Geuk eta gure irakurleek gomendatzen ditugunak

01 Recomendaciones-PRIMERO CARLOSIrakurleok buletin honetan parte hartzea nahi dugu, zuon iritzi, iradokizun, iruzkin eta gomendioak plazaratuz. Eta egindako ahalegin guztiek saria dakartenez

liburu elektronikoen irakurgailua zozketatuko dugu parte hartzaileon artean. Anima zaitez eta parte hartu.  Zure iradokizuna posta helbide honetara bidali edo zure liburutegian eman dezakezu.

This slideshow requires JavaScript.

 

los-hombres-invisiblesLos hombres invisibles

Aster Navas Martinezek gomendatua / Liburutegi Nagusia. Los hombres invisibles / Mario Mendoza. 303 or.

Esku artean izan ditudan azken liburuekin orain ez bezala jokatu dut, aukera eman aurretik, dokumentazioa eskatzen diet, egilearen jaiotze-data bilatzen dut alegia. Nire belaunaldikoa bada beste aukera bat ematen diot eta protagonistaren nondik norako nagusiak ezagutzeko ezinbestekoak diren orrialdeak irakurtzen ditut, hau da, irakurlea limurtzeko erabiliko duen ikuspuntua deskubritu arteko pasartea. Horiek eginda, eleberriak askoz ere aukera gehiago ditu mesanotxean tokia izateko. Baina belaunaldikidea izatearen hori dagoeneko erabakigarria izaten hasia da. Izan ere, horrelako zerbait gertatu zait Mario Mendozaren Los hombres invisibles liburuarekin. Hasieran erakutsi diodan enpatiak zenbait kontu aintzat ez hartzera eraman nau, hala nola gaia jorratzean grisak eta argilunak ez agerrarazi izana edo pertsonaia arketipikoak sortu izana, askotan artifizialak, aurretik antzeman daitekeen jokaera dutenak.

Eleberrian Beatus Ille eta Locus Amoenus topiko klasikoak berregin ditu: Gurasoak hil eta bikotekidearengandik banatu ondoren, Gerardo Montenegro antzezleak Bogotatik alde egin eta oihanean barruan ibiltoki da gizartearekin orain arte harremanik izan ez duen tribu baten bila, zeinen berri psikiatriko bateko gaixo batek esandako hitz nahasien bidez izan duen.

Hau ikusita, beharbada, Indiana Jones filmen antzeko zerbait aurkitzea espero da, baina abentura ez da azken berrogeita hamar orrialdeetaraino agertuko: ordura arte oihanak gordetzen dituen sekretuak unibertsitateko ikasle baten doktore-tesiaren eta horren irakasle desorekatuaren egunerokoaren bidez baino ez ditugu ezagutuko.

Liburuaren ardatza bizitzaren zentzuaren inguruko hausnarketa da, gizakiaren zeregina zoriontasuna bilatzea da eta. Eleberrian denetik aurkituko dugu: maldan behera doazen hiritar etsituak eta ezohiko Kolonbiaren argazki-sorta, Buenaventuran hasten den paradisuaren argazki itzelak. Bogota toxikotik urruntzen garen neurrian bizitza gehiago gozatuko dugu: jarximer, Mariano eta batez ere Tehura ezagutuko ditugu; iraultzaile eta paramilitarrekin batera ibiliko gara; Noanamako legenardunen etxean hartuko dugu ostatu; Saulen astotekak ezinbestez irakurri beharreko irakurgairen baten iradokizuna egingo digu…

Los hombres invisibles Nukak Makú azken etnia nomadari egindako omenaldia da -ia postumoa-, liburua Guaviareko indiar hauengan oinarritzen baita. Merezi du etniaren izena googleatzea bidaia hau gure kabuz osatzeko.

petronillePétronille

Ana G-k gomendatua/ Liburutegi Nagusia. Pétronille / Amélie Nothomb. 152 or.

