Bola jokoa (1)

nº 2Orain dela ez oso luze arte Kabiezesen bola-jokoa ikus zitekeen. Auzo honetako liburutegian bi artikulu prestatu ditugu kirol honi buruz. Hona hemen lehenengoa.

Bola-jokoaren jatorriari dagokionez esan behar da ez dagoela ezer ziurrik eta ondorioz, esku artean erabiltzen diren hipotesietan ahaleginak egiten direla joko honen jatorriaren eta era askotako antzinako jardueren arteko harremanak ezarri eta azaltzeko.

Aditu batzuen arabera, joko honen hastapenetan gizakiaren berezko beharrizana dago, hau da, esperimentatzeko, jokatzeko, gauzak jaurtitzeko eta gainerakoekin harremanak edukitzeko beharrizana, azken finean, norberaren alderdi ludikoa garatzekoa.

Beste batzuek, berriz, uste dute bola-jokoak oinarrizkoagoak ziren beste jarduera batzuetan duela jatorria, borroka, ehiza eta biziraupenarekin lotutako jardueretan alegia.

Azkenik, beste batzuek uste dute bola-jokoaren jatorria magikoa eta erlijiosoa dela eta horien oihartzunak guganaino heldu direla hainbat elezahar, Elizaren debeku eta sinesmen herrikoien bidez.

Orain arte bola jokoaren edo antzeko jokoen lehenengo aztarnak kontinente gehienetan sakabanatuta dauden hainbat kulturatan aurkitu dira, euren artean oso desberdinak diren kulturatan.

Polinesia-Malasyan eta antzinako Egipton mota horretako jokoen aztarnak aurkitu dira. Autore batzuek diote jatorria Graziako kultura helenikoan edo Erromakoan dagoela, beste batzuek, berriz, jatorria kultura zeltikoan edo horien aurrekoan kokatzen dute, baina badira jokoaren jatorria Alemaniako teutoien antzinako erritoekin edo kultura pertsiarrarekin lotzen dutenak ere.

Nolanahi ere, XIV. mendera arte ez da bola-jokoen aipamenik egingo, orduantxe agertu baitziren bola-jokoaren berri ematen zuten lehenengo agiriak. Batzuetan autore moralisten tratatuetan, joko duinak eta bekatura hurbiltzen zutenak bereizteko xedez eta beste batzuetan – kasurik gehienetan XVI. eta XVII. mendeetako agirietan- udal ordenantzetan, non baldintza jakin batzuetan bola-jokoan jolastea zigortu egiten zen, esate baterako bide publikoan  edo ordu jakin batetik aurrera edo jai-egun seinalatuetan jolastea. Debeku hauek mendetan egon ziren indarrean, bola-jokoaren arrakastaren seinale.

Bizkaian, Lekeitioko Udalak 1571n zenbait debeku eta ordenantza argitaratu zituen karta- eta bola-joko, jantzi, musika eta abarrekin lotuta.

XVI. mendean, Europan bola-jokoak berariazko ezaugarriak hartu omen zituen, hala nola: euskarridun bolaren erabilera; irristatzeko oholtzarra eta bederatzi bolo erabiliz jokatzeko ohitura. Bestetik, Espainian esku-barruko bola nagusitu zen – betiere ahaztu gabe modalitateak hainbeste direla-. Horrez gain, bola arinagoa erabiltzen hasi zen, airetik botaz zen irristatzeko oholik erabili gabe. Hala ere, Euskal Herrian ohikoa zen euskarridun bola erabiltzea modalitate gehienetan, hiru txirlokoan, arabarrean eta besteren batean izan ezik. Aranzadiren ustez, bola mota hau ohikoa zen Euskal herrian eta honen jatorria zelta zen.

XVII. mendean jatorri alemaniar eta holandardun europarrek Ameriketara eraman zuten bolo-jokoa. 1726an, “Primer Diccionario de Autoridades de la Real Academia de la Lengua Española” deritzon hiztegian bolo-jokoaren definizioa azaldu zen, gogora ekarriz palma-bola jokoak jatorri espainiarra duela.

Euskal Herrian ez dago gaiari buruzko agiri askorik, baina horietan nabarmenak dira bolo-jokoetan gertatutako liskarrak aipatzen dituztenak. Adibidez, 1622an Elgetan bolo-jokoen apustuekin lotuta, Domingo Zabaletak Joan Kongeta salatu zuen makil batekin eraso egin eta zauritu zuelako, 1790ean, berriz, Aranoko San Bizenteko apaiz bati hamabi errealeko isuna jarri zioten bolo-jokoetan apustuak egiten ikusi zutelako.

