrela, denbora nahikoa zegoela babesa topatzeko.

Martxoaren 25ean M. Ordozgoiti jeneral buruaren agindupean Karlisten ejertzitoaren aurka egindako bataila. Irudiaren ezkerreko aldean “Blanca” fragata Santurtziren aurka kanoikadak botatzen. Irudiaren iturria.: BNE

Martxoaren 25ean M. Ordozgoiti jeneral buruaren agindupean Karlisten ejertzitoaren aurka egindako bataila. Irudiaren ezkerreko aldean “Blanca” fragata Santurtziren aurka kanoikadak botatzen.
Irudiaren iturria.: BNE

Bonbardaketa lazgarri honen biharamunean “La Caridadeko” batzorde bat liberalen buruekin biltzen saiatu zen herriaren aurkako bonbardaketak saiheste aldera, baina alferrik izan zen.

Apirilaren hasieran Santurtziko ospitaleetan 1.870 gizon baino gehiago artatu zituzten, gehienak karlistak. Josefa Vasco andreak, Calderonen alargunak (8), Serrano jeneralarekin eta Topete jaunarekin, gobernuko armadaren burua eta Itsas armadako ministroa hurrenez hurren, elkarrizketatzea lortu zuen ospitaleen arduradun gisa. Eta ospitaleak zaurituz lepo zegoela esanez, Santurtzi eta Portugaleteren aurkako bonbardaketak eteteko eskatu zien.

Elkarrizketa honen ondorioz, nahiz eta bertsioren batek aurkakoa dioen, liberalek konpromisoa hartu zuten gure herria gehiagotan ez bonbardatzeko, baina ez Portugalete, azken hau helburu militartzat hartua zen eta. Horrela bada, Portugaleteko zaurituak Santurtzira ekarri zituzten, berton ospitale gehiago gaituz; eta han kokatutako indar armatuek alde egin zuten herriaren neutraltasuna errespetatu zedin.

Eskuadra Abran euskal kostaldean kanoikada botatzen Algortatik ikusita “The carlist war in Spain” José Luis Pellicer Senyék egindako marrazki-grabatua.

Eskuadra Abran euskal kostaldean kanoikada botatzen Algortatik ikusita
“The carlist war in Spain” José Luis Pellicer Senyék egindako marrazki-grabatua.

Horrela bada, maiatzaren hasieran herri osoa ospitale eta toki neutraltzat hartua zen, eta horrela zela jakin zedin herriaren lehenengo eta azken etxeetan, kostaldean eta mendian “La Caridaden” banderak ezarri ziren.

Apirilaren hogeian Itsas armadako ministroak ontzi parlamentario batek Santurtzira jo zezan agindu zuen babestutako perimetrotik kanpo zegoen bateria bat desmuntatu zedila eskatzeko, esanez ezin zela eraitsi ospitale gisa erabiltzen ziren eraikinak kaltetu gabe. Eskatutakoa lau eguneko epean bete ezean, ospitaleak hustu beharko zituztela esan zieten.

Ez dakigu azkenean bateria desmuntatu egin zen ala aitzakia hutsa izan zen, baina egia da hil horren 29 eta 30ean kanoikada gehiago bota zituztela dagoeneko oso-osorik ospitalea zen herri babesgabe baten gainean.

Paisaia batailaren ostean

Maiatzaren hasieran Santurtzik itxura penagarria zuen eta horrela jarraitu zuen denbora luzez.

Mariano Araus kazetaria, liberalen aldeko “El imparcial” egunkariko berriemailea Santurtzira etorri zen maiatzaren 2an, Karlistek Bilbon zuten setioa altxatu zen egun berean, eta horrela deskribatu zuen bere begiekin ikusi zuen panorama:

Santurtzira heldu nintzenean, sei eraikinetako teilatuetan gurutze gorria zuten bandera zuriak ikusi nituen. Odol-ospitaleak ziren, non atzo arte 500 bat zauritu zeuden. Atzo gauean eta gaur goizean errekaren beste aldeko herrietara eraman dituzte zauri arinak dituzten soldaduak.

Sei eraikin horietatik kanpo apenas dagoen bat osorik. Batzuk erabat suntsituta daude, hala nola, itsas-bazterrean dagoen harrizko txalet eder bat, zeinetatik hormak baino ez dauden zutik.”

Jose Luis Pellicer Montseny jaunak Mariano Araus kazetariari egindako erretratua. Arausen eskuinaldean Angel Muro agertzen da eserita, “La Epoca” egunkariko berriemailea, non Ramon Gelu pseudonimoz idazten zuen. Urteak joan urteak etorri Espainia aldeko lehenengo gastronomoetako bat izan zen.
Irudiaren iturria:: La Ilustración española y americana.