Badira zenbait egile bereziki maite ditugunak. Berak liburua idatzi eta guk segituan irakurtzen dugu. Nire kasuan Amélie Nothomb da horietako bat. Bere lanak, labur-laburrak, urtero argitaratzen dira hutsik egin gabe. Egile berezia da, jatorri aristokratiko belgikarra duena nahiz eta Japonian jaio zen, izan ere, aita enbaxadorea zen bertan bera sortu zenean. Liburuak ikuspuntu bereziz lantzen ditu eta egia da ez dela guztien gogokoa, baina niretzat bikaina da.

Liburuxka honetan bere alter ego-a aurkeztuko digu, idazle bikaina, “poligoneroa” bera eta komunisten alaba, zeinekin konplizitate bitxia izango duen mozkor-lagun egiten diren unetik, ia beti xanpain frantziar onena edanez. Abentura ikaragarriak biziko dituzte: muturretik edango dute eskiatzen ari diren bitartean, egunero etxetik koltxoiak jaitsiko dituzte aireztatu daitezen, oraindik esperimentuan dauden botiketarako akuri gisa lan egingo dute, tuaregekin basamortuan galduko dira, errusiar erruletan jokatuko dute edo Bibienne Westwood emakume petralaren txakurtxoa paseoan aterako dute egin beharrekoak egin ditzan.

Badira egun batzuk irakurri nuela baina artean ez nituen hunkitu ninduten pasarte pare bat azpimarratu, beste hauek nabarmendu ditut, Nothomben umore zorrotzaren adibide garbiak, non bere esperientziaren partaide egiten gaituen, nahiz eta ez dagoen jakiterik errealitatea non amaitzen den eta fikzioa non hasi.

“Roederrak (xanpaina) Errusiako tsarren garaian luxu frantziartzat hartzen zen zaporea zuen: ahoan zoriona egin zitzaidan.

-Ez dago txarto- esan zuen Pétronillek.

Begira geratu nintzaion. Ni bezala pozak zoratzen zegoen. Gogoko nuen ez zuelako desatsegin agertzeko ahalegin berezirik egiten.

Zerbitzariak kakahueteak ere ekarri zituen, balore-eskala bitxia erakutsiz. Turguènievi irakurtzea eta bien bitartean “Los pajaritos” entzuten aritzea bezalakoa zen. Nire lasaitasunerako, Pètronillek probatu ere ez zituen egin”.

“Irakurtzeko dudan protokoloa bitxia da. Irakurgaian buru-belarri sartzeko badakit etzanda irakurri behar dudala, ahal dela ohe bigun batean: zenbat eta erosoago, orduan eta errazago egingo zait nire gorputzaren kontzientzia galdu eta testuarekin bat egitea”.

Tira, irakurtzera animatzen zaituztet. Gainera oso laburra da. Laster jakingo duzue Nothomben taldekoak zareten ala ez… Baldin bazarete, liburu ederrak dituzue zain, besteak beste “Estupor y temblores” bere lanetatik onenetako bat, liburu honetan aipatzen duena. Eta adi amaiera harrigarriari, egileak berezkoa baitu amaiera mota hau.

Diario de Nikki 9

Liburutegi Nagusiak gomendatua / Liburutegi Nagusia. Diario de Nikki 9 / Rachel Renée Russell . 331 or.

Gauzak zaildu dira Nikkirentzat. Eta den-dena bere etsairik handienari lagundu nahi izan diolako, MacKenzieri, zeinek frantses-klasean zeudela zomorro bat ikusi dion ilean. Nikkik kendu nahi izan zion baina baten batek grabatu zuen telefonoarekin. Orain denek uste dute berak jarri zuela ikaskide gorrotagarriaren adats errubioan zomorro nazkagarria. Hori gutxi ez balitz, bera eta bere ezkutuko amodioa, Brandon, elkarrengandik urrundu dira eta MacKenziek Nikkiren egunerokoa lapurtuta, aste batzuk daramatza bertan idazten. Irakurleok pribatutasunari egindako eraso honen lekukoak izango gara, bai eta bi gazteen artean pizten den gerra epikoarena ere. Aurrez aurreko gogorra da, traizioz betea eta antzeman ezin izango ditugun ondorioak ekarriko dituena.

