Bola jokoa (2): Katxete bola-jokoa Santurtzin

IMAGEN 7Bola-jokoaren garairik onenak Bizkaian XIX. mendearen azken hamarkadetan eta XX. mendearen hasierako hamarkadetan izan ziren eta esan daiteke urte horietan ia auzo bakoitzean bolatoki bat zegoela

eta ohiko kontua zela edaten zuten txakolin edo sagardo pitxerra posturan eginda jokatzea.

XX. mendearen erditik kirol honek makina bat aldaketa pairatu ditu, landa esparruen kalterako hiriek bizi izan zuten hazkuntza eta garapen itzelagatik eta, aldi berean, kirol asko eta batez ere erdi-landa izaera zuten aldeetan joko herrikoi gehienak baztertu zituen futbolaren ezarpenagatik.

Ordura arte ezagutzen ez ziren modalitateetako bolatokiak eraikitzen hasi ziren eta Bizkaiko txirloen arloak ñabardura berriak eskuratu zituen. Geroago probintziako federazioa eta nork bere lehiaketak antolatzen dituen txirloetako klubak eratu ziren.

Pasabolaren urterik onenak izan ziren eta Bizkaia eta Kantabriaren artean oso ezagunak izan ziren posturak eta lehiaketak gertatu ziren. Aldi berean, Durangaldeako bolarien artean munadun erremonte jokoa antolatu eta sustatu zen eta, besteak beste, Burgosko modalitatean jokatzen zuen Basauriko Nervión Kluba modukoak sortu ziren.

Pasabolaren urterik onenak izan ziren eta Bizkaia eta Kantabriaren artean oso ezagunak izan ziren posturak eta lehiaketak gertatu ziren. Aldi berean, Durangaldeako bolarien artean munadun erremonte jokoa antolatu eta sustatu zen eta, besteak beste, Burgosko modalitatean jokatzen zuen Basauriko Nervión Kluba modukoak sortu ziren.

Gaur egun antzina Bizkaian jokatzen ziren bertako modalitateak ia desagertuta daude. Geratzen diren bolatokiak batez ere landa esparruan daude, baselizaren baten ondoan gehienetan, eta urteko jaiari lotuta.

Ondoen irauten duten modalitateak hiriko aldeetakoak izan dira eta kirol jarduera arautu bihurtu arte bilakatu direnak dira indarrean jarraitzen dutenak, hau da, lehiaketak ere aldiro egiten dituztenak.

Bizkaian boloetan egiteko hamabost modalitate daude erroldatuta eta horien egoeran denetarik dago ezarpen maila, jarduera eta barruko antolakuntzaren arabera. Horietako bat katxete bolo jokoa da.

Bola-joko hau Enkarterrian baino ez dute jokatzen, Somorrostroko haranean zehazki (Ezkerraldean eta Meatzaldean). Gaur egun zazpi bolatoki edo karrejo daude, eta maiatzetik urrira jokoan aritzeko erabiltzen dira. Honakoak dira:

  • La Arena eta La Cuesta Zierbenan
  • Sanfuentes Abanto-Zierbenan
  • Durañona eta Ugarte Trapagaranen
  • Urioste Ortuellan
  • El Regato Barakaldon

Gainera, gaur egun erabiltzen ez diren beste bi daude: Gorostiza eta Basatxu, Barakaldon, ahalegin handirik egin gabe erabiltzeko moduan jar daitezkeenak.

Santurtziri dagokionez, Kabiezes auzoak du protagonismoa. Izan ere, katxete bola-jokoaren zaletu batzuek Udala konbentzitu dute legegintzaldi honetan zehar gure herriko bola-tradizioa berreskuratzeko. Aspaldi, herriko goiko aldean, zenbait zelai izan ziren boloetan jokatzeko (Kabiezesen gutxienez bi karrejo gogoratzen dira), haietako bat XX. mendearen  bukaerara arte erabili zena. Melloko hiri parkeko beheko aldean dagoen karrejo berria sortzeko egitasmoarekin auzoak bertako joko honek beste garai batean izan zuen garrantzia berreskuratzeko asmoa dago.