XIX- mendean, 1816an Frai Bartolomek Euskal Errijetako olgeta ta dantzeen neurrizko gatz-ozpinduba liburuaren 2. atalean bolatokiak (bola lekubak) aipatzen ditu, sasoiko joko eta aisialdiko tokiei buruz aritzen denean. 1847an, Juan Ignazio Iztuetak Gipuzkoako historia idatzi zuenean, olgeta eta kirol jardueren zerrenda egin zuen, bertan zirela pilota, palanka, bola-jokoa eta abar. Handik berrogeita hamar urtera Estanislao Jaime Labayru eta Goikoetxea apaizak Bizkaiko Jaurerriaren historia orokorra bildu zuen eta bertan hurrengo  hau idatzi zuen: “Bola-jokoaz ezer gutxi esango dugu oso ezagun eta zabaldua delako – beraz, argi eta garbi adierazten du jokoak zuen arrakasta, eta beharbada, haren nolabaiteko aurkako iritzia, kontuan hartuta abadea zela-. Bakar-bakarrik esango dugu desberdinak direla Enkarterrietako eta Bizkaiko gainontzeko eskualdeetako jokoak, hala bola kopuruan nola makil edo txirlo kopuruan”. Beharbada, aipu honetan ohol gaineko pasa-bolari buruz – hiru bolo eta bola txikiagoak- ari da, Enkarterrietan jokatzen zenari buruz alegia, eta munadun erremonte jokoari buruz ere bai – bederatzi bolo handi, txiki bat eta bola nahiko handiagoak -, garai hartan oso arrakastatsua omen zen eta.

José Arrue “Bola-jokoa” Ilustrazioaren iturria:: http://www.arteygrafia.com/l/POSTALES_VASCAS_DIBUJOS_DE_JOS%C3%89_ARRUE_/1983/

José Arrue “Bola-jokoa”
Ilustrazioaren iturria: http://www.arteygrafia.com/l/POSTALES_VASCAS_DIBUJOS_DE_JOS%C3%89_ARRUE_/1983/

XIX. mendeko azken hamarkadatan bola-jokoa mailarik gorenean egon zen Bizkaian. Horren lekuko da gaiari buruz udaletan dagoen dokumentazioa. Gehienetan bolatokiak eraikitzeko baimenak ziren, edo boloetan jokatzeko tokia zuten herriko tabernak errentan emateko baldintzak. Agiri-liburu hau XX. mende osoan zehar luzatzen da Gerra Zibilera arte. Aipatu beharra dago 1913ko uztailean El Diario de Euzkadin azaldu zen berria, non Barakaldoko Errekortu auzoan sortutako arazoak azaltzen diren. Hartan, auzokideek bolatokia desagertzeko arriskua ikusi zuten bertan etxe bat eraiki behar zutelako. Nabarmentzekoa da emakumeek protesta hartan izan zuten garrantzia, beraiek izan baitziren testu hau ekarri zuten manifestazio eta mobilizazioen buru. Anekdota moduan aipatu beharra dago XX. mende horren hasierako hamarkadetako euskal literaturan bola jokoaren arrakasta eta zabalkuntza islatzen dela, batez ere Bizkaiko idazle herrikoi eta ohitura zaleen obra batzuetan, adibidez Ebaristo Bustintza Kirikiño, Errose Bustintza Mañariku eta Tomas Agirre Barrensoro idazle gipuzkoarraren lanetan. Gero Gerra Zibilak eragin zuen katarsia etorri zitzaigun eta eguneroko bizitzako jarduera guztiak eten egin zituen. Gerraostekoa garai zail eta gogorra izan zen, artean, apenas zegoen olgetarako eta aisialdirako astirik. Gero, kirolen arloan batez ere futbolak garrantzi ikaragarria hartu zuen Bizkaia osoan hainbat talde sortuz, eta honek kalte egin zien gainontzeko kirol eta herri-joko guztiei, batez ere baserri-giroko kirolei. Hirurogeiko hamarkadan, Bizkaiak bizi izan zuen garapen ekonomiko eta sozialaren garaietan ordura arte gure artean ezezagunak eta arrotzak ziren modalitateak biltzen zituzten bolatokiak eraikitzen hasi ziren, Bizkaiko betiko bola-jokoari ñabardura berria emanez. Gero Herrialdeko Federazioa sortu eta antolatu zen, eta horrekin batera bola-klubak eta euren arteko norgehiagoka eta apustuak. Pasa-boloaren urterik sendoenak izan ziren, orduantxe egin baitziren Bizkaia eta Kantabriaren arteko desafio eta apustuak. Durangaldeko jokalarien artean munadun erremontearen jokoa antolatu eta sustatu zen, eta laurogeiko hamarkadan, Burgosko modalitatean espezializatu zen Basauriko Club Nervion bezalako klubak sortu ziren.

