IRAKURZALE KLUBAREN III. EDIZIOA

Lehenengo saioa: Agota Kristofen “El gran cuaderno”

FOTO 2Urriaren 8an, osteguna, Irakurzale Klubaren lehenengo saioa burutu zen Casa Torre Jauregian Ivan Repilaren gidaritzapean. Esperientzia honek beste edizio batzuk izan ditu lehenago,

baina oraingo honetan, ekimenak sortutako interes ikaragarria (arrakasta itzela, Fernando Garcia Pañedaren gidaritzapean Jane Austenen Emma liburuaren inguruko irakurketa tailerra bezala) eta plazen kopuru mugatua direla-eta hogei parte hartzaileok berri-berriak ginen zeregin honetan, lehentasuna eman baitzitzaigun aurreko edizioan parte hartu ez genuenoi. Horrek itxaron-zerrenda luzea ekarri du eta eskatu da tailerra berriro egitea. Azken batean, kultura-ekimenek interes handia sortzen dute, jarduera txukun eta egokiak aurkezten badira.

Edonola ere (eta itxaropena galdu gabe, baliabideak lor bailitezke esperientzia handitu eta jende gehiagorengana heltzeko), “Emma” liburuaren tailerrarekin egin bezala, saio bakoitzaren laburpena egiteko asmoa dugu, esperientzian interesa duten guztiek liburutegiaren aldizkari birtualean kontsultatzeko aukera izan dezaten, Bolintxin; hala eta guztiz ere, aldez aurretik ohartarazi nahi dizuegu astero lan baten inguruan arituko garela, eta gerta daitekeela iruzkinetan “spoilerren” bat azaltzea, gaur egun esaten den moduan; hau da, interesik baduzue hobe duzue dena delako liburua irakurrita ekartzea, bestela gerta dakizueke jakin nahiko ez zenuketen zerbaiten berri izatea.

FOTO 1-Leyendo

Lehenengo saioaren hasieran Ivanek bere burua eta Klubak hamabostean behin egingo dituen zortzi saioetarako aukeratutako lanak aurkeztu zituen. Ivan idazle eta kultura-dinamizatzailea da eta esan zigun genero guztietako irakurketa sustatzen ahalegintzen dela, bereziki horren arrakastatsuak ez diren generoak edo dena delakoagatik aurreiritziak direla-eta gutxien irakurtzen direnak, hala nola, komikia edo zientzia-fikzioa. Horrez gain, liburu laburrak aukeratzen ditu eta erraz lortzen direnak (hemen banaketa munduaren gorabeherez ari gara). Nahita sartu ez duen genero bakarra olerkia da, horretaz jardutea zailagoa dela uste duelako.

FOTO 2Oraingo honetan batu gaituen lana Agota Kristofen El gran cuaderno da. Idazlearen iruzkin laburra egin digu, bere hitzetan “beldurgarria”, eta egia esan, liburua irakurri ondoren ulertu egin dugu, orain zain gaude egileari “El Pais” egunkarian egindako elkarrizketa noiz argitaratuko. Hungariarra jatorriz, muga zeharkatu eta Suitzan bizitzen jarri ondoren, bere ama-hizkuntza utzi eta frantsesez hasi behar izan zuen (horrela azaltzen da La analfabeta liburu labur eta bikainean, hau ere Udal Liburutegien Sarean eskuragai). El gran cuaderno liburuaren hizkera biluztu eta ia etenaz galdetuta, erantzun zuen hautu bat izan zela, eta ez hizkuntza horretan duen maila eskasaren ondorioa. Estiloan nolabait erantzia da liburua, era berean pertsonaien hautua ere horixe da, entrenatu egiten baitira sentimenduak eranzteko, Agotak berak aintzat hartzen ez dituen sentimenduak hain zuzen.

Liburu hau lan independente gisa jaio zen… baina behin amaituta, egilea istorioan harrapatuta geratu zen, ezin lorik egin (hurrengo liburuan ere azalduko dena). Horrela bada, honen ostean beste bi liburu ekarri zituen: La prueba eta La tercera mentira, batera argitaratuta “Claus y Lucas” izenburupean, batzuk dagoeneko hasi gara irakurtzen. Nahiz eta lehenengoa baino txarragotzat jo diren, Ivanek nabarmendu bezala, interesgarria da estilo-aldaketa ikustea: bigarrenean pertsonaiak hazi egiten dira, beraien sentimenduak konplexuago azaltzen dira eta ondorioz, estiloa ere aberatsagoa da, esaldi luze eta landuagoz egina. Hirugarrenak, argumentuan norabide aldaketa harrigarria eginda, istorioaren amaiera ekarriko du, ez denon gogokoa baina.

FOTO 3El gran cuaderno formazio eleberria da. Bertan bi bikiren istorioa kontatuko digute (benetan bikiak dira? Baldin eta hurrengo liburuak irakurtzen badituzue, jakizue bertan gertakizunen bisio eta bertsio desberdinak izango ditugula) egilearen biografiatik ondoriozta dezakegun inguru historiko eta geografiko jakin batean kokatuta, baina nahita itxuragabetuta agertzen zaiguna… parte-hartzaile batek dioen moduan, horixe izan daiteke lanaren lorpen handienetako bat, bertan kontatutakoa edonon eta edonoiz gerta daitekeela. Itzela da botatzen duena, liburu gogorra da, goitik behera astinduko gaituena… orokorrean literatura-lan handi gehienek bezala. Horrez gain, klimak eta naturak egile eslaviar hauen nortasunean duten eraginaz ere jardun dugu, horien artean Ivanek aipatutako Bohumir Hrabal idazle handia, bereziki Una soledad demasiado ruidosa liburuan.

Hurrengo egunean (osteguna, urriak 22) Bilboko idazle gazte baten kontakizun-liburu batez aritzeko geratu gara (“ikaragarriak” ohartarazi gaitu Ivanek) Aixa de la Cruzen Modelos Animales. Ikusiko dugu ea “El gran cuaderno” bezala, ukabilkada bat den, Kafkak zioen bezala izotz-itsasoa urratuko duen aizkora.

Irakurri, komentatu… eta kontatu egingo dizuegu. Ordura arte ondo segi.

Ana G.

 

Ana G.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s