Aspaldi Somorrostroko haran osoan izan zen joko honen zaletasun handia eta alde honetan bolatoki edo karrejo asko zirela jakina da. Duela urte batzuk Enrique Ibabek eta Juana Lujanbiok katxete bola-jokoari buruz egin zuten lan zoragarrian, desagertu diren hirurogeita bi bolatoki aipatzen dituzte, nahiz eta azken ikerketek 80ra igotzen duten kopurua. Berriki, historia-inbentarioa egin da eta ez da karrejorik aurkitu haran honetatik kanpo. Karrejorik mendebaldekoena Pobeñan (Muskiz) dago, gerra zibilaren ostean desagertu zena, eta ekialdekoena Basatxun (Barakaldo), nahiz eta erabiltzen ez den. Askotan bolatokitzat garia jotzeko erabiltzen ziren larrainak baliatzen zituzten.

Katxete eraren jatorriaren inguruan zenbati iritzi daude kontraesanean, beraz ez dago argi. Bertakoek, euren aurrekoei entzunda diotenez, beti jokatu izan dute Katxete erara. Egia esanik, modalitate honen inguruko lehen datu fidagarriak 1865ekoak dira. Modalitate hau harrigarria da, ez baitu inguruetako bola-jokoekin inolako antzekotasunik, euskal bola-jokoen artean oso ezaugarri bereziak dituelarik; bai, ordea, Asturias, Leon eta Galiziako zenbait bola-jokorekin. Izan ere, bola jaurtitzeko moduak –katxete eran- (albora jaurtitzen da, zaplada emango balitz bezala) Asturiaseko Navia eta Cangas de Narceako bola-jokoa edo Cantabriako pasaboloa ekartzen du gogora. Zelaiak zirkuluerdi itxura du, marrak barne, eta bola-joko maragatoarekin antza handia du.

Ezaugarri nagusienetako bat txirloen (sei edo lau) itxura da, bola baten antzekoak baitira (gainontzeko bola-jokoetan, berriz, luzeak dira),baina poloetatik lauak, takoan egonkorrak izan daitezen. Beste berezitasun bat joko zelaia edo karrejoa da: zirkulu erdiko landa bat da, non agerian diren bi marra zentrokide taxutzen baitira. Belar edo lurrezkoa izan daiteke eta zabaleran neurri zehatzak dituen lursail egokia behar du izan, jokoan ondo aritzeko eta pixka bat gehiago jokaldiak ondo ikusi ahal izateko. Jarraian bolatokiko elementuak banan banan azalduko ditugu. Tire izenekoa da bolariak bola jaurtitzen dueneko harrizko edo zementuzko bloke makurtuxea. Ia sei metrora, ur putzua (txirloak karrejoan ibilitakoan ekartzen duten lokatza garbitu ahal izateko eta jokaldiak izan aurretik pixka batean puzteko trinkotasun eta itsaskortasun handiago emanez) eta takoa daude. Bolariaren laguntzaileak –armador- (normalean beste jokalari beterano bat edo eskarmentua duena, jokaldian garrantzi handikoa bera, txirloak ondo kokatzea funtsezkoa baita, bolariaren jokatzeko unearen arabera) edo bolariak berak uretan sartuko ditu txirloak, baita takoa busti ere; ondoren, txirloak takoaren gainean kokatuko ditu. Takoa, gehien bat, haritz egurrezko enbor zati batez egina da, laukizuzen edo trapezoide itxurakoa, bataz beste 80 zentimetroko luzera duena. Takoaren goiko planoa pixka bat makurtuta egoten da bolaria dagoen aldera, txirloak hobeto ikusteko eta jaurtiketa errazteko. Takoaren gainean txirloak jartzen dira bolariari ondoen datorkion eran –ilaran edo ziri eran –. Sei txirlo ipini ohi dituzte, buruz beherako V baten itxuraz. Beste batzuetan, berriz, bakarrik lau txirlo jartzen dituzte, eta, era horretan, lehen marra gainditzeko aukera gehiago izaten da. Joko honetan erabiltzen diren bolek ez daukate zulorik –eskuaren ahurrarekin hartzekoak dira- eta hiru kilo eta erdi eta lau kilo bitarteko pisua izan behar dute. Bola sendoak dira, erabat leunak eta 18 zentimetroko diametrokoak, gutxi gorabehera. Gaur egun, ontzigintzan erabiltzen den guayacán zuraz egiten dituzte, zura hau amerikarra da eta Ezkerraldera XIX. mendearen bukaeran heldu zen, aspaldiko bolek zuten artea baino gogorragoa baita. El Juncal (Trapagaran) bolatokia zeneko Cecilio Quintanak erantsi zuen guayacánezko bola-jokora. Tornuan landutako bolak direnez (artearen zurezkoak opaitzurrez egiten dira) ez dituzte eskuz egindakoek dituzten konkorrak eta gaur eguneko esfera itxura dute. Artearen zuraz egindako txirloek kilo bat pisatzen dute gutxi gorabehera, 5 cm inguruko oina izaten dute eta 9 zentimetroko altuera. Aspaldi, txirloak ez ziren esferikoak, zilindro edo kubo formakoak baizik.