Gaur egun bola-jokoa XX. mendeko berrogeita hamar eta hirurogeiko hamarkadetan gertatu zen bultzada sozio-ekonomikoaren ondorioz indarra galdu zuen nekazaritza eta abeltzaintzako munduaren zantzua da, baserri-esparruko biztanle ugari garatze fasean zeuden hiri industrialetara joatea eragin zuena. Ikusi besterik ez dago zein diren bola-jokoan erabili diren material nagusiak, konturatzeko denak daudela baserri-giroarekin estu lotuta, non nekazaritza eta abeltzaintza ziren nagusi. Material hauen ordez ( buztina, zuhaitz jakin batzuetako zura, harria, lurra eta abar), beste material moderno eta eskuragarriago batzuk erabiliko dira, merkeagoak eta iraunkorragoak, batez ere garaien aldaketa eta beharretara egokitzen asmatu duten modalitateetan. Hau argi eta garbi ikusten da hiri-giroan integratzen joan diren modalitateetan, normalean modalitate arrotzak edo bertokoak izanda ere, jarduera maila altua izan dutenak, nahiz eta azken hauek salbuespena diren.

Hortaz, ikusten da baserri-munduaren gainbehera eta bola-jokoaren mailaz mailako galera aldi berean gertatu zirela. Bitxia da ikustea bertoko modalitateak hiri-guneetan galdu direla eta geratzen diren bolatokiak baserri-giroko guneetan daudela, ezkutuan, baseliza baten ondoan eta urteroko jai baten babespean. Honekin zerikusi handia dute bestelako faktore batzuek, hala nola, bola-joko modalitate bat sustatu dezakeen komunitate baten garapen sozialak eta barne-antolakuntzak, zeinek lortu duen bola-jokoa jaietarako jolas eta olgeta xume bat izatetik araupeko kirol-jarduera bat izatera pasatzea, aldikako txapelketa eta guzti. Azken batean, modalitate baten etorkizuna kirol federatua izatean dago, kirol dinamikoa, lizentzia ugari eta lehiaketa arina duena, hori lortu ezean, bola-jokoa itzaltzen joango da poliki-poliki urteen joan etorrian. Arestian esandakoaz gain, bola-jokoak beste oztopo handi bat du, ia modalitate guztietan azaltzen dena, belaunaldi berriek txanda hartzea, alegia. Bolo-jokalarien bataz besteko adina altua da eta bolatokietara hurbiltzen diren gazteen portzentajea oso baxua. Horren arrazoietako bat zera izan daiteke, gaur egun bola-jokoak duen joko minoritario izatearen estatusean dagoela, eta aipatu beharra dago estatus horretara jaitsi dela hedabideetan apenas duelako oihartzunik. Ondotxo dakigu kirol jakin bat telebistan azaltzen denean, kirol horren praktikak ikaragarri egiten duela gora, eta kirol asko dira horren adibide garbia.

Bola-modalitateen kokapena Ilustrazioaren iturria.: Juan José Zorilla López “Bola jokoa = El juego de bolos”

Bola-modalitateen kokapena
Ilustrazioaren iturria: Juan José Zorilla López “Bola jokoa = El juego de bolos”

Gaur egun bola-jokoari buruzko informazioa biltzea, antzina ia pilota bezain arrakastatsua izan zen baina gaur egun gure inguruan erabat minoritarioa den kirol bat ikertzea da. Azken mende erdian laurehun bolatokitik gora galdu dira, eta batez ere eten egin da ehunka urtetan belaunaldi batetik bestera igaro den transmisio kulturala. Bizkaiko bola-jokoaren egoerari buruzko zerrendan hamabost modalitate daudela ikusten da, kanpokoak zein bertokoak, eta gaur egun bola-jokoak Bizkaian duen egoeraren ikuspegia ematen digu, anitza, oso aberatsa eta askotarikoa baina egoera kezkagarrian dagoena. Jasotako hamabost modalitateak hurrengo hauek dira (bertan ez dira bowling eta kalba izeneko jokoak jasotzen):

