IRAKURZALE KLUBAREN IV. EDIZIOA

Bigarren saioa: Gabriela Ibarraren “El comensal

imagen1-cubiertaUrriaren 18ko saioan hainbeste gai literario genuen solastatzeko, saioa labur geratu zitzaigula. Ivan Repila agurtu genuen (gogoan izango duzue ondoezik zegoela eta, aurreko saioan ezin izan zuela parte hartu eta Aixa de la Cruz aritu zela bere ordez) eta zoriondu genuen idatzitako ale berriagatik “Prólogo para una guerra”, laster argitaratuko dena Seix Barral argitaletxearen eskutik.

Eta aitatasun berri honek agenda aldarazi dionez hainbat promozio-ekitaldi eta aurkezpenetara joateko, gurekin biltzeko datetan aldaketa bat proposatu digu. Horrela bada, aldaketak aurreikusitako bi saiori eragingo dio eta hurrengoa, zeinetan Jon Bilbaoren “Estrómboli” liburua irakurriko dugun, azaroaren 7an (astelehena) egingo dugu eta ez asteartean. Horrez gain, abenduaren 13rako aurreikusita zegoena ere aurreko egunean egingo da, hau da, abenduaren 12an, astelehena. Beraz, dagoeneko jakinaren gainean zaudete.

imagen-2-premios-literios

Ezer baino lehen, egunotan hainbeste aipatu den Literatura Nobel Saria Bob Dylani eman izanaz aritu ginen. Ivanek galdetu zigun ea egoki iruditzen zitzaigun ala ez… eta ados ez geunden arren, gehiengoak, Ivanek barne, zentzugabekeria galanta iritzi zion. Gogora ekarri genuen aurreko batean Asturiaseko Letretako Printzea saria (gaur egun Printzesa saria) Leonard Cohen kantautoreari eman zitzaiola, baina Ivanek hobeto iritzi zion honi, “Letra” kontzeptua zabalagoa delako eta beraz, bertan telebista-gidoiak eta guzti sar daitezkeelako. Baina bere ustez, literatura zehatzago definitu behar da, idatziz sortu eta irakurriz jasotzen den zerbait da. Eta Dylanen lanari baliorik kendu nahi gabe ere (bide batez, esan nahi dut oraindik ez duela telefonoa hartu ere egin sariaren jakinarazpena jasotzeko), uste du bere ekarpena hiru elementuz osatuta dagoela: letra, musika eta interpretazioa. Eta bere lana osagai bakarrera mugatzen bada, hau da, letretara, , letra horiek ezin dira esate baterako Seamus Heaney edo Adonis bezalako idazleen obrekin alderatu, Dylanen letrak olerkitzat hartuta ere.

Eta gainera, Suediako Akademiak herrialde bereko sarituak ez errepikatzeko darabilen politika dela eta, azken urteotan bide berriak zabaldu dituzten idazle estatubatuarren belaunaldi baten lana aitortzeko aukera galdu du, hala nola, Philip Roth edo Joyce Carol Oates. Horiez gain, saioan gogora ekarri genituen urteroko kinielak, non Murakami urtero izaten den hautagai eta Javier Marias edo Enrique Vila-Matas espainarren izenak ere atera ziren.

imagen-3-adelaida-y-banalizacion-del-lenguajeBestalde, literatura horrelako arintasunez hartzea (kontuan hartuta berau dela Suediako Akademiak arteari eskaintzen dion sari bakarra) jendea (are) gutxiago irakurtzera eraman dezakeela aipatu genuen, irakurtzeak kanta bat entzun edo telebista-serie bat ikustea baino ahalegin handiagoa eskatzen duelako, ezin baita irakurri, adibidez, janaria prestatzen ari garen bitartean… eta honekin ez dugu inongo adierazpen artistikori baliorik kendu nahi.

