Santurtzi behin baino gehiagotan erre da gerrek edo ezbeharrek eragindako suteetan, hala nola butano-eztandak eragindakoa,
ondorio ugari ekarriz. Horregatik, plazer handia da gertatu ez zen eztanda baten “ez berria” jasotzea.
1906ko irailaren 2an gertatu zen, arratsaldeko lehen orduan. Egun hartan sargori handia zegoen eta Mazo aldean sute ikaragarria piztu zen, artzain gazte batek, batzuen ustez nahi gabe, eta beste batzuen ustez nahita, eraginda. Hala zioten batzuek zenbait lekutan aldi berea hasi omen zelako. Hura mendietan sarritan izaten diren suteetako bat baino ez zatekeen izango, ez balitz bertan 1889tik bolborategi bat zegoelako, non ohiko bolbora ez ezik Begoñako bolbora ere bertan zegoen. Guztira 150 tona lehergai.
Inguruko biztanle eta udatiarrek azkar baino azkarrago egin zuten alde, batzuk tranbia elektrikoan eta beste batzuk San Fernandorakoan, hau da, tarte batzuk oinez eta beste batzuk ibiliz.
Hala ere, herritar batzuk hego haize gogorrak biziagotzen zituen garrak itzaltzera bertaratu ziren. Mamarigako emakumeek ur-ontziak eta txongilak eraman zizkieten sargori itogarrian pikotx, pala, aizkora eta bestelako tresnak eskuan sua itzaltzen lanean ari zirenei.
Santurtziarrak ez ezik, beste batzuk ere aritu ziren, besteak beste, Seranteseko gotorlekuko soldadu taldea, Desertun kuartela zuen infanteria batailoia, Bilbotik etorritako zaldizko soldadu taldea eta ontzidiaren ontzietako ehun bat marinel, Alfonso XIII erregearen zain zeudenak, biharamunean Abrako estropadetara etortzekoa zelako.
Garai hartako prentsak herriko agintariek eta bestelako kide garrantzitsuek lan hauetan parte hartu izana azpimarratu zuen: alkatea, San Martin jauna, zinegotzi batzuk, Fermin Reparaz maisua eta Francisco Mac Lennan meatze-enpresaburua bertan izan omen ziren.

Bolborategia gaur egun Irudiaren iturria: http://bibiana-elojomagico.blogspot.com.es/2013/05/polvorin-el-mazo.html
Bolborina, zeinetaz esan zen ez zela eztanda egiteko arriskuan egon, 1932ra arte erabili zen.
Kontakizunarekin batera jarri ditugun planoak Joseba Trancho santurtziarraren Serantes Mendia liburukoak dira, non Serantes mendiko eraikuntza militarrei buruzko informazioa eta bestelako nondik norakoak aurki daitezkeen. Liburua zinez da gomendagarria. Liburutegi Nagusian ale gutxi batzuk ditugu salgai 2 eurotan
Liburutegi Nagusia (E.B.C.)