  • Bola-joko arabarra edo Lautadakoa
  • Bermeoko bola-jokoa
  • Palma bola-jokoa
  • Burgoseko bola-jokoa
  • Katxete bola jokoa
  • Ea eskualdeko jokoa
  • Erremonte edo Aiarako bola-jokoa
  • Hiru oholekoa
  • Hiru txirlo arrunta
  • Leongo bola-jokoa
  • Munadun erremonte modalitatea edo Zornotza aldekoa
  • Oholtzarreko pasa-bolokoa
  • Olazabaleko bola-jokoa
  • Berrizeko hiru txirloak
  • Zeanuriko bola-jokoa
Jentilak Ilustrazioaren iturria: Daniel Castello “Euskal Herriko mitologia : jentilen aztarnen atzetik” lanatik aterata Fuente de la il.:http://www.euskonews.com/0686zbk/gaia68601eu.html

Jentilak
Ilustrazioaren iturria: Daniel Castello “Euskal Herriko mitologia : jentilen aztarnen atzetik” lanatik aterata
Ilustrazioaren iturria:http://www.euskonews.com/0686zbk/gaia68601eu.html

Azkenik, gure mitologian ere bola-jokoari buruzko aipuak agertzen dira, batez ere jentil-harriei buruz hitz egiten dugunean. Jentilak euskal mitologian azaltzen diren pertsonaiak dira, handi-handiak eta izugarri indartsuak. Harriak, berriz, handiak eta borobil-borobilak izaten dira. Elezahar eta ipuin guztietan jentilak azaltzen dira harriok lekutara botaz. Horrelako istorioak Bizkaiko hainbat tokitan agertzen dira, bai eta Euskal Herri osoan ere. Bizkaian aipagarria da Orozko eta Arakaldo arteko baserrietan elezahar berberaren bi bertsio kontatzen direla, Untzueta mendiaren hegaletan dauden harri esferikoen jatorria azaldu nahian.

Urdiola amildegian (Arrankudiaga), izen bereko mendi eta Arakaldoko gaztelukoaren artean (non gaztelu zahar baten hondakinak dauden, herriaren arabera, mairuena izan zena), bizpahiru harri borobil daude, bolatzarrak bezalakoak. Arrankudiagako herritarren arabera, antzina jentilek mendi batetik bestera bola-jokoan jarduten zuten baina bolek talka egin, eta amildegian behera erori ziren, eta ordutik bertan daude.

Untzueta mendiko magaletan bildutako harrizko jaurtigai edo bolañoak Ilustrazioaren iturria.: Juan José Zorilla López “Bola jokoa = El juego de bolos”

Untzueta mendiko magaletan bildutako harrizko jaurtigai edo bolañoak
Ilustrazioaren iturria: Juan José Zorilla López “Bola jokoa = El juego de bolos”

Untzueta mendiko magaletan bildutako harrizko jaurtigai edo bolañoak Ilustrazioaren iturria: José Zorilla López “Bola jokoa = El juego de bolos”

Untzueta mendiko magaletan bildutako harrizko jaurtigai edo bolañoak
Ilustrazioaren iturria: José Zorilla López “Bola jokoa = El juego de bolos”

Orozkon diotenez, jentilek pilotan jarduten zuten lauzpabost arrobako harri borobilekin, batzuk Untzueta mendian eta besteak Santamarinan jarrita.

(BARANDIARAN, Jose Miel. El mundo en la mente popular vasca. Zarautz 1960. Auñamendi bilduma, 12.zk,. 112-113 or.)

Azken mendeotan herriak bola-joko edo jentil harriak izeneko bola hauei buruzko elezaharrak sortu ditu, elkarrengandik urrun eta itxuraz haien artean loturarik ez duten harri lau eta ederto landu hauen jatorri eta kokapena azaltzeko. Egia esan, hare-harrizko bola hauek, berrogeita hamar kilo eta hogeita hamar zentimetroko diametrodunak (jokorako bolen tamaina eta forma bertsukoak) ez dira bolak, balak baizik, XIV. mendearen erdialdean Pedro I ankerraren tropa gaztelarrek erabili zituzten bolaño edo trabukoen jaurtigaiak (katapulten antzeko zerbait) dira, Untzueta mendiko tontorrean zegoen gaztelu-talaiaren aurkako setioa egiteko, Behe Erdi Aroan talaia horretatik kontrolatzen baitzen Nerbioi ibaitik zegoen Bizkaiko sarrera naturala. Handik aurrera elezaharrak sortu ziren,  herritarrek Untzueta mendian bola borobil-borobilak aurkitu zituztenean.

Oharra: Berri honetan dagoen informazioa Juan José Zorrilla Lópezen “Bola jokoa – El juego de bolos” lan bikainetik hartu da.

 Kabiezesko Liburutegia (A.Z.C.)

 

 

 

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s