Luis Cirilo Iza Agirre, XIX. mendearen amaieran Santurtzin aritu zen eskola-maisu, idazle eta euskalzalea

MINIATURA 1Duela gutxi ustekabean Santurtzin bizi eta lanean aritu zen eskola-maisu hau topatu genuen ordenagailuan eta liburutegikook gure aletxoa jarri nahi izan dugu herriaren memoriatik hartu eta ezagutzera emanez. Honakoa benetan

merezitako erreskatea da, Luis Cirilo ume santurtziarrei hastapeneko ikasketak kontu handiz (uste dugu) irakatsi ez ezik, idazlea ere izan zen eta. Gutxienez gaztelaniaz testu-liburu bat idatzi zuen, lehenengo garaiko euskaltzalea izan zen, eta horrez gain, hainbat liburu euskaratu eta euskaraz zerbait idatzi zuen.

Momentuz ez dugu bere bizitzari buruzko datu asko aurkitu, Nicolas de Alzolak berak ere ezin izan zuen datu nahikorik bildu bere biografia amaitzeko.

Jakin badakigu Bilbon jaio zela 1837ko uztailaren 9an eta bertako Santos Juanes elizan bataiatu zutela, handik urte batzuetara Miguel de Unamuno bataiatu zuten bataiarri berberean. Ama ondarrutarra eta aita legorretara zituen eta Santurtzin hil zen 1892an, antza denez istripuz balkoitik behera erorita.

1893an Luis Luciano Bonaparteri idatzi zion Santurtzitik, hortaz, badirudi artean herriko eskolan zebilela maisu, garai hartan ohikoa baitzen lan egiten zen tokian bizitzea. Gutun horretan bertan jakinarazi zion zazpi urtez aritu zela euskara ikasi eta irakasteko liburu bat eta euskara-gaztelania hiztegi bat prestatzen.

Ez dakigu bere lana amaitu zuen, bere garaian ez zutelako Izaren figura aztertu eta geuk ere ez dugulako argitaratuta aurkitu.

“Carte des sept provinces basques” Luis Luciano Bonaparteren euskalkien mapa Irudiaren iturria: Wikipedia

“Carte des sept provinces basques” Luis Luciano Bonaparteren euskalkien mapa
Irudiaren iturria: Wikipedia

1880ra aldera Luis Izak testu ugari euskaratu zituen, bizkaierara hain zuzen. Jose Manterolaren laguntzaile eta berriemalea izan zen eta Euskal Erria aldizkariaren sustatzailea, orduko euskalzaleek hutsik egin gabe irakurtzen zuten aldizkariarena. Olerkia ere idatzi zuen, berak jaso zuen 1880an Begoñako Andra Mariaren omenez egindako olerki-lehiaketan emandako accesit bakarra.

1888an gure herriko eskola-maisuak Bilboko institutuan euskara-katedrarako lehiatzeko adinako ezagutza lortu zuen. Katedra hau Bizkaiko Foru Aldundiak sortu zuen. Berau betetzeko oposaketa atera zute, oposaketa entzutetsu hura, non Luis Izak ez ezik, Sabino Arana Goirik, Miguel de Unamunok, Pedro de Alberdik, Eustaquio de Madiñak eta Resurreccion Mª de Azkuek ere hartu zuten parte. Azkenan, Azkuek irabazi zuen plaza.

Ezagutzen den obra osoa (laster digitalizatuko da, berau gure webgunean irakurri edo deskargatu ahal izateko):

Euskaraz idatzitako lanak

Begoñako Ama Birjiña miraritsuari, Kantia bizkaiko izkuntzan (Revista Euskal Erria. 1881).

Aita Sebastian Mendiburu-ri bere lenengo eunteko mugaldian.(Euskal Erria aldizkaria 1882).

Luis Iza Agirrek itzulitako Calderon de la Barcaren “El Alcalde de Zalamea” libururako Juan E. Delmasek egin zuen edizioaren azala.

Luis Iza Agirrek itzulitako Calderon de la Barcaren “El Alcalde de Zalamea” libururako Juan E. Delmasek egin zuen edizioaren azala.

Euskaratutako testuak

Campion Arturo, Orreaga: Arturo Campionek gipuzkeraz idatzitako balada da. Bizkaieraz, lapurteraz eta zubereraz idatzitako bertsioak ez ezik, Olaztitik Erronkarirainoko Nafarroako euskalkien hamazortzi aldaeratan idatzitakoak ere badaude. Hasieran sarrera du eta amaieran ohar gramatikal eta lexikoak. Pamplona Imp. eta Joaquin Lordaren liburudenda, 1880.

Luis Iza da lan honen bizkaierako bertsioa egin duena.

Zalameako Alkatia. Komediya iru jutaldetan eta itz-neurtuan Pedro Kalderon de la Barkak egiña … Aren irudi ikuzgarriyenak bizkaiko itzeran euskaratuak. (Bilbo, Juan E. Delmás 1881 eta Euskal Erria Aldizkaria 1881).

Cristiñaubaren jaquinbiarra A. Gaspar Astetec orderaaz iscribatuba… Juan Antonio Moguel Marquiñaco apezaitac bizcaicio eusquerara itzulia. Luis Iza eta Aguirre-cuak barriro contuz iusi eta uztenduba. (Bilbao, Delmas 1883).

Aita Asteteren dotrinaren ediziorako Delmasek egin zuen azala. Mogelek euskaratu zuen Luis de Iza y Agirreren laguntzaz.

Aita Asteteren dotrinaren ediziorako Delmasek egin zuen azala. Mogelek euskaratu zuen Luis de Iza y Agirreren laguntzaz.

Gaztelaniaz idatzitako lanak

Elementos de Geografia dispuestos para sus discípulos” Luis Iza Agirrek, Santurtziko herri-eskolako maisua. Bilbo, Delmasen alarguna, 1878.

Ez dugu “Geografia” honen alerik aurkitu, baina Luis Pinedo San Jorge elizako parroko eta herriko historiaren ikerlariak liburua ikusi, datu bibliografikoak jaso eta bertan herriari buruz idatzitakoak aipatu zituen.

Hona hemen eskola-maisuak idatzitakoa:

Santurtzik zortzi kale ditu: Auzo Berria, Txitxarra, Eskolakoa, Lo Liso, Santurtzi, Las Matas, La Mies eta Mamariga.

Enparantza handi bat du, Kontzejukoa eta hiru enprarantza txiki: elizakoa, ikastetxekoa eta Andra Mariarena.

Eskolak Eskolako kalean eta Nocedal auzoan daude.

Nautika eskola ikastetxeko enparantza txikian.

Kontzejuko lursaila malkartsua eta menditsua da.

Eraikin altuena Itsasoko Amaren baseliza da. Baxuena, berriz, Nautika eskola eta La Cruz ikastetxea.

Ondoren Campo Grandeko jaitsieran hareatza txiki bat zegoela diosku eta gero herriko ibai eta erreken zerrenda ematen du. Amaitzeko iturriak aipatzen ditu: Regales, Oyancas, Bullon, Beatas, Koskojales, Kabiezes, Rivas, Urioste, Ortuella, guztira bederatzi, batzuk ur emari handi eta onekoak.

Ziurrenik Geografia hau Cristobal Murrietak ikasteko materialerako egindako emaitzei esker argitaratu ahal izan zen.

Espero dugu berandu baino lehen aleren bat agertzea eta digitalizatu ostean, irakurleei eskaintzeko aukera izatea.

Liburutegi Nagusia (E.B.C.)

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s