Ez zen denbora luze behar izan Santurtzi suntsitua berriro altxatzeko, laster egin baitzuen aurrera, izan ere, 1876an, guda karlistak amaituta, Bizkaiak aurrera egin zuen. Egitura ekonomiko berriak eratuta zeuden eta meategidun mendien azpiegitura-lanak amaituta. Gainera, 1877an burdinazko kaiak amaiera eman zion itsasadarraren nabigazioan barrak eragiten zuen eragozpenari, industria eta merkataritza arloetan onurak ekarriz. Milaka etorkin heldu ziren lanera, hazkunde ekonomiko ikaragarriak eskatzen zuen eskulan beharra betez.

Garai hartan Ortuellako meatzaldea Santurtzin zegoen. Horrela bada, biztanleria bikoiztu egin zen bi urte eskasetan. 1875ean Santurtzik 1.256 herritar zituen, 1877an, berriz, 2.667. 1882an garraiobidea izugarri hobetu zen eta zaldi-tranbia honaino heldu zenez, zerbitzuetarako aukera zabaldu zen. Horrela bada, Santurtzin zenbait bainu-etxe zabaldu ziren, hurrengo mendearen hasiera arte puri-purian egon zirenak.

Santurtziko liburutegiek egiten duten aldizkari digital honetan bi liburu gomendatu nahi dizkizuegu, biak ala biak azaldutako gertakizunen lekuko zuzenek idatziak, non aztertzen den hirugarren guda karlistak zer nolako eragina izan zuen gure inguruan.

Lehenengoa “Paz en la guerra” Miguel de Unamunok genero honetan idatzitako lehenengoa da, non Bilboko setioa eta Somorrostroko bataila azaltzen dituen. Gure liburutegian paperezko bertsioa eta http: estekan online bertsioa duzue, Madrilen 1897an argitaratutako edizioa.

Bigarrena Marcos Escrihuela doktorearen lana da “El diario de los sucesos de Portugalete, sitio y bombardeo, desde julio de 1873 hasta mayo de 1874”, karlisten setioaren eta itsas armada liberalaren bonbardaketen lekuko zuzena izan zen eta. Portugaleteko liburutegian paperezko bertsioa duzue zuen esku eta hurrengo esteka honetan online bertsioa.

Alcázar de la corbeta “Consuelo” korbetaren alkazarra. Irudiaren iturria: “Historia fotográfica de la última guerra carlista (1872-76)”. Juan Pardo . Juantxo Egaña

Jose Luis Pellicer Montseny jaunak Mariano Araus kazetariari egindako erretratua. Arausen eskuinaldean Angel Muro agertzen da eserita, “La Epoca” egunkariko berriemailea, non Ramon Gelu pseudonimoz idazten zuen. Urteak joan urteak etorri Espainia aldeko lehenengo gastronomoetako bat izan zen. Irudiaren iturria:: La Ilustración española y americana.

1. ERANSKINA

Somorrostroko batailak

Somorrostroko hiru borrokak

Lehenengo borroka. Liberalek soldadu eta artilleria gehiago zeukaten, bai eta eskuadraren laguntza ere. Guda aurrera joan zen neurrian nagusitasun horri eutsi zioten. Are gehiago, alderdi bien arteko aldea handituz joan zen. Karlistek, ordea, kokapen hobeak zituzten, inguruko kokapen garaienak eurek hartuak ziren eta. Moriones jeneralak porrot egin zuen 1874ko otsailaren 24 eta 25ean Somorrostroko lerro karlistari egindako erasoan. Montañoko hegaletarantz jo zuen Janeo mendiko bateriek babestuta, baina Mantresen behe-ibarretik gorako bidean zihoazela, karlistek atzerantz bota zituzten behin eta berriro, eta ezin izan zituzten etsaiak goiko kokapenetik atera.

 Odol ospitalea San Juan de Muskiz elizan martxoaren 26an. Jose Luis Pellicer Montsenyk egindako marrazki gaineko litografia. Irudiaren iturria: La Ilustración española y americana

Odol ospitalea San Juan de Muskiz elizan martxoaren 26an. Jose Luis Pellicer Montsenyk egindako marrazki gaineko litografia.
Irudiaren iturria: La Ilustración española y americana