Katxete bola-jokoa (karrejoa eta zatiak) Argazkiaren iturria.: Juan José Zorilla López “Bola jokoa = El juego de bolos”

Katxete bola-jokoa (karrejoa eta zatiak)
Argazkiaren iturria.: Juan José Zorilla López “Bola jokoa = El juego de bolos”

Jokoan, funtsean, hau egin behar da: bolarekin txirloak gogor joz, ahal denik eta urrunera bidaltzea. Hauexek dira araurik eta jokaldirik arruntenak: bolariak, oin batez tirea zapalduz jaurti behar du bola. Jokaldi batean txirloen puntuak zenbatzeko, bolak lehenengo marra gainditu behar du, bestela chorra edo blanca baita. Bolak lehenengo marra (takotik 10 metrora dago) gaindituta, txirloak zenbatuko dira; hain zuzen, lehen marra gainditu duen txirlo bakoitzeko puntu bat zenbatuko da eta bigarren marra (takotik 18,5 metrora dago) gainditu duen txirlo bakoitzeko bi puntu zenbatuko dira. Partidak berrehun edo hirurehun puntura izan ohi dira. Epaileek, jokaldiak oihuka esaten dituzten cantadore izenekoek lagunduta, emaitzak idazten dituzte.

Jokoa banakakoa edo binakakoa izan daiteke. Herrietako jaietan, ez da bola-jokoa falta izaten daukan erakargarritasunagatik eta lehiaketak denboraldi guztietan antolatzen dira. Txapelketetan, txapelketaz gain, jokalari guztiei ematen zaie “ohorezko bola” eramateko aukera, jaurtiketa bakarra da eta txirlora gehien bota behar dira. Lehiaketetan jokalari bakoitzak hiru bola jaurtitzen ditu, gehi probako bat, bestela oso luzea izango liratekeelako. Erronketan, aipatu beharra dugu jokalariek karrejo gogorrenak bilatzen dituztela,  lurraren malkartasunaren arabera, Uriostekoa izanik, zenbaiten iritziz, erronka garrantzitsuen eszenatokia, lurra oso malkartsua baita.

Adituek esaten duten bezala, indarra, tiro trebetasuna eta baretasuna behar da jokatzeko.

Indarra, bola oso dentsitate handiko zuraz eginda dagoelako, guayacán adibidez, eta hortaz, pisu handikoa da.

Tiro trebetasuna, jokalariak, bola jaurtitzean, oin bat jaurtitzeko zutoinean edo tirean jartzen duelako, eta hau bolak dauden takotik sei metrora egoten da.

Baretasuna, aritzen diren jokalariek esaten duten bezala, buru hotza izan behar delako, batez ere jokoak eta sailkapenak aurrera doazen neurrian, txirlo zehatz batzuk ateratzeak jokaldi makurra eman ahal dizulako.

Katxete bola-jokoaren gaur egungo egoerari dagokionez, arestian aipatu dugun bezala, asko izan dira zaletuak galtzeko arrazoiak eta oso karrejo eta bolari kopuru txikia izateraino heldu da, galtzeko zorian egoteraino. Hala ere, aspaldiko bolarien bultzadari esker, adina gorabehera borrokan jarraitzen dutenak iraun dezan, eta jokalari gazte berriei esker zenbait karrejo ari dira berreskuratzen eta Enkarterrietako bola-joko honen zaletu kopurua handitzen. Izan ere, gaur egun bostehun lagun baino gehiago ari dira ohitura hau mantentzen saiatzen, motibazio eta neke handia jarrita, arbasoek utzitako ondarea delako eta ez daudelako galtzeko prest. Joko honen antzinatasunak eta berezitasunak bilakatu dute kultura adierazgarria, ondorengo belaunaldientzat gorde behar dena Bizkaiko historia eta kultura-ondare materiagabea delako.