Aipamen honen ostean, Aixarekin aurreko saioan aipatu genuen gaia izan dugu hizpide, El Comensal gaur jorratuko dugun liburuaren editorea den Elvira Navarroren azken liburua: Los últimos días de Adelaida García Morales”, polemika handia ekarri duena, egileak fikzioa benetan existitu den pertsona baten inguruan eraiki duelako: Adelaidaren inguruan, zein duela gutxi zendu den eta zeinen lanean espezialista den. Baina aurreko saioan esan genuen bezala, Adelaidaren familia ez da isilik geratu, batez ere Victor Erice zinegile karrantzarra, Adelaidaren senar ohia eta Adelaida García Moralesek idatzitako El sur” kontakizuna zinerako egokitzailea, Espainiako zinean arrakasta handia lortu zuen filma alegia. Ivanek jakinarazi zigun bere ustez Ericek ez zuela liburua behar bezala irakurri, bertan argi geratu baitzen fabulazioa baino ez zela…  Eta hori guztiori kontuan hartuta liburu honek berriro puri-purian jarri duela Adelaidaren obra, bere garaian ondo balioetsi bazen ere, gaur egun apenas aipatzen dena.

imagen-6-adelaida-y-el-sur

Puntu honetan berriro ekin genion aurreko saioan izandako debateari. Horrela bada, moderatzaileak bereziki idazketak berez duen izaera subjektiboari buruzko hausnarketa sustatu nahi izan zuen. Aipatu zuen objektibotasunaren bila bagaude ere (datu hutsak hartzea baino ez bada), kontuan izan behar dugula testu guztiak interpretazioak direla, “dena dela fikzioa”, biografiak barne (are gehiago autobiografietan), den-dena idazlearen begiradaren prismatik pasatzen dela, zeinek errealitate hori distortsionatu egiten duen. Eta ildo horretan galdetu zigun ea “El comensal” testu objektibo gisa irakurri genuen ala aipatutako alderdi hori kontuan hartuz.

Eta horren ostean liburua aztertzen hasi ginen; denok agertu ginen ados bere prosari maila gorenekoa ez iriztean, antzematen baitzen obra goiztiarra zela. Baina Ivanek esan zigun urteko liburu nabarmenenetakoen zerrenda guztietan agertu dela, adibidez El Pais edo El Mundo egunkarietan aipatu zen… eta gaineratu zuen liburuak Euskadi saria jasoko zuelako bihozkada zuela berak (biharamunean idatzi nuen nik kronika hau eta jakin nuen, baietz, halaxe izan dela, saria jaso duela). Jarraitu zuen esanez berau ez dela bere liburu kutunetako bat baina nolabaiteko balioa aitortzen ziola hurrengo lerrootan aipatuko dugun alderdian.

Behin eta berriro entzun genuen “terapeutikoa” hitza. Taldeko kide batek, Pellok, esan zuen bere ustez ekarpen handiagoa egin ziola idazleari idaztean irakurleei irakurtzean baino, eta hori ez zuela batere gogoko. Asko izan ginen iritzi horretan berarekin bat etorri ginenak.

Beste puntu bat ere nabarmendu zen, erregistroen arteko aldea alegia. Liburuaren lehenengo zatian egileak hizkera hotza erabili du bera jaio baino lehenago ETAk bahitu eta eraildako bere aitonaren heriotzaz hitz egiteko. Zati horretan narrazioak ia kazetaritza-kronika dirudi. Bigarren zatian, berriz, gertuagotik bizi izan zuen heriotzaren kontakizuna egin du, horretan erregistro pertsonalagoa erabiliz.

Honek parte-hartzaileak harritu egin zituen, batzuk hunkituta geratu ziren, beste batzuk hotz… baina ados agertu ginen esatean egileak gertakizun historiko hauek amorru izpi txikiena ere agertu gabe kontatzea lortu duela, hori berez, balio handikoa izanik. Bera familia ezagun baten parte da eta (testuan horrela dio: “nire familiaren historia Bizkaiko historia da”) horrek ezinbestez jartzen du gatazkaren aldeetako batean. Zenbait taldekidek azpimarratu zuten Ibarrak besteak irudikatzean, beste horiei aurpegi eta nortasun jakin bat jartzean egindako ahalegina.