Bigarren bataila (martxoaren 24tik 28ra). Ekintza bien arteko hilean karlistek euren kokapena sendotu zuten lubaki txikiak hondeatuz eta lubakiaren hesiak sendotuz, artilleriak eragindako kalteak leuntzeko. Serranok, liberalen jeneral buru berriak, berriro erasotu zuen lerro karlistaren gune nagusia Somorrostrotik. Baina soldadutan askoz ere gehiago izanda ere, hilaren 25ean Portillo de Las Cortesen eta 26 eta 27an Abanton karlisten lerroak suntsitzeko egindako ahaleginek talka egin zuten berriro karlisten defentsa irmoarekin eta frontea ia berdin geratu zen. Bataila hori ezin odoltsuagoa izan zen, alderdi bietan 5.000 eta 8.000 lagun artean hil ziren, liberal gehiago karlista baino. Hilaren 29an artilleriak Ollo eta Radica jeneralak zauritu zituen, eta handik gutxira biak hil ziren horren ondorioz.

“Ligera” goleta. Rafael Monleonen ur-margoa. Zurezko kroskoa zuen. Karrakan eraiki zuten eta bertan 85 eta 125 gizon artean ibili ziren .

“Ligera” goleta. Rafael Monleonen ur-margoa. Zurezko kroskoa zuen. Karrakan eraiki zuten eta bertan 85 eta 125 gizon artean ibili ziren .

Hirugarren bataila. Gobernuko gudarosteak karlistek defendatzen zuten guneari erasotzeko estrategia bertan behera utzi zuten. Apirilaren 27an liberalek Otañes hartu zuten, askoz ere gehiago ziren eta, karlista bakoitzeko zazpi liberal hain zuzen. Las Muñecaseko frontea apurtu egin zuten, bertan Castor de Andetxaga brigadierra hil zelarik, defendatzaileen burua. Karlistek Somorrostrotik alde egin behar izan zuten eta itsasadarra zeharkatu ibarraren eskuin alderantz. Maiatzaren 2an Concha jeneralak bertan behera utzi zuen Bilboko setioa.

“Concordia” helize-goleta, Santa Teresa ontzi-sortako bat Irudiaren iturria:: sanfernandoyyo.blogspot

“Concordia” helize-goleta, Santa Teresa ontzi-sortako bat
Irudiaren iturria:: sanfernandoyyo.blogspot

2. ERANSKINA*

Somorrostroko batailan parte hartu zuten itsas armadako ontziak:

* Pardo San Gilenen lanean oinarritutako zerrenda

* Pardo San Gilenen lanean oinarritutako zerrenda

3.ERANSKINA *

Santurtzik jasandako bonbardaketen nondik norakoak

Lehenengo bataila

Otsailaren 25ean, asteazkenarekin, Rufino Gonzalez Olivares fragata-kapitainak eta Luis Pastor Landero ontzi-tenienteak, “La Consuelo” eta “La ligera” ontzien buru hurrenez hurren, Portugalete eta Santurtzi bonbardatu zituzten.

Bigarren bataila

1874-3-25. Blanca fragatak, Cadiz baporeak, Consuelo korbetak, Ligera, Concordia eta Buenaventura goletek eta Gaditano eta Ferrolano kanoiontziek   Abantoko karlisten kokapena eta Santurtzi eta Algorta bonbardatu zituzten.

1874-3-26 goizean. Blanca fragatak, Cadiz baporeak, Consuelo korbetak eta Gaditano eta Ferrolano kanoiontziek Santurtzi, Portugalete eta Areeta bonbardatu zituzten.

“Ferrolano”, artilleria zuen gurpildun baporea, lehenago “1 atoiontzia” Irudiaren iturria: La Ilustración española a través de vidamaritima.com/

“Ferrolano”, artilleria zuen gurpildun baporea, lehenago “1 atoiontzia”
Irudiaren iturria: La Ilustración española a través de vidamaritima.com/

1874-03-27. Blanca fragatak, Cadiz baporeak eta Ferrolano kanoiontziak Santurtzi, Portugalete eta Areeta bonbardatu zituzten egun osoz.

1874-03-30. Cadiz baporeak eta Ligera eta Concordia goletek Santurtzi bonbardatu zuten.

1874-03-31. Ligera goletak Santurtzi bonbardatu zuen. Hurrengo egunetan ere gauza bera egin zuen.

Hirugarren bataila

1874-04-29/30. Ontzi liberalek Santurtzi, Portugalete eta Areeta bonbardatu zituzten.

* Pardo San Gil eta Anca Alamilloren lanean oinarritutako zerrenda.

