Liburuaren Eguna ospatzeko opari eman genuen lamina arretaz begiratuta, non ikus zitekeen nolakoa zen Santurtzi XX.mendearen hasieran, harritzen du itsaskia nola jasotzen zen ikusteak, arraina ontzietatik nola jaisten zen eta haitzetan zeuden txalupak. Garai hartako olio-margolan batzuk aurkitu ditugu
Ignacio Ugarte margolari gipuzkoarrak eginak (1858-1914). Euretako bat pintatzeko, margolariak El Parque kaleko “Siglo XIX” lokala dagoen tokian ezarri zuen astoa. lan horretan, lehenengo mailan sardinera batzuk ikusten dira haitzen ondoko txalupetatik arraina deskargatzen. Atzeko aldean San Jorge eliza dago eta “Café del Parque” izenaz ezaguna zen etxe zaharra, non gaur egun Liburutegi Nagusia dagoen, aldagelak ere bertan ikus daitezke.
Ugarte euskal margolarietan lehenetakoa izan zen arte-lanetara ohitura-eszenak ekartzen, bertan erakutsiz herritar apalen bizimodua, batez ere arrantzale eta nekazariena, gerora Zubiaurrek, Tellaetxek, Salaberriak, Artetak eta abarrek jorratuko zuten bidea zabalduz.
Aipatutakoez gain, paisaia- eta itsas-margoak ere landu zituen eta erretratugile eta dekorazio-margolari bikaintzat jotzen da. Inoiz Donostiako Victoria Eugenia antzokian egon bazarete, ziur ikusi dituzuela sabaiko gangan dauden freskoak. Berak margotu zituen 1912an.
Berak egindako bederatzi arte-lan bildu ditugu, Santurtzi eta santurtziarrak lelopean eginak, bai eta berton pintatutako bere familiaren zenbait erretratu ere, eta Pinterest sare sozialera igo ditugu, horiei buruzko hainbat iruzkinekin batera.
Eta jakina, jakin nahi izango duzue zergatik aritu zen donostiar bat Santurtzi behin eta berriro margotzen. Bada, maitasunak ekarri zuen hona, lehenengo neskalagun eta gero emazte izan zuen Margarita Pagazartunduarekiko maitasunak hain zuzen, zeinen abizena berehala ezagutuko dugun.
Gure herrian izandako ezkontza eta egonaldia, biak ala biak ezin interesgarriagoak dira.
Liburutegi Nagusia (E.B.C.)