IRAKURZALE KLUBAREN IV. EDIZIOA

SEIGARREN SAIOA: HENRY JAMESEN“OTRA VUELTA DE TUERCA 

imagen-1-cubierta

2017ko urtarrilaren 10ean, Gabonen ostean, berriro elkartu zen irakurketa taldea  eta Iván Repila oraingo honetan ere ezin izan zen gurekin egon, duela gutxi argitaratutako Prólogo para una guerra liburua egun horretan bertan ateratzen baitzen kalera. Hortaz, berriro izan genuen idazlea eta ingeles filologian lizentziatua den Aixa de la Cruz moderatzaile eta ezin hobeto azaldu zigun komentatu behar genuen lanaren testuingurua.

“Otra vuelta de tuerca”Henry James-ena idazle klasikoarena da.

imagen-1-definitiva

Egilea literatura anglosaxoiaren giltzarritzat hartzen dute askok, eleberrigile gisa ez ezik kritikari eta saiakeragile modura ere. Estatubatuarra zen eta Britainia Handira joan zen bizitzera. Bere laneko ardatz nagusia bi mundu kontrajartzea da, hots, “Mundu berria”, bere ustez errugabea dena, eta “Zaharra”, bere bizioekin berria galbidera eramaten duena.

Aixak hasteko irakurketa interesekoa izan genuen galdetu zigun, bereziki hemeretzigarren mendeko hizkuntza gogorra izan zitzaigun edo gogoa kendu zigun. Gai honetan iritzi desberdinak izan ziren: hizkuntza eta edukia zahar iruditu zitzaizkiola eta lana gustuko izan ez zuela adierazi zuenetik lanaren zale itsua zela esan zuenera. Tarteko iritzia ere izan zen, hots, aise irakurri eta irakurketa erraza zela, baina pertsonaien gorabeherak ez zituela batere gogoko izan adierazi zuena; agian, izan duen zinemarako egokitzapen anitzei esker, guztiok ezagutzen dugu istorioa. Eta orduantxe atera zen berriro hainbestetan errepikatu den gaia, hau da, gaur egungo irakurle edo ikus-entzuleek klasikoetara hurbiltzeko duten modua ez dela garaikoek izan zutena: nolabait badakigu zein den gertakizunaren misterioa, egokitzapenak, “omenaldiak”, erreferentziak eta abarrekoak ikusi edo irakurri ditugu… Ezustekoa erabat galdu da, halabeharrez.

imagen-2

Gaurko lan honetan ados geunden eduki sexuala oso garrantzitsua dela, nahiz eta iradokita dagoen, eta argi dago garai horretako gizarte victoriarra asaldatuko zuela, gaur egun ez bezala. Hemen, bertaratutako batzuek irakurritako Mónica Ojedaren “Nefando lana komentatu genuen, zein deep webeko (internet ezkutua) bideo jokoaz aritzen den eta eragin bera lortu nahi omen duen. Bideo jokoan adin txikikoekiko gehiegikeriaren gaia lantzen da (egia esan, lanak huts egiten zuela iruditu zitzaigun eta Aixak ez zuela irakurtzen bukatu esan zuen).

Eta, bideo jokoen gaia atera zela baliatuz, batzuek (gutxiengoak egia esan, belaunaldien arteko jauzia nabari da hemen) komentatu genuen nola mundu horretan bizi daitezkeen liburua irakurtzeak eskaintzen dituen antzeko esperientziak, nahiz eta “gozatzeko, ikus-entzulearen abilezia behar den artea” dela esatera heldu den; eta hemen, gaur egun hainbestetan ikusten dugun prozesua nabarmentzen genuen, hots, generoak gainditzen dituzten lanenak eta arteen arteko desberdintasuna nola doan desagertzen. Izan ere, Aixak berak esan zigun bideo jokoetako pertsonaia batzuk sortzeko enkargua jaso zuela. Filmak eleberri bilakatzen diren bezala, badira liburuetan oinarritutako bideo jokoak, besteak beste Polonian klasikotzat hartzen den Sapkovskiren “Geralt de Rivia” saga fantastikoa (Poloniako presidenteak AEBkoari eraman zion oparia izan zen). Azken hori zinemara ere eramango da… Saga hori Santurtziko Liburutegi Sarean aurki daiteke.