Blanca fragata. Xilografia. Irudiaren iturria: La ilustración española e hispanoamericana

Blanca fragata. Xilografia.
Irudiaren iturria: La ilustración española e hispanoamericana

Oharrak

  1. 2016ko abenduaren 29an Parke Nagusian dagoen hegazkinen aurkako babesleku zaharrean udal ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek omenaldia egin zuten 1936ko guda zibilean izandako bonbardaketak gogora ekartzeko.
  2. El Sitio elkartearen anagraman Bilbon eroritako bonba kopurua agertzen da eta Bilboko Bidebarrietako liburutegiaren eskaileraren beiratean ere ikus daiteke.
  3. Egile batzuen iritziz, guda karlistak bi baino ez ziren izan. Kasu horretan orain jorratzen ari garen gaia bigarrena izango litzateke.
  4. Bitxikeria moduan, gertakizun hau “Paviako soldadutxoak” izeneko taparen jatorritzat hartu izan da, Madrilen jaten den janaurreko tapa hain zuzen, arrautza-irinetan pasatutako bakailaoa eta piper gorri txiki batez osatua bera. Tapa honek jeneralaren gudarostearen uniformetik hartu omen zuen izena.
  5. Sanchez Barkaiztegi. Bere eskuadraren laguntzaz karlisten esku zeuden kostaldeko herri eta bateriak bonbardatu zituen. Bonba batek hil zuen Mutriku aurrean 1875eko maiatzaren 24an.
  6. Eskuadra militarrek gudarako ontziak ez ezik, beste ontzi osagarri batzuk ere bazituen. Trinkadorak euskal kostaldean arrantzarako erabiltzen ziren ontziak ziren, tingladilloz edo trinkadoraz egindako kroskoak zituztenak. XIX. mendean gudetan erabiltzen hasi ziren, batzuetan kanoi eta guzti. Eskanpabiak edukiera eta zingo txikiko ontziak ziren, ontzi handiagoen ondoan nabigatzen zutenak horiei laguntza emanez esploratzaile gisa. Bestalde, ontzi mezulariak ontzi azkarrak ziren, zeinen zeregina ontzien artean edo ontzitik   kostaldera plegu eta aginduak garraiatzea zen.
  7. Erraza da irudikatzea zer izan zen herritarrentzat Santurtzi arrantza-jardunik gabe uztea edo arrantza egin behar izatea zerumugan belaontziak noiz agertuko ziren beldurrez.
Ciudad de Cadiz gurpildun baporea, lehenago Isabel II izena zuena. Antonio Brugada Vilak1842an egindako ur-margoa. Irudiaren iturria: https://www.almendron.com

Ciudad de Cadiz gurpildun baporea, lehenago Isabel II izena zuena. Antonio Brugada Vilak1842an egindako ur-margoa.
Irudiaren iturria: https://www.almendron.com

8. 1874ko uztailaren 16an Carlos VII.a errege-nahiak La Caridadeko markesaren titulua eman zion Josefa Vascori, egindako ahalegina saritzeko.

Bibliografía:

  • Anca Alamillo, Alejandro. “La armada en la tercera guerra carlista”, 2014
  • Escorihuela, Marcos “Diario de los sucesos de Portugalete, sitio y bombardeo, desde julio de 1873 hasta mayo de 1874”, 1875
  • Pardo San Gil, Juan eta Egaña, Juantxo “Historia fotográfica de la última Guerra Carlista (1872-76)” 2007
  • Paardo San Gil, Juan: “Las operaciones navales en las Guerras Carlistas”, Itsas Memorian. Euskal Herriko Itsas Azterlanen Aldizkaria 5, 2006
  • Pirala Criado, Antonio. “Historia contemporánea Segunda parte de la Guerra Civil: anales desde 1843 hasta el fallecimiento de Don Alfonso XII”. Madrid, Felipe González Rojas, 1892-1895

Kontsultatutako iturri hemerografikoak

  • La Bandera española
  • El Bien público
  • El Constitucional
  • Cuartel Real
  • El Día de Madrid
  • Diario de Córdoba
  • La Correspondencia de España
  • La Crónica meridional
  • El Estandarte católico
  • El Estandarte real: aldizkari politiko-militarra
  • El Gobierno
  • La Ilustración Española y Americana.

Baliabide elektronikoak

  • Auñamendi – Euskomedia Fundazioa
  • km-130.blogspot
  • Somorrostro blogspot
  • Wikimedia
Bilbao – “Dos de mayo: entrada del ejercito libertador”. José Luis Pellicer Montsenyk egindako marrazki gaineko litografia. Irudiaren iturria: La Ilustración española y americana

Bilbao – “Dos de mayo: entrada del ejercito libertador”. José Luis Pellicer Montsenyk egindako marrazki gaineko litografia.
Irudiaren iturria: La Ilustración española y americana

Liburutegi Nagusia (E.B.C.)

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s