tschaikoswskyString Quartet  nº 3; Children’s Album op. 39

Liburutegi Nagusiak gomendatua / Liburutegi Nagusia. 3 zenbakidun soka-laukotea, Umeentzako albuma op.39 [Soinu grabazioa] / Piotr Ilich Chaikovskii. Disko 1 (CD)

Chaikovskik Parisen idatzi zuen 3 zenbakidun Laukotea, Op 30, Ferdinand Laub 43 urteko laguna hil zitzaionean, Chaikovskiren ustez bere garaiko biolin-jotzailerik onena. Garai hartan “Zisneen Lakua” balletaren konposaketan murgilduta zegoen arren, berau eten eta lan hau konposatu zuen, agurketa mingarri eta tristea bera, nostalgia sakonaz betea, beharbada, heriotza gertatu eta urte betera idatzi zuelako, 1876ko urtarrilean.

Disko honetan soka-laukoterentzat moldatutako Umeentzako Albuma Op.39 lana ere badago, pianorako 24 pieza labur xarmagarriz osatutakoa bera, teknika erraza eskatzen duena. Umeentzako lana da, baina aldi berean betiko joan den haurtzaroarekiko nostalgia helarazten du. Chaikovskik Vladimir lobarentzat idatzi zuen lantxo hau, zein 3 zenbakidun laukotearekin batera agertzen zaigun CD berean, oso erabaki egokia, kontuan hartuta bien ala bien zapore gazi-gozoa eta darien tristura nabaria.

-are-you-experienced1Are you experienced

Liburutegi Nagusiak gomendatua / Liburutegi Nagusia. Are you experienced  [Soinu grabazioa] / Jimi Hendrix. Disko 1 (CD)

Jimi Hendrix (1942-1970) musikaren historian egon den gitarra-jole elektriko onenetakoa izan da. Blues eta rock and rollaren eragina jaso ditu. Hasieran arrakasta Europan izan bazuen ere The Jami Hendrix Experience bandarekin, laster bere jaioterrian (AEBetan) lortu zuen ospea Montereyko jaialdian (1967)  edo Woodstocken (1969) parte hartu zuenean, hil baino apur bat lehenago, 27 urte besterik ez zuela hil baitzen.

“Are you experienced” (1967) diskoa izan zen estudioan grabatutako lehen diskoa eta laster lortu zuen arrakasta, bai kritika eta bai publikoarena. Edizio britaniar eta estatubatuarraren artean aldea dago, ez baitira kanta berberak agertzen batean eta bestean. 1997ko edizio honetan bien ala bien kantak jasotzen dira: “Foxy lady”, “Red house”, “Hey Joe” eta abar. Gainera zenbait “bonus track” ere badaude, hala nola “Stone free” edo “Highway Chile”.

Deadpool

Liburutegi Nagusiak gomendatua / Liburutegi Nagusia. Deadpool [Ikusentzunezko materiala] / Tim Miller. (2016).  Disko 1(DVD)

Marvelen komikien antiheroi karismatikoetariko batengan oinarritutako istorio honetan “Deadpoolen” Wade Wilson ezagutuko dugu, indar berezien kide zaharra, gaur egun mertzenarioa dena. Esperimentu batean parte hartu ondoren, berehala sendatzeko boterea jasoko du eta Deadpoolen alter ego-a izango da.

“Antiheroietan antiheroiena, pantailan ikusi den dibertigarriena eta arau-urratzaileena da. Deadpoolek barre egingo dio Marveli eta Reynolds berak Reynolds bera utziko du agerian. Ezarritako arauak goitik behera hausten dituen harribitxi garbia”José Manuel Cuéllar: ABC egunkaria

“Ryan Reynoldsen heroi pansexuala ahul, neurotiko eta erabat entretenigarria da. Marvelen super/antiheroiei buruzko film makabroa, gogor-gogorra, indarkeriaz josita eta erabat autokontzientea”.  Peter Bradshaw: The Guardian

Liburutegi Nagusia

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s