Katxete bola-jokoa (belaunaldi berriak) Argazkiaren iturria.: Deia egunkari digitala

Katxete bola-jokoa (belaunaldi berriak)
Argazkiaren iturria.: Deia egunkari digitala

Berreskuratzeko borrokan Trueba Dokumentazio- eta Dibulgazio-Zentroak egin duen ikerketa lana ere aipatzekoa da. Zentro honetako kideak ez zegoela inolako artxiborik konturatu ziren, zegoena informazio barreiatua eta jabetza pribatuko argazki eta dokumentuak zirela. Ezagupen guztiak ahoz transmitituak ziren eta beharrezkoa zen, jarduera hau garatu eta zainduko bazen, bilketa lana egitea lehenengo eta behin, katxete bola-jokoa nondik zetorren, zein bilakaera zuen eta gaur eguneko egoera azaltzen zuen dokumentu basea izateko. Honela zenbait artikulu eta argazki zahar berreskuratu ziren, katxete bola-jokoaren dokumentu artxibo handi hau sortzeko. Honetaz gain, oraingo bolariei (bola-jaurtitzaile) egindako zenbait elkarrizketa eta beste hainbat lekukotasun ere bildu ziren. Material honekin guztiarekin, Somorrostroko haraneko joko-kirol honen gaineko berreskuratze eta ikerketa lana biltzen duen liburua argitaratzeko asmoa dago. Azken helburua promozio eta sentiberatze kanpaina diseinatzea da, jokoa sustatzeko eta bizirik mantentzen duten Elkarteei laguntzeko, eta bolari guztiei omenaldia egiteko, bitxikeria etnografiko hau mantentzeagatik.

Baina, nola mantendu bizirik mendeetako ohitura hau?

Juan José Zorrilla Lópezek honakoa zioen: “Modalitate baten etorkizunerako derrigorrezkoa da kirol federatu bihurtzea, dinamikoa izatea, lizentzia asko izatea eta lehiaketa arina. Horrela gertatzen ez bada, desagertu arte itzaltzen joango da.”

Hara bada, katxete bola-joko modalitatea joko tradizionala izatetik Bizkaiko Bolo Federazioko herri kirola izatera pasatu da.

Duela gutxi, aurtengo apirilean, Uriosten (Ortuella) katxete bola-jokoaren behin betiko araudi ofiziala onartu dute Somorrostro Haraneko (Ezkerraldea eta Mehatzaldea) karrejo guztiek aho batez, Trueba Dokumentazio- eta Dibulgazio-Zentroak bultzatuta. Araudia sortzeak jokoak irauteko mugarri garrantzitsua dakar. XIX. mendearen erdialdetik (jokoaren lehen datu fidagarriak direnetik) modalitate honek arau erraz eta zehatzak izan ditu, gaur egunera arte ia aldaketarik gabe mantendu direnak eta belaunaldiz belaunaldi idatzi gabe pasatu direnak.  1978tik gutxigorabehera hasi ziren arau hauek karrejoetako akta-liburuetan jasotzen eta orain liburuxka batean bildu dira guztiak jokoan hasi nahi duten guztiek informazioa izateko eta kirol honetan parte hartzeko. Liburuxka honek historiari buruzko informazioa, jokoaren ezaugarriei eta modalitateari buruzko azalpenak eta ohiko hitzak dituen hiztegia izango ditu.

Udaberriaren etorrerarekin, Somorrostro Haraneko karrejoak berdatzen dira alfonbra trinkoa sortuz, ekainetik irailera katxete bolo jokoaren denboraldi berriko bolak biraka ibiltzeko. Denboraldi honetako egutegi ofiziala begiratu besterik ez dugu, jokoa suspertu eta berreskuratu dela ikusteko. Aurtengoa partida garrantzitsu eta zenbait berrikuntza izango dituen denboraldi luzea izango da. Uriosteko katxete bola-jokorako karrejoan uztailean Euskadiko XXXIV Txapelketa izan zen, kirol honetako zaleek galdu ezin duten hitzordua. Lehenago Bañales bolari beteranoa zenaren omenezko Lehiaketa izan zen, Bizkaiko IV Txapelketa eta binakako partidak (aurten La Arena Zierbenako karrekoak berriro egingo du 1986an izandako binakako partida, binakako  partidak 20 urte pasatu ondoren berreskuratuz. Aurtengo honetan, 1997ko txapeldunak izango ditu protagonista). Euskadiko Txapelketaren ostean, bolariek uztailaren 27ko eguna zuten gorriz markatuta, egun horretan Zierbenako La Arena karrejoan beste hitzordu garrantzitsu bat izan zutelako aipatutako haraneko bola-joko hau berreskuratzeko. 1981ean burutzen hasi zen Herrien arteko XVII Txapelketa zen, aurreko mendeko 90. hamarkadaren bukaeran desagertu zena, 1998an hain zuzen. Karrejoetara jende asko erakartzen zuen txapelketa zen eta aurten berrikuntza gisa berreskuratu da. 9 elkartek hartu zuten parte, arauzko arropekin: Barakaldoko hiruk (El Regatok, Gorostizak eta Basatxuk), Trapagaraneko bik (Durañonak eta Ugartek), Ortuellako batek (Uriostek), Santurtziko batek (Kabiezesek), Abanto-Zierbenako batek (Sanfuentesek) eta gonbidatzaileak. Zoritxarrez, aurten Muskiz eta La Cuesta (Zierbena) falta izango dira. Egun honetan Fede Besgari (El Juncal-Ugarte) eta Ino Zamarripari (Urioste) egin zieten omenaldia. Zaletuen ustez ez da berriro bolari bi hauen arteko partidak bezalakorik ikusiko, katxete bola-jokoaren bi handi historian, joko mota hau hogei urtez menperatu zutenak eta 1962an hasi zirenak erronketan, eskualde osoko jendea erakarriz. Egutegian badira beste hitzordu garrantzitsu batzuk: Beteranoen Euskadiko XXXIV Txapelketa, Txapeldunaren kontrako Erronka (2012 sortu zena), “El Nene” Oroitzapenezko Sari Nagusia, umeen eta emakumezkoen Txapelketak eta,  irailean bukatzeko, Katxete Eguna (sortu berria dena).