Liburura bueltatuz, liburuak dituen gako psikologikoen garrantzia azaldu zigun Aixak; izan ere, Henry Jamesen anaiak, Wiliam-ek, gai horretako azterlaria izan zenak Freuden tesiak nolabait aurreratu zituen eta, zalantzarik gabe, Henryrengan izan zuen eragina liburu hau idaztean.

imagen-3

Hona helduta, klasikoa zerk bilakatzen duen galdera sortu zitzaigun, zergatik hainbeste urte dituen liburua, dagoeneko existitzen ez den munduaz mintzo dena, oraindik ere den interesgarri, eta horren lekuko argiak dira Brönteren lanen zinerako egokitzapenak edo, duela gutxi, Jane Austenen “Lady Susan” lanaren egokitzapena (Emma” liburuaren gaineko tailerrean moderatzaile aritu zen Fernando García Pañedak gomendatu zigun liburua), “Amor y Amistad” izenburua duen lana. Eta Aixak gaurko lanaren izenburuaren ildo bereko erantzuna aurreratzen zigun: klasikoa, bere ustez, bigarren irakurketa izan dezakeen lana da, “koska bat estuago”, gaurko lanean bezala, mamuen istorioa balitz bezala irakur daitekeena, edo drama psikologiko gisa, zeinetan ezer ez den ematen duena.

Eta gertakizunari dagokionez (adi irakurri ez duena, agian gehiegi azalduko diogu-eta): ematen duen bezala, mamu-istorioa dugu esku artean, hau da, historia iluna duten mamu bi umeak hartzen saiatzen dira, edo narratzailearen irudimenaren fruitua baino ez da, hots, sexualki erreprimitutako, nagusiarekin maitemindutako eta eskarmenturik gabeko etxe-irakaslearen irudimena? Umeak biktima errugabeak dira edo beren alde iluna dute?

Eta horri buruz, Henry Jamesek literaturari egin zion ekarpen handienetako bat aurreratu zigun: narratzaile orojakilearen gainetik, Jamesek ikuspuntuaren garrantzia deskubrituko du, hau da, ez dela berdin nork kontatzen digun istorioa, gaur egun arte gai nagusia izaten segitzen duena (adibide gisa “The affair” telebista saioa jarri zigun, zeinetan gertakizuna bi pertsonaia nagusiek kontatzen diguten eta oso alderdi desberdinak azaltzen dituzten). Eta, are gehiago. Fidagarria ez den narratzailearen figura ere azaldu zigun, garai hartan erabateko berritasuna zena eta gerora asko erabiliko zen baliabidea, gure taldeko aurreko edizio batean irakurri genuen “Perdida” liburuan adibidez edo Chuck Palahniuk-en “El club de la lucha” liburuan, izenburu bera zuela zinemara eraman zutena eta Brad Pitt-ek antzeztu zuen paper nagusi bat.

imagen-4

Liburuaren izenburuaz ari ginela, duela gutxi egindako itzulpena komentatu genuen: La vuelta del torno”. Itzulpen hori ez zitzaigun egoki iruditu.

Eta, “koska bat estuago” egiten jarraituz, Britainia Handiko Imperioarenak izan ziren kolonietako idazleek aurrera eraman duten literatura-korrontea azaldu zigun Aixak, zeinetan inposatu zieten eta beren kulturak ezin ezabatuzko eran markatu dituen kulturaren lan nagusi batzuk “berridatzi” diren. Beraz, Daniel Defoeren “Robinson Crusoe” lana birplanteatzen zuen Coetzee Nobel Saridunaren “Foe” edo Charlotte Brönteren “Jane Eyre” lanaren beste bertsioa den Jean Rhys dominikarraren “Ancho mar de los sargazos” lana aipatu zizkigun (azken horrek ere zinerako egokitzapenak izaten jarraitzen du, azkenean Michael Fassbaender aritu da protagonista gisa). Azken liburu horrek Rochester jaunaren emazte mestizoaren istorioa kontatzen digu, etxandiko ganbaran bizi den pertsonaia zoroa eta Jane Eyre-k uneren batean mamutzat hartzen duen pertsonaia, gaurko lanaren ildoan.

Gaia arima herratuena zenez, beldurrezko literaturaz hitz egiten bukatu genuen, bertaratutako batzuei zine generoa baino gehiago gustatzen zitzaiguna. Poe handitik hasi eta Lovecraft-en “Mitos de Cthulhu” lana aipatu ziren eta Providence taldea, edo leunago, Danielewskiren “La casa de hojas. Thomas Ligotti ere (komikirako edo gaur egun esaten den bezala eleberri grafikorako egokitzapenak izan dituena) aipatu zigun Aixak. Ateratakoan eta ardoa eskuan genuela, Mariana Enriquez argentinarraren “Cosas que perdimos en el fuego lana aipatu zigun Aixak, baina berak “Los peligros de fumar en la cama” aurreko liburua nahiago zuela esan zigun, zein metatzearen bidez funtzionatzen duen kontakizun saila den…

Hortaz, beti bezala agur esango dugu pixka bat jakintsuago eta zorroa gomendioz betea (“Un libro al día” bloga barne); Ez ahaztu hurrengorako beste klasiko bat irakurriko dugula, Goetheren Werther. Horrek ere egokitzapen ugari izan ditu, izan ere duela bi urte edo Bilbon izan zen operarako bertsioan. Ea zertarako ematen digun.

Ana G.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s