Kide batek esan zuen ea Gabrielak ez duen apur bat Elvira Navarroren moduan jokatu, bere aitona ezaguna zenez eta berorren heriotza ezohikoa eta dramatikoa izan zenez, egoera erabili duelako bere burua “gizarte aurrean aurkezteko” eta horrela, arreta gertuago duen eta gehiago interesatzen zaion zerbaiti buruzko kontakizunera erakartzeko, amaren heriotzara alegia. Horrez gain, kide berak nabarmendu zuen antzeman zitekeela paralelismo antzeko bat ama akabatu zuen minbiziaren eta terroriosmoaren artean, azken hau gizartearentzako minbizia bailitzan ulertua. Iritzi zorrotza, esan zigun Ivanek, askok antzeman ez genuen arren, zenbait kritikok horixe berori aipatu dutelako.

Eta kazetaritzako estiloaren balioaz eta Nobel Sariak idazleak publikoari ezagutarazteko duen ahalmenaz hitz egiten ari ginela, Svetlana Alexievichen izena atera zen, edizio honetan ere irakurgai izango duguna eta Ivan eta Pelloren gogokoa.

Pentsatzen ibili ginen nor ote zen Ibarratarren etxean platera beti prest zuen mahaikide hori, bertan ez zegoen aitona ote zen ala heriotza bera…

“Cuentan que en mi familia siempre se sienta un comensal de más en cada comida. Es invisible, pero está ahí. Tiene plato, vaso y cubiertos. De vez en cuando aparece, proyecta su sombra sobre la mesa y borra a alguno de los presentes”.

 

imagen-5-platoEta horrek doluari buruz hitz egitera eraman gintuen … saioa amaiera ederrez jantziz. Argi dago idazleak liburua bere dolua egiteko erabili duela, eta gainera modu pribatuan bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko, batzuetan gure lur honetan ezinezkoa baita, izan ere, sentitzen den mina arreta gunea izaten da batzuetan, Estatu-hiletak eta abar direla medio… Eta bitxia bada ere, aldarrikapena liburu bat idatziz egin du, hau da, bere mina publikoaren aurrean erakusgai jarriz.

Baina Ivan Repilak esan zigun moduan, liburua gustatu zein ez, liburuaren balioa eztabaidaezina da, ekarpen handia egin duelako, denok bizi izan ditugun urte horien narrazioa eta diskurtsoa falta zirelako. Prentsa ugari zegoen baina hausnarketa falta zen, eta Ibarraren liburu honek horretarako bidea zabaldu du, beste bide material batzuk lagun, hala nola, telebistako aspaldiko “Vaya semanita” saioa edo “Negociador” umore kutsua duena (Borja Kobeagak kritika itzelak jaso zituen hori dela eta) edo “Lasa eta Zabala” eta berrikiago Fernando AranbururenPatria, zeinek lehenago gaia aipatu zuen “El vigilante del fiordo” edo “Los años lentos” lanetan. Bai eta etorkizunean etorriko diren beste liburu batzuk ere, dagoeneko iragarrita.

Eta horrela heldu gara amaierara esanez beharbada gure gizarteak ere nolabaiteko terapia egiteko beharra duela, izan ere, terapia bera izan daiteke ekoizten diren materialaren izaera artistikoa baino baliotsuagoa eta gaineratu genuen euskal herritarroi egingo digula mesede handiagoa kanpotik irakurtzen dutenei baino…

Ivanek jakinarazi zigun gidatzen dituen tailerretan obra hau proposatzen duela eztabaida handia ekartzen duelako, kasu batzuetan eztabaida sutsua, batzuk haserretu egiten dira eta badira alde egiten dutenak ere… Hemen, behintzat, debate atsegina sortu zen gure artean parte hartzeko bidea eman zuen. Azkenean adiskide moduan egin genuen alde.

Espero dugu horrek zerbait adieraztea.

Ana G.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s