Katxete bola-jokoa (bola jaurtiketa) Argazkiaren iturria.: Periódico digital Deia

Katxete bola-jokoa (bola jaurtiketa)
Argazkiaren iturria.: Periódico digital Deia

Herriko jaietako txapelketek bizirik mantendu badute ohitura hau, erronkak izan dira puntu gorenera eraman dutenak. Hortaz, ez da harritzekoa gaur egungo karrejoen asmoa izatea erronka haiek berreskuratzea, joko honen zaletasuna handitzeko. Baina, badira helburu bera lortzearren abian jarri diren beste zenbait ekimen, hala nola, jarduera hau zabaltzen duen webgune bat martxan jartzea, historiari eta gaur egungo egoerari buruzko hitzaldiak ematea, Enkarterriko kirol honetako historiako lehen emakumezkoen taldea sortzea, emakume-talde gehiagori ateak zabalduz eta orain arte izan ez dituzten aukerak eskainiz, edo katxete bola-jokoaren lehen ikastaroa antolatzea Trueba Dokumentazio- eta Dibulgazio-Zentroaren esku, teoria eta praktika uztartzen dituena eta ondoko edukiak izango dituena: modalitate honen gaineko ezaguerak, talde-lana, kirol-disziplina, karrejoari sor zaion errespetua eta arropa egokia izatearen eta sasoi onean egotearen beharra.

Era berean azpimarratzekoa da Elkarteek izan duten garrantzia Somorrostroko Haranean baino jokatzen ez den bola-joko hau mantentzeko, karrejoen ardura hartu, txapelketak antolatu eta jokoa mantentzeko zutabe nagusia izan direlako. Haietako zenbait desagertuz joan dira, baina beste batzuk sortu dira txanda hartuz. Batzuk aipatzearren: “Sociedad de Bolos a cachete El Ciervo” (duela urte batzuk desagertu zena), Asociación Cultural Punta Lucero (2011n sortua), Asociación de Bolos de Larena (sortu berria), eta gure herriari dagokionez,  Asociación de Bolos a Katxete Kabiezes (1988an Santurtzin sortua).

Aspaldian hedabideetan izan duen oihartzunak, jokoaren bilakaeraz hitz egiten duten berriekin, argi uzten digu gauzak zuzen ari direla egiten eta katxete bolo jokoa berreskuratzen ari dela benetan.

Oharra: berri hau sortzeko Juan José Zorillaren “Bola jokoa=El juego de bolos” lana eta Enrique Ibabe eta Juana Lujanbioren “Bolu jolasa katxete erara” lana erabili dira, bai eta egunkari batzuetan (batez ere Deian) agertu diren zenbait informazio eta Internet (besteak beste, Auñamendi Entziklopedia – Euskomedia, Harresi Kulturala Elkartea, El Regato-Errakatxo eta “Katxete” aldizkariaren 1go eta 2. buletinak Trueba Dokumentazio- eta Dibulgazio-Zentroak argitaratuak) ere.

Kabiezesko Helduentzako Liburutegia

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s