IRAKURLE-KLUBAREN III. EDIZIOA

Zortzigarren saioa: Sara Mesaren Cicatriz
(Ricardo Pinedoren Plop liburuari buruzko iruzkina ere badu)

00 CUBIERTAOtsailaren 11koa Ivan Repilaren gidaritzapean egindako irakurzale klubaren hirugarren edizio honen azken saioa izan zen.

Hasiera batean Plop irakurtzea pentsatu genuen, baina klubeko kideok Agota Kristofen El gran cuaderno liburuari gogor iritzi genionez,

Ivanek erabaki zuen Sara Mesaren Cicatriz irakurtzea. Hala ere, kide batzuek Plop irakurrita zutenez, erabaki zen horretaz ere aritzea labur bazen ere, eta hortaz, saio bikoitza izan genuen.

Sara Mesa idazleari buruzko iruzkinak laburra behar zuen, emakume gaztea delako. Izan ere, oraindik liburu gutxi argitaratu ditu, nahiz eta Cicatriz nahiko arrakastatsua izan zen atera zenean. Urteko libururik onenen zerrendetan agertu zen eta Ojo Crítico saria eman zioten, idazle “berriei” ematen zaien saria hain zuzen. Ivanek diosku Cicatriz gustatu bazaigu, egile beraren aurreko liburua irakurri beharko genukeela, Cuatro por cuatro, eta bereziki argitaratu berri den Mala letra ipuin-liburua, Mesak berak uste duelako kontakizuna dela berak trebezia handien erakusten duen generoa.

Hona hemen Cicatriz liburuari buruz esandakoak.

Ivanek esan digu liburuak ondo baino hobeto islatzen duela Internet nolakoa zen aurreko hamarkadan, liburua garai horretan baitago girotuta: artean erabiltzaileek pseudonimoz idazten zuten eta harreman sakonak sor zitezkeen, solaskidea benetan nor zen jakin gabe… Bere ustez, gaur egun hori zailagoa da, sare sozialetan nork bere identitatea erabiltzen duelako, argazkiak partekatzen direlako… Mundu horretan esperientzia dugunok, txikia izan arren, esan genuen idatzizko bideak aukera ematen duela harreman sakonagoa izateko; eta gainera, anonimatu erlatibo horrek beste inori esango ez genizkionak kontatzeko erraztasuna ematen duela. Baina ados agertu ginen esatean ez dela Interneti buruzko eleberria, protagonistek duten harremana hor hasten bada ere, Internet atzean utzi eta haratago joango delako.

05 CHATS INTERNET

Ildo horretan, gogoan izan ditugu jatorria sarean duten harremanei buruzko gaia landu duten eleberri pare bat: Lorenzo Silvaren El blog del inquisidor edo Glattauerren Contra el viento del norte, zeinen ondoren beste bat egon zen. Are gehiago, kide batzuok antzerkirako egindako egokitzapena ikusi genuen, Ivanen ustez, pinpirinegia, itxurakeriaz betea.
Horrez gain, proposatu digu eleberri honekin antzik duen film bat gogora ekartzen saiatzeko, Hitchcocken Vértigo hain zuzen. Bietan protagonista beste pertsona bat aldarazten saiatuko da, bestea bere fantasiara hobeto egokitu eta protagonistak nahi duen pertsona bihur dadin.

06 VERTIGO

Liburuaren argumentua aztertuz, deigarri zaigu bi pertsonaien artean sortzen den harreman berezia, lapurtutako opariak igortzen dituena (lapur trebea bera, saltoki handietan lapurtzen duenez, uste duena moralki ez dela gaizki ari. Are gehiago, uste du egiten duena “perfekziorako bide” antzeko zerbait dela, bertan prestutasuna eta horrelako ezaugarriak garatzen baititu, lagunari transmititu nahi dizkionak) eta jasotzen dituena, zeinek, gainera, garraio-sariak ordaintzen dituen eta hortaz, jokoaren partaide zuzena izatea onartzen duen. Ivanek dioskun moduan, onartuko al genuke guk horrelako bidalketarik?
Harremana aldatzen doa, hasieran intelektualagoa da, liburuez baino ez dira ari, hori baita oparitutakoa, baina laster sexualagoa izango da, erabat fetixista. Gizonak arropa, barruko arropa eta zapatak bidaliko dizkio, emakumea gizonak nahi duen horren eredura moldatze aldera. Andrak ez du horrelakorik nahi: Are gehiago, gizonari “traizioa” egin eta jasotako opariak salduko ditu. Baina ez du berez oztopo handirik jarriko, nolabait adikzio antzeko batean sartu baita, ez pertsonak sortua, bere fantasiak gauzatzeko ispilu bila dabilen nartzisista huts batek desiratzen duela sentitzeak sortua baizik. Ivanek galdetu digu ea harremanari toxiko deritzogun, protagonistak sufriarazten dituela ikusita… baina edonola ere, gaizbera den arren, simetrikoa dirudi; hala ere, irakurleren batek uste du liburuan tratu txarren zantzuak agertzen direla. Ados gaude esatean ezagutzen ditugun bikote askorengan antzeko jokaerak antzeman ditugula, beharbada ez horren muturrekoak.

02 CUBIERTA RECORTADA

Horrez gain, liburuaren berezitasun bat ere aipatu dugu, nahiz eta irakurleren bati edo besteri gustatu ez zaion, Ivanek lorpen estilistiko izenaz bataiatu duena: narrazioa ez da lineala, egileak ez dizkigu gertakizunak denboraren ordenan aurkezten. Horrekin Sara Mesak istorioaren garapenari buruz izan ditzakegun espektatibak kentzea lortu du, ideiei lehentasuna emanez. Nabarmentzeko beste gai bat narratzailearen maisutasuna da, lau erregistro erabiltzera heltzen baita: narratzailearen ahotsa, Knutek idazten duena, Soniak idazten duena eta berak pentsatzen duena guretzat nahasi gertatu gabe, istorioaren hari nagusiari erraz jarraitu ahal diogu eta.

07 PLOP- CubiertaAdostu bezala, azken ordu erdian Argentinako Rafael Pinedo zenaren Plop liburuaz aritu gara. Bertaratutako gehienok irakurrita genuen, eta ezin gogorragoa den arren (hasierako berrogei orrialdeek gizaki batek beste baten aurka erabil dezakeen bortizkeria itzelaren katalogoa dirudite), gehienoi gustatu egin zaigu; beharbada, distantziaz irakurri dugulako. Are gehiago, batzuok uste dugu bertan badela umore beltz edo irribarre sardoniko antzeko bat (gogora ekarri digu Fogwill idazle argentinarraren Los pichiciegos liburua). Ivanek dio bere estilo biluztu eta sinkopatuan danbor baten erritmoa aurki daitekeela. Ez dugu liburuaz mintzatzeko denbora nahikoa izan, baina orokorrean uste dugu liburuak gai garrantzitsuen inguruko hausnarketa sakonak eta zuzenak (kultura, erlijioa, boterearen erabilera ona eta txarra…) biltzen dituela.

08 postapocalipticoBeharbada, ideia nagusietako bat kulturaren inguruan egiten duen hausnarketa da. Apokalipsi osteko mundu bat irudikatu dezakegu, Mad Max filmean ikusten zen estilokoa, non gaur egun ezagutzen dugun zibilizazioaren aztarna desagertu den. Ezinbestekoa ote da kultura jakin bat sortzea, taldeak talde gisa jokatu eta biziraun dezan? Horrelaxe jokatzen Plop taldearen tabu horrek (ez erakutsi mihia), zeinek goian jarri ostean, berau urratzeak hondamendia ekarriko duen… estilo zirkularrean. Horrela bada, jaiotzen garenean, amaren sabeletik irten eta lokatzean erortzen garenean “plop” soinua ateratzen dugu, liburuaren izenburua, azkenean hilobian erortzean aterako dugun soinu bera…
Edozein kultura mota konbentzio bat baino ez dela erakusten digu, eta beraz, arbitrarioa (obra honetan giza-talde bakoitzak bere tabuak ditu)… baina identitate horien izenean, dena delako kultura horrek gerrara edo jokaera ankerretara eraman gaitzake.

Ivanek diosku egileak, Pinedok, trilogia batean sartu nahi izan zuela liburua. Honakoa gure gustukoa izan bada eta horrelako gai gordin eta latzak irakurtzeak ez badigu bereziki oztoporik sortzen, trilogiaren gainontzeko biak irakurtzea gomendatu digu, Frio eta Subte hain zuzen.

Goro zaharra figurari buruzko anekdota literarioa ere kontatu digute. Bera da Plop liburuan aurreko munduarekiko lotura, irakurtzen badakielako. Bera izango da iloba mundu honetan sartzeaz arduratuko dena (Farenheit 41-eko “gizaki-liburu” haiek dakarzkigu burura). Dirudienez, pertsonaia hori 1928an Argentinan jaiotako Angélica Gorodischer idazlearen isla da (eta omenaldi ironikoa gutxi gorabehera), Latinoamerikako zientzia-fikzio munduan idazle garrantzitsua bera (bere liburuak Ursula K. Le Guin itzultzaileak ingeleseratu dituela esatea baino ez dago bere garrantzia aitortzeko, genero honetako zaletuok badakigu zertaz ari garen). Beti ikasten da zerbait! Izugarri gustatzen zaizkigu horrelako txutxu-mutxuak…
Beraz, ez da kasualitatea Goro zaharrak eleberriaren une gorenetako batean irakurtzen duen testua Big Bang-i buruzkoa izatea…

12 final

Klubaren edizio honi atsekabez eman behar diogu amaiera. Denok esan dugu izugarri ikasi dugula, dibertitu egin garela eta obra anitzak irakurtzeko aukera izan dugula, askotan ezagutu ez edo inoiz irakurriko ez genituzkeenak. Eta Kafkak zioen bezala, batzuek ukabilkada batek nola, iratzarri egin gaituzte, izotz-itsasoa apurtu duen aizkora izan dira guretzat.

Hortaz, irakurzale-klubaren balantzea erabat positiboa izan da… ea ekimen honek jarraipenik duen laster. Horrela espero dugu.

